Asteon zientzia begi-bistan #374

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

mikroplastikoak

Ingurumena

Pirinioetan ere airean mikroplastikoak daudela baieztatu du zientzialari talde batek. Pic du Midi de Bigorre mendiaren gailurrean dagoen behatoki astronomiko eta meteorologikoan egin zuten azterketa, 2017ko udan, ekainaren 23tik urriaren 23ra. Datuak Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Emaitzen arabera, 0,09 eta 0,66 mikroplastiko partikula artean topatu dituzte metro kubo bakoitzeko. Kontzentrazio handiagoak atzematen dira beste leku askotan noski, baina datuek erakusten dute mikroplastikoak libre barreiatzeko gaitasun handia dutela. Ikertzaileek uste dutenez, gailurretan topaturiko mikroplastikoak ozeano Atlantikotik, Afrikatik eta Ipar Amerikatik datoz. Edu Lartzangurenek azaldu du Berrian: Amaitu da aire garbia Pirinioetan.

Biologia

ICES Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren arabera, 2022rako antxoa kuota aurtengoaren berbera izatea komeni da. Erakunde horrek eginiko azterketetan oinarrituta erabakitzen du Europako Batzordeak arrain espezie bakoitzeko ze proportzio arrantzatu daiteken; Antxoaren kasuan, 33.000 tonako kuota jarri zuen iaz Kantauri itsasorako eta Bizkaiko golkorako eta, dirudienez, kuota berari eutsiko dio aurten ere. Kopuru hori da, hain zuzen ere, eremu horretarako arrantzatu daiteken gehienekoa. Azalpen guztiak Berrian: Antxoaren kuotari eustea gomendatu dute txosten zientifikoan. Honen harira, Zientzia Kaieran antxoaren biomasan eragiten duten faktoreen azterketa irakur daiteke. Antxoa europarra mundu mailako hirugarren espezie arrantzatuena da, eta haien populazioaren egoera kontutan izatea garrantzitsua da populazioen biziraupena bermatzeko. Populazioaren dinamikarako erreklutamendua garrantzitsua da, hau da, urtero helduen taldera gehitzen diren indibiduo kopurua. Prozesu honetan antxoaren elikadurak du garrantzi handia, zooplanktonaren eskuragarritasunak, hain zuzen. Harraparitzak, arrantzak eta gaixotasunek ere eragin nabaria dute antxoaren biomasan.

Genetika

Neolitoko familia zabal baten bost belaunaldi identifikatu dituzte Ingalaterra hego-mendebaldean, hobiratutako gizakien DNA aztertuta. Guztira, familia bereko 27 senide biologiko identifikatu dituzte, duela 5.700 urte inguru bizi izan zirenak. Iñigo Olalde EHUko ikertzaileak parte hartu du aurkikuntzan eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Zuhaitz genealogikoaren burua gizon bat da, eta gizon honek lau emakumerekin izan zituen seme-alabak. Ikerketak, zuhaitz genealogikoa osatzeaz gain, senidetasunak hildakoak ehorzteko orduan zuen garrantzia erakutsi du. Ikusi dutenez, aita-lerroak ematen zuen bertan hobiratzeko eskubidea eta komunitateko emakumeak, ugaltzeko adina zutenean, beste komunitate batzuetara joaten ziren, beste komunitate batzuetako gizonekin ugaltzera. Hau da, emakumeen exogamia praktikatzen zuten eta beraz, emakume horiek beste komunitate horietako gizonekin hobiratzen zituzten. Berri hau Alean irakur daiteke, eta baita Berriako “Zuhaitz genealogiko zaharrena” eta “Zuhaitz genealogiko zaharrena osatu dute” artikuluetan.

Genetika helburu askorekin erabil daiteke gaur egun, baina bereziki eragin handia du osasun-arloan erabiltzen den genetikak. Badakigu gaixotasun batzuetan ehunaka gene-aldaerek eragiten dutela. Horregatik, pertsona batek dituen gene-aldaerak kontuan hartuta, gaixotasun jakin bat izateko arriskua kalkula daiteke. Kalkulu horri arrisku poligenikoaren balioa –ingelesez, polygenic risk score– esaten zaio. Argi dago informazio hori jakiteak onura asko ekar ditzakeela, baina baditu bere arriskuak ere. Alde batetik, gene-informazioa soilik erabiltzeak positibo faltsuen eragina handitzen du, hau da, pertsona bat arrisku handikoa bezala sailkatzea halakoa ez denean. Bestetik, pazienteari informazioa ondo helarazten ez jakitea ere arriskutsua izan daiteke, balio horren ziurgabetasuna eta informazio hori gomendio egokiekin batera ez badoa. Koldo Garciak azaltzen du Zientzia Kaieran: Gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzen.

Osasuna

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, osasuna ez da gaixotasunik edo minik ez izatea soilik, erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera bat baizik, eta ariketa fisikoak garrantzia du ongizate honetan. Erakunde honek argitu duenez, jarduera fisiko erregular eta konstanteak bizi zikloaren etapa guztietan ditu eragin positiboak, baita zahartzaroan ere. Honen harira, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko AgeingOn ikertaldea adinekoen hauskortasunari aurre egiteko hainbat tresna eta estrategia garatzen dihardu. Tresna hauetako bat, egoitzetan adinekoei zuzendutako ariketa fisiko indibidual eta progresiboko programa berri bat diseinatzea izan zen. Ikusi zutenez, programa honetan parte hartu zuten pertsonek gaitasun funtzionala hobetzea lortu zuten, maila fisikoan eta baita kognitiboan ere; eta are garrantzitsuagoa dena, beren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu zituzten. Maria Larumbek azaltzen du Zientzia Kaieran: Osasuntsu zahartzea, ariketa fisikoari esker.

Astronomia

Aste honetan Elhuyar aldizkarian, Berrian 2021eko abenduan argitaratutako artikulu bat berreskuratu du Ana Galarragak, Maitasun-uhinak eta tardigradoak estralurtarrentzat. 1977an jaurtitako bi zunda, Voyager zundak, espaziotik bidaiatzen dabiltza, estralurtarrak topatzeko helburuarekin eta, topatuz gero, haiekin komunikatzeko intentzioarekin. Zunda hauetako bakoitzaren barnean Lurrari eta lurtarroi buruzko informazio esanguratsua sartu zuten, kobrezko disko urreztatu banatan. Lurreko bizidunen dibertsitate biologikoa eta kulturala erakusteko asmoz, besteak beste, 118 argazki eta 90 minutuko audio bat sartu zituzten, soinu natural eta artifizialekin, garai eta kultura desberdinetako musikarekin, agurrak 55 hizkuntzatan, eta baleen hizkuntzaren lagin bat. Orain, egitasmo bat dago tardigradoak ere izarrarteko espaziora bidaltzeko.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, James Webb espazio-teleskopioa (JWST) prest dago espaziora joateko. Teleskopio honen helburua sortu ziren lehen izarrak eta galaxiak hautematea izango da. Bere lana ongi betetzeko ordea, lehenik, jaurti, eta gero, bere lekura onik iritsi beharko du. Pausu kritikoena, hala ere, ezkutu termikoa edo parasola zabaltzea izango da. Horrek teleskopioa Eguzkiaren argitik eta erradiaziotik babestuko du; parasolaren kanpoaldea 85 ºC-tan egongo den bitartean, barrukoa -233 ºC-tan egongo da. Izan ere, Webb infragorri-teleskopio bat da, eta objektu oso hotzak hautemango ditu. Beraz, beroarekiko oso sentikorra da. Jaurti eta seigarren hilabetera hasiko da lan zientifikoarekin.

Soziologia

Faktore fisiologiez gain, faktore sozialek ere eragiten dute emakumeek bularra emateari goizegi uztea. Early Human Development aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, faktore sozialak dira edoskitze luzeak gehien eragozten dituzten faktoreak. Faktore esanguratsu bat, adibidez, jendaurrean bularra ematen deseroso sentitzea da, eta baita jaioberriei txupetea ematea ere. Bestalde, edoskitze luzeak atzerritarra izatearekin, haurrak amaren ohean lo egitearekin eta amak ikasketa-maila altua izatearekin erlazionatu dira. Ikertzaileek adierazi dute funtsezkoa dela gizarte guztietan amagandiko edoskitzea sustatzea eta baita baldintzapen sozialak murrizteko urratsak ematea ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Juanma Gallegok erritualek pertsonengan duten eraginaren inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Erritualak aldez aurretik definitutako jardueren errepikapenak dira, sinbolismo handiagoa duen zerbaiten parte direnak. Erritualek antolaketa behar dute, bai eta denbora, esfortzua, eta askotariko baliabideak. Izaera honegatik, beraz, erritualak egiteko prest dauden pertsonen artean atxikimendua sortzen da, eta kanpoan uzten ditu atxikimendu hori erakusteko gai ez direnak. Gai honen inguruko berrikuspen artikulu bat argitaratu da Current Opinion in Psychology aldizkarian, eta bertan azaldu dutenez, erritualek pertsonek taldearekiko duten konpromisoa indartzeaz aparte, ondorio psikologikoak ere badituzte.

Teknologia

Aste honetan Zientzia Kaieran, Mirari Antxustegiri egin diote elkarrizketa. Mirari Antxustegi UPV/EHUko BioRP Biobirfindegietako Prozesuen taldeko kidea da hondakinen berrerabilpenari buruz ikertzen du. Nekazaritza-, basogintza- edo industria-prozesuetako hondakin asko lignozelulosaz osatuta daude eta osagai hau munduko iturri organikorik merkeena, ugariena eta berriztagarriena da. Horregatik, erregaiak, energia eta produktu kimikoak ekoizten dira hondakin biomasatik abiatuta biobirfindegi prozesuen bidez. UPV/EHUko BioRP Biobirfindegietako Prozesuen taldean prozesu termokimikoak erabiltzen dituzte, batez ere, hauek jasangarriagoak izateko helburuarekin.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..