Asteon zientzia begi-bistan #378

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

izurdea

Medikuntza

Itxaso Martik neurologia ikasi zuen garunak eragiten zion lilurak bultzatuta, eta neuropediatrian espezializatu zen geroago Parisen. Hortik bueltan, ordea, neuropediatra gisa lana topatzen saiatu zen, baina konturatu zen ospitale publikoetan ez zela posible. Donostia Ospitalean lan egiten du egun, eta azaltzen duenez, umeekin lana eginez sentitzen du egiten zuen guztiak eragin ona izango zuela umearen bizitzan. Bere kontsultako esperientziez jardun da Itxaso, baita gaixotasun arraro edo kronikoak dituzten umeekin lana egiteak dituen gorabeheren inguruan ere. Datu guztiak Berrian: «Espero dut orain sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen ikustea».

Aste honetan Zientzia Kaieran, Germaine Benoit frantziar emakumeak zientzian egin zituen ekarpenak azaldu dituzte. Bernoit gaixotasun infekziosoen aurkako sendagaiak sintetizatu zituen ingeniari kimikoa izan zen. Ikasketak amaitu ondoren, 1924ko ekainean, Pasteur Institutuan sartu zen Ernest Fourneau kimikari eta farmazeutikoak zuzendutako kimika terapeutikoko laborategian laguntzaile gisa. Germainek malariaren eta loaren gaixotasunaren sintometan eragiteko aukera ematen duten molekulak identifikatu zituen, eta baita paludismoaren tratamendu gisa erabili ziren bi droga ere, orsanina eta errodokina, hain zuzen. Hamar urte geroago, 1934an, Medikuntza Akademiaren Louis Saria jaso zuen farmako sinpatikomimetikoei buruzko ikerketagatik, eta 1957an Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria.

Osasuna

Covid-19ari aurre egiteko, indartze-dosia orokortzearen inguruan hainbat zalantza agertu dira. Bere garaian, administrazioek adin nagusikoei eta immunoeskasiak zituztenei hirugarren dosia ematea erabaki zuten, ebidentzia zientifikoek erakutsi baitzuten, bigarren dosia jaso eta sei hilabetetara, asko jaisten zela antigorputzen bidezko babesa. Erabaki ona izan zela ikusi ahal izan dugu, omicron aldaera hedatu ahala, ospitaleratze- eta heriotza-tasak txikiagoak izan baitira indartze-dosia jaso dutenen artean. Alabaina, adituen artean eztabaida dago 18 urtetik gorako guztiek behar ote duten indartze-dosia, azaldu dutenez, antigorputzen bidezko immunitatea denborarekin jaisten bada ere, immunitate zelularrak denboran iraun egiten baitu. Larruazaleko testak eta azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.

Geologia

Aurreko larunbatean Pazifikoaren erdian Tonga sumendia lehertu zen, eta gertakizun ikusgarri bat bada ere, ondorio latzak ekarri ditu. Ondorio ikusgarrienetako bat irla bera desagertzea izan da, zazpi urte soilik zituen irla. Baina eragin lokalaz aparte, sumendiaren erupzioak tsunami bat hedatu zuen Pazifikoan, eta olatuek Australia, Zeelanda Berria, Japonia eta Amerikako kosta jo zuten. Gainera, leherketak eragindako presio-uhina atmosferatik mundu osora zabaldu zen. Itsasoan ere mundu osoan nabaritu zen Tongaren leherketak sortutako presioaren eragina. Mediterraneoan, adibidez, metro erdiko igoera sumatu zen itsas mailan tarte batez. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Mundu osoan nabaritu da Tonga sumendiaren erupzioaren eragina.

Fermin Alvarez Agoues itsas inguruneetan espezializatutako geologoa da. Gaur egun, Dublingo Trinity College Unibertsitatean dago doktoretza egiten, azken mendeetan zehar eman diren itsas mailaren aldaketak aztertuz, egun ematen ari den itsas mailaren igoera ulertzeko. Itsas mailaren aldaketa ez da uniformea, hau da, ez da mundu osoan berdin aldatzen. Tamalez, itsas mailaren neurketen erregistroa mugatua da denboran, eta apenas ditugu 1950. urtea baino lehenagoko neurketak. Horregatik, Fermin eta bere lankideek paduretako sedimentuak aztertzen dituzte. Padurak energia baxuko kostaldeko inguruneak dira, eta itsas mailaren igoerarekin batera, sedimentuak erritmo berean metatzen doaz. Honela, paduretan lurperatutako sedimentuak itsas mailaren aldaketen erregistro modura erabil daitezke. Oraindik emaitzak ateratzeko goiz dela dio, baina Irlanda hegoaldeko kostaldean, adibidez, emaitzek itsas mailaren igoeraren azelerazio bat erakusten dutela azaldu du Unibertsitatea.net atarian.

Genetika

Jose Antonio Lorente Granadako Unibertsitateko Auzitegi Medikuntzako katedradunak zuzentzen du Kristobal Koloni buruzko ikerketa bat. Senideen hezurretako DNA aztertzen eta alderatzen ari da lantaldearekin. 2003an Kolonen eta Hernando semearen gorpuzkiak atera zituzten Sevillako katedraletik, eta hezur zati txiki batzuk kendu eta gorde zituzten. Hezurrak aspalditik eskuragarri bazituzten ere, azterketa genetikoak egiteko teknologia aurreratuak izan arte itxaron behar izan dute, hezur-material gehiegi ez erabiltzeko. Hala ere, berez iazko urriaren 12an aurkeztu behar zituzten emaitzak, Kolon Amerikara iritsi zen egunaren urteurrenean, baina, hiru hilabete pasatu diren honetan, ez dago ikerketaren emaitzarik. Badituzte ordea Kolonen jatorrirako herrialde hautagai batzuk. Datuak Berrian: Kolonen hatza, zientziari begira.

Lo egitea unibertsala eta funtsezkoa da nerbio-sistema duten organismo guztietan, eta badakigu hainbat onura ekartzen dizkiola gorputzari. Egunean zehar, gure zeluletako DNA kaltetu egiten da. Kalteak, besteak beste, argi ultramoreak, erradiazioak, oxidazio-estresak edo entzimen akatsek eragiten dituzte. DNAko kalte hauek gure zelulen makinariak zuzentzen ditu gu esna nahiz lotan egon, baina neuronen DNAko kalteek metatzen jarraitzen dute lo egin ezean. Hala ere, ez dago argi nola jakiten duen gorputzak lo egin behar duela. Artikulu berri batean ordea, frogatu ahal izan dute Danio rerio arrainean Parp1 genearen aktibitateak adierazten duela noiz eta zenbat egin behar duen lo arrain horrek. Koldo Garciak azaltzen du Zientzia Kaieran: Ez zara logura, DNA kaltetuta duzu.

Biologia

Aurreko astean berri izan zen David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Marylandeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako mediku talde batek egin zion transplantea eta mugarria izan da gisa honetako kirurgietan. Funtsean, esperimentu bat izan da, Bennettek txerri bihotzarekin jarraitzen duen egun bakoitzean, informazio pila bat jasotzen baitute medikuek, bai haren immunitate sistemaren erantzunaz, bai bihotzaren funtzionamenduaz. Txerriaren bihotza genetikoki eraldatuta dago: alde batetik, giza immunitate sistemaren erasoa eragiten duten hiru gene kendu dizkiote, eta bestetik, sei giza gene gehitu dizkiote, giza gorputzari organo arrotza onartzen laguntzeko. Hala ere, salbuespen egoera batean egindako transplantea izan da eta ez dakite txerri bihotzak zenbat denboraz funtzionatuko duen. Oraingoz, transplanteen errefus hiperakutua saihestu dute, eta gutxienez erakutsi dute txerrien bihotz transplantea behin-behineko irtenbidea izan daitekeela zenbait kasutan. Azalpen guztiak Berrian: Gizakiak, txerri organoak amets.

Anfibio gehienek urarekin menpekotasun handia dute eta euren larruazala iragazkorra da oso. Izan ere, larruazala iragazkorra izatea behar dute, arnas elkartrukearen parte bat bertatik egiten baitute. Baina honekin ere badaude salbuespenak kontu honi dagokionez. Phyllomedusa sauvagii izeneko igel hegoamerikarrak, esaterako, bere gorputz-tamainagatik galdu beharko lukeen uraren %1-2 bakarrik galtzen du. Igel honek berak ekoiztutako “olio” berezia erabiltzen du bere larruazala iragazgaitz bihurtzeko eta horrela ur gutxiago galtzeko. Hala ere, honek larruazalaren bidezko arnasketa prozesua oztopatzen du, eta ondorioz espezie honek biriketatik arnastu behar du batez ere. Datuak Zientzia Kaieran: Igel iragazgaitzak.

Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu duenez, gorilen eta txinpantzeen arteko liskarrak behatu dituzte aurrenekoz. 2019an ikusi zen portaera hau lehen aldiz, Gabongo Loango parke naturalean. Bi espezie horiek lurraldea partekatzen dute parkearen barnean eta normalean ez dute aparteko arazorik izaten. Are gehiago, ikertzaileek diotenez, bi espezietako kideen arteko jolasak ere behatu dituzte aurretik. Alabaina, Scientific Reports aldizkarian jasotako ikerketan erakutsi dutenez, hogei bat txinpantzek bost gorilari eraso egin zieten 2019an. 52 minutu iraun zituen borrokaren ondorioz, txinpantzeek gorila kume bat harrapatu, kolpatu eta hil egin zuten. Onartu dute oraindik ez dutela garbi zergatik gertatu talka hori, baina argi dute ez dela ohiko harrapakaritza baten modukoa izan.

Muskuiluak asko erabiltzen dira gaur egun ingurumen-kutsaduraren begirale gisa, hau da biomonitore gisa. Animalia hauen ezaugarri biologiko eta ekologikoengatik, bereziki erabilgarriak dira zeregin honetarako. Izan ere, jarduera metaboliko baxua duten animalia sesil iragazleak dira eta, ezaugarri hauek izanik, ehunetan dituzten poluitzaileen kontzentrazioek kutsaduraren magnitudea zehaztasunez isla dezakete. Gainera, oso hedatuta daude munduan zehar eta ikuspegi ekonomikotik ere oso garrantzitsuak dira muskuiluak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Muskuiluen erantzun biologikoak kutsadurari aurre egiteko.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, izurdeen eta emakumeen klitoriak antzekoak dira, anatomikoki zein funtzionalki. Ikerketa honen emaitzak Current biology aldizkarian argitaratu dituzte eta Patricia L.R. Brenan ikertzaileak azaldu duenez, ernalketa-sasoitik kanpo kopulatzen duten espezieetan, jarduera atsegingarria izaten da emeentzat. Orain ikusi ahal izan dute izurdeen klitoriak emakumeenaren antzeko sentimen-egitura eta funtzionala dituela eta, beraz, izurde emeek plazera sentituko dutela kopulatzean eta masturbatzean.

Teknologia

Energia nuklearra inbertsio jasangarrien zerrendan sartzea proposatu du EBk. Proposamen hau, ordea, ez da ebidentzia zientifikotik etorri, finantza-jarduerarako aproposa delako baizik. Honek eztabaida handia piztu du, baina interes ekonomiko handidunak ez dira nuklearraren alde dauden bakarrak. Profesional eta gazteen artean ere aldekoak daude. Istripu nuklearren arriskuaren gaineko ikerketa oparoa da, beste hainbat sektoreetako arriskuenaren parekoa. Bestalde, hondakinentzako ez da ezagutzen irtenbide iraunkorrik. Baina alternatibek ere badituzte beraien arazoak: Panel fotovoltaikoek lur arraroak eta inpaktua duten beste materialak behar dituzte eta parke eolikoen kokapena ez ohi da erraza, besteak beste. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Nuklear iraunkorra.

Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, bada garaia makinek ere aintzat har dezaten giza dibertsitatea eta inklusioa. Science aldizkarian salatu dute hauxe Purdue Unibertsitateko (AEB) hainbat ikertzailek. Teknologia berriak eta interfazeak diseinatzerakoan, ikertzaileen aurreiritzi eta akats berak errepikatzen dituzte interfazeek, honela diseinatu baitituzte. Gehienetan, maila sozioekonomiko altuko herritar zuriak baliatzen dituzte ikertzaileek interfazeak garatzeko prozesuan, eta, ondorioz, giza-talde asko teknologia horietatik kanpo geratzen dira. Praktikan, arazo asko sor ditzake honek, besteak beste, azaleko gaixotasunak identifikatzeko interfazeak azal zuriko pertsonekin entrenatzen direnez, diagnostiko-akats handiak egiten dituzte larruazal ilunetan. Horregatik hegemonia kulturalari aurre egiteko gai diren zientzialariak behar dituztela nabarmendu dute.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..