1969ko azaroaren 19an, CSS Hudson itsasontzia Halifax-eko (Eskozia Berria) portutik itsasoratu zen. Itsasontzi hau hainbat itsas zientzialariren etxe eta garraiobide izango zen aste batzuetarako; izan ere, CSS Hudson-ek Amerika kontinentea guztiz inguratu behar zuen historian lehen aldiz. Planktonak liluratzen zuen zientzialari bat zihoan ontzi honetan, Kanadako Bedford Ozeanografia Institutuko Ray Sheldon itsas ekologoa. Zientzialari hau ozeanoan zeharreko bidaia hartaz baliatu nahi zen itsas organismo mikroskopiko hauen ozeano zabaleko banaketa ezagutzeko.
CSS Hudson itsasontzia Hornos Lurmuturrera iritsi eta Ozeano Baretik iparralderantz bidaiatuko zuten, azkenik Ipar-mendebaldeko Pasaia izoztua zeharkatu eta berriro Halifaxen amaitzeko. Laurogei bat estazio ezberdinetan gelditu zen itsasontzia bidaian zehar, lehenik Ozeano Atlantikoan behera eta, ondoren, Ozeano Barean gor. Horietako bakoitzetik Sheldon eta bere lankideek plankton laginak hartu zituzten, itsasontziko laborategian aztertzeko.
Datu horiekin, ozeanoko bizitzak lege matematiko sinple bat jarraitzen zuela jabetu ziren: organismo baten ugaritasuna estuki erlazionatuta dago bere gorputz-tamainarekin. Beste modu batera esanda, organismoa zenbat eta txikiagoa izan, ugaritasun handiagoz aurkitu daiteke itsaso zabalean. Esaterako, krilla (itsas krustazeo txiki bat), hegaluze bat baino 100.000 aldiz txikiagoa denez, lehena 100.000 aldiz ugariagoa da itsas uretan bigarrenarekin alderatuz gero.
Era berean, Sheldonek eta bere lankideek plankton laginak organismoen gorputz-tamainaren arabera antolatu zituzten, eta lege hori modu harrigarri batean betetzen zela ikusi zuten. Txikienetatik hasita (1-10 mikrometro arteko organismo planktonikoak), multzo bakoitzean 10 aldiz organismo handiagoak sartuz joan ziren (10-100 mikrometro arteko organismoak ondoren etab.) Banatutako multzo bakoitzak guztira organismo-masa berdin-berdina zuen, hau da, multzo guztiek berdin pisatzen zuten, baina plankton txikieneko multzoak bigarren multzoak baino hamar aldiz indibiduo gutxiago zituen, bigarren taldeko organismoen ugaritasuna hurrengo taldekoenaren hamarrena zen, eta abar.
Sheldon ekologoak lege honek itsas bizitza osoa gidatu zezakeela pentsatu zuen, bakterio txikienetik balea urdin handienera. Baieztapen hau egia zela frogatu zen eta orain Sheldonen lege edo Sheldonen espektro izenaz ezagutzen da. Espektro hau planktonean eta arrainetan betetzen dela baieztatu da, baita ur gezako ekosistemetan ere. Gaur egun, ordea, ozeanoko bizitzaren proportzioa mantentzen duen legea apurtu dela dirudi. Eric Galbraith-ek, Montrealgo McGill Unibertsitateko lur zientzietako ikertzaileak, aurrera eraman du Sheldonek eta bere taldeak eginiko lana. Azaroan Science Advances aldizkarian argitaratu zuen bere ikerketa eta ez ditu emaitza oso baikorrak eskaini.
Sheldonen espektroa oraindik betetzen ote zen ikusteko, Galbraithek eta bere taldeak planktonaren ugaritasun-datuak jaso zituzten sateliteko irudiak eta ozeanoko laginak batuta, arrainen ugaritasuna iragartzen zuten modelo matematikoak sortu zituzten eta itsas ugaztunen populazioen estima egin zuten IUCNko datuak erabiliz (International Union for Conservation of Nature, ingeleseko sigletatik). Osotasunean, ikerketa-talde horrek mundu-mailako 12 itsas organismo-taldeen ugaritasunen estima bat lortu zuen, bakterioetatik hasi eta itsasoko ugaztunetara arte. Behin gaur egungo ozeanoen egoeraren inguruko informazioa eskuratuta, arrantza industrialaren eta balea-arrantzaren aurretiko ozeanoen egoera ezagutu nahi izan zuten, ondoren biak konparatu ahal izateko. Horretarako, 1850 urtearen aurretiko arrain eta itsas ugaztunen ugaritasuna estimatu zuten. Kalkuluak sinplifikatzeko, ikertzaileek onartu zuten bakterio, plankton eta arrain txikienen populazioak gaur egungoen antzekoak zirela.
50 aurretiko datuak ikusirik, Galbraithen taldeak baieztatu zuen urte horretara arte Sheldonen espektroa oro har betetzen zela. Gaur egungo ereduekin alderatzean, alabaina, ondorioa bestelakoa zen. Ereduek adierazten zutenez, itsas ugaztun guztien eta 10 gramo baino handiagoko gorputz-masa duten arrainen biomasa 200.000 tona metriko murriztu da 1800 urtetik hona. Zaila da datu horiek irudikatzea. Gorputz handienak dituzten itsas organismoen biomasa % 90 murriztu da orotara 1800 urtetik. Duela 200 urte ozeanoa betetzen zuten arrain handi eta ugaztun gehienak galdu egin dira.
Egoera horretara ekarri gaituen arazoetako bat arrantza masiboa da. Askotan, arrantza- industriak itu oso zehatz bat du: arrain handi, gizen, heldu, eme eta ugalkorra. Horien gorputz haragitsuak oso erakargarriak dira kontsumitzaileentzat eta, beraz, baita arrantzaleentzat ere. Aldi berean, indibiduo hauek, hain zuzen, helburu oso garrantzitsua dute arrain populazioetan, ondorengoak sortuko dituztenak baitira. Hauek sistematik kentzeak hankaz gora jartzen du Sheldonen legea. Noski, gehiegizko arrantza ez da itsas animalien populazioek duten erronka bakarra. Etorkizunean bost gradu zentigraduko tenperatura-igoera pairatuko bagenu (kalkulatu den egoera ezkorrena), bero gehiegi egingo luke arrainen % 50en biziraupena bermatzeko. Gehiegizko arrantzak, ordea, itsas organismoak hain ahul dauden kasu batean, areago ahulduko lituzke populazioak.
Hala ere, arrain-espezie batzuk populazio-murrizpena laster iraultzeko ahalmena dute eta ezinbesteko ezaugarria izan liteke hau etorkizuneko populazioen biziraupena bermatzeko. “Errazagoa da gehiegizko arrantza gelditzea klima-aldaketa baino” dio Galbraithek: “Egoera hau lehengoratzeko modu bat arrantza-industriaren jardun jasangarria bultzatzea da, tamaina ertaineko indibiduoak arrantza ditzan eta, honela, helduek populazioak berritu eta suspertu ditzaten”.
Erreferentzia bibliografikoak:
Sheldon, R. W., Prakash, A., & Sutcliffe, W. H. (1972). The size distribution of particles in the ocean. Limnology and Oceanography, 17 (3), 327- 340. DOI: https://doi.org/10.4319/lo.1972.17.3.0327
Hatton, Ian A., Heneghan, Ryan F., Bar-On, Yinon M., Galbraith, Eric D. (2021). The global ocean size spectrum from bacteria to whales. Science Advances, 7 (46), eabh3732. DOI: 10.1126/sciadv.abh3732
Reynolds, M. (2021). Humans Have Broken a Fundamental Law of the Ocean. Wired.com, 2021eko azaroaren 23a.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
1 iruzkina
[…] Ray Sheldon itsas ekologoa 1969an, Halifax-eko portutik atera zen CSS Hudson itsasontzian. Planktona ikertzen zuen garai hartan Sheldonek, eta bidaia ozeanografiko horretan, itsas ekologiako lege garrantzitsuenetako bat deskubritu zuen. Hain zuzen ere, Sheldon itsas ekologoa ohartu zen ozeanoko bizitzak […]