Asteon zientzia begi-bistan #382

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

maskaren degradazioa

Osasuna

West eta BioRes ikerketa-taldeek zinta metriko berezi bat garatu dute, adingabeen gutxi gorabeherako pisua jakiteko aukera ematen duena. Gorka Vallejo ikerketa-taldean parten hartzen duen erizaina da, eta bere esanetan, pisua jakitea oso garrantzitsua izan daiteke egoera batzuetan, besteak beste, sendagaien edo zain barneko fluidoen dosia kalkulatu ahal izateko, eta baita larrialdi pediatrikoetan zer neurriko materialak erabili behar diren jakiteko ere. Bilbo 2019 Zinta izena jarri diote asmakuntzari, eta koloreen arabera antolatu dituzte neurri ezberdinak. Honek, pazientearen pisurako egokiak diren sendagaiak edo tresnak azkar eskuratzea ahalbidetuko du. Zintaren diseinu-industriala Patente eta Marken Espainiako Bulegoan erregistratu dute, eta zinta Elite Bags enpresak salgai ipini du jadanik. Unai Etxenausiak azaltzen du Berrian: Zinta metriko bat larrialdietarako.

Hegoafrikako ikertzaileek iragarri zuten COVID-19aren kontrako Modernaren txertoaren kopia egitea lortu zutela, Osasunaren Mundu Erakundearen babesarekin. British Medical Journal medikuntza-aldizkari espezializatuan salatu dute Biontech farmazia-konpainia egitasmo hori oztopatu nahian dabilela. Hegoafrikako bi laborategi daude egitasmo horretan: Afrigen eta Biovac. Hasiera batean, Modernaren txerto osoa (mRNA eta injektatzeko gainerako formulazioa) lortzea zen ikertzaile hegoafrikarren helburua, baina orain, formulazio desberdinak probatu nahi dituzte, txerto merkeagoak eta hainbesteko hotza behar ez dutenak lortzeko. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian: Afrikak COVID-19aren bere txertoa egitea oztopatu nahi du farmazia-industriak.

Maria Blasco biologo molekularra da eta minbizia ikerlerro duen CNIO zentroko zuzendaria da. Berriako Arantxa Iraola kazetariak hitz egin du ikertzailearekin Minbiziaren Nazioarteko Eguna aitzaki hartuta, gaitzari erreparatzeko. Minbizia da herrialde garatuetan gaixotasunek eragindako heriotzen bigarren kausa eta gure gorputzeko zelulen zahartzaroarekin lotuta dago, neurri handi batean. Baina baita ere gizakion zahartzaroarekin. Blascoren esanetan: “Minbizia izateko arrisku faktorerik handiena adina da, urteak betetzea. Horrez gain, kanpoko hainbat faktorek ere bizkortu dezakete prozesua: tabakoaren keak, kutsadurak… Beraz, zoriak eragina du minbizian, baina probabilitateak handitu egiten dira zaharragoa bazara eta kaltea egiten duten bizi ohiturak badituzu.”

Ingurumena

Aste honetan, Zientzia Kaierako “Zientzialari” atalean, Idoia Biurrun UPV/EHUko Landarediaren Aniztasuna eta Ekologia IKERLAND taldeko ikertzailearekin bildu dira. Ikerketa-talde honek landare-komunitateak aztertzen ditu, hau da, landare elkarketak. Biurrunek azaldu duenez, landare-komunitate baten barnean antzeko eskakizun ekologikoak dituzten landareak aurki daitezke, hau da, klima eta ingurune baldintza berdinetara moldatuta dauden landareak. Honen harira, IKERLAND taldeak fitosoziologia metodologia erabiltzen du komunitate ezberdin hauek osatzen dituzten espezieak hobeto ezagutzeko. Sailkapena antzekotasun folistikoak kontuan hartuz egiten dute, hau da, landare-komunitate bat bizi den lurzoruaren materia organikoaren ezaugarrien arabera. Sailkapen hauek garrantzitsuak dira, besteak beste, klima-aldaketa globalak landare-komunitatetan izango duten eragina neurtzeko.

Genetika

Oraindik gutxi dakigu hatz-marken garapenean parte hartzen duten geneei buruz, baina larruazaleko marka hauen patroi nagusien gene-oinarria aztertu du ikertzaile talde batek. Honetarako, lehenik Han etniako ia hamar mila txinatarren gene-informazioa aztertu dute. Genoma osoko asoziazio-analisiei esker ondorioztatu dute genomako 18 eskualdeek parte har dezaketela hatz-marken patroi nagusien garapenean. Asoziaziorik sendoena izan zuen gene-eskualdea, alabaina, 3. kromosoman kokatuta zegoen, eta asoziazio hori eragiten zuen gene-aldaera aztertu ondoren, baieztatu zuten gene-aldaera horrek eragina zuela EVI1 genearen funtzionamenduan. Hau jakinik, ikerketan zehar gizakien enbrioietako geneen aktibitatea aztertu zuten, eta ikusi ahal izan zuten haurdunaldiko 6. astean EVI1 genea aktibo zegoela hazten ari ziren gorputz-adarretan. 10. Astean, berriz, EVI1 genearen aktibitatea gorputz-adarren muturretan detektatu zen, batik bat hatz-markak garatzen diren puntuetan. Koldo Garcia genetistak azaldu du Zientzia Kaieran: Hatz-marken gene-arrastoa jarraitzen.

Paleontologia

Egiptoko piramideak eraikitzeko erabili ziren harrietan egitura borobil txikiak aurki daitezke. Inguru horietako herritarren legendak dio piramideak eraiki zituzten langileei eroritako dilistak direla. Azalpen zientifikoari entzuten badiogu ordea, argi dago egitura horiek foraminiferoak direla. Foraminiferoak mikroorganismo zelulabakarrak dira, itsasoko uretan soilik bizi direnak eta oskol karbonatatu bat dute. Organismoak hiltzen direnean, oskol mineralizatu hori itsas hondoaren sedimentuan metatzen dira, eta pixkanaka lurperatu egiten dira. Horrela, denborarekin fosil bihur litezke eta hauek dira, hain zuzen ere, Egiptoko piramideetako harriek dituzten egituratxoak, Nummulites generoko foraminiferoak, zehazki. Izatez, Nummulites terminoak “txanpon txikia” esan nahi du. Blanca Martinez geologoaren eskutik Zientzia Kaieran: Harrizko txanponak.

Biologia

Zientziaren historian lehen aldiz, gizakiaren eta animalien artean elkarrizketa bat mantentzen saiatuko dira. CETI (Cetacean Translation Initiative) izena du proiektuak eta lehen komunikazio saiakerak kaxaloteekin egingo dituztela argitu dute ikertzaileek. Izan ere, animalia oso argiak dira kaxaloteak, baina horretaz gain, espezie honetako indibiduoek sortzen dituzten soinuak morse kodearen oso antzekoak dira, eta ikertzaileen ustetan, deszifratzeko errazak izan daitezke beste animalia batzuekin alderatuta. Bost urtez kaxaloteen hotsak entzun eta interpretatzen jardungo dute eta, bataz beste, ikerketarako 4 000 milioi “hitz” beharko dituztela kalkulatu dute. Ondoren, adimen artifiziala erabiliz, maiztasun handiz bata bestearen jarraian azaltzen diren “hitzak” erlazionatzen saiatuko dira, ondoren hauen esanahia ulertzeko. Irati Diezek kontatzen du Zientzia Kaieran: Komunikazio-kanalak zabaltzen animalien eta gizakien artean.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, maskaren degradazioak arrainen ugalkortasunean eragiten du. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) eta Cádizeko Unibertsitateak zebra arrainen bidez aztertu dute zein den maskara kirurgikoak degradatzerakoan sortzen diren konposatuen eragina. Ikusi ahal izan dutenez, konposatu horiek arrainen geneetan eragiten dute, bereziki, ugalketarekin lotutako geneei. Ugalkortasunari lotutako 40 genetan ikusi zituzten aldaketak. Zehazki, gametoen heltze-prozesuarekin, espermaren eta obuluaren arteko ezagutzarekin eta ernalketarekin erlazionatuta daude gene horiek. Ikertzaileek azaldu dute ugalkortasunaz gain, litekeena dela maskarek arrain-populazioei ere eragitea.

Teknologia

Zientzia Kaieran hacking etikoa azaldu dute, eta baita zertarako balioa duen ere. Hacking-a komunikazio-sistema batean baimenik gabeko sarbidea lortzean oinarritzen den prozesua da, eta hackerra, berriz, ekintza hori aurrera eramaten duen pertsona. Sisteman asmo onarekin eta baimenarekin sartzen garenean hacking etikoari buruz hitz egiten ari gara. Ekintza hau sisteman ahultasunak bilatzean datza, erasotzaile batek galera ekonomikoak edo beste kalte handiagoak eragin baino lehen. Horretarako teknika ohikoenak ahultasunen analisia eta sarbide-testa edo pentestinga dira. Bigarrena, sistemaren ahultasunak bilatzeko tresna erabilgarrienetariko bat bilakatu da. Hacking etikoak aukera ematen die enpresei eta erakundeei edozein motatako datuak modu seguruagoan kudeatzeko.

Fisika

Alemaniako Max Planck Institutuan egindako esperimentu batean, historian lehen aldiz elektroien mugimendua zuzenean ikustea lortu dute. Dianhidrido perilentetrakarboxiliko molekula erabili da horretarako, eta hura urrezko azalera batean ezarrita, bi laser-pultsu igorri dizkiote. Zientziarako aurrerapen handi bat dela azaldu dute ikertzaileek. Molekuletan elektroien mugimendua jarraitu ahal izatea gakoa bailitzateke edozein erreakzio kimiko ulertu eta kontrolatu ahal izateko. Hala ere, orain arte ez da posible izan, elektroien mugimendua attosegundoen eskalan (segundo bat baino trilioi bat aldiz txikiagoa) ematen baita. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Elektroien mugimendua zuzenean ikustea lortu dute, lehenengo aldiz.

Astronomia

Urte bat doa NASAk bidalitako “Perseverance” rover ibilgailua Marten. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko IBEA ikerketa-taldea misioan parte hartzen ari da, ibilgailuak Lurrera bidaltzen duen informazioarekin Marteko harriak, geruzak eta hautsa ikertzen. Zehazki, Jezero kraterrean dago “Perseverance”, garai batean sumendia bat egon zen lekuan, baina orain laku bat dago eta bertako harri bolkaniko eta sedimentarioak ikertzen dihardute gaur egun. Argazkiak izaten dira neurketen abiapuntua. “Perseverance”-ko Mastcam-Z-k bereizmen handiko argazkiak ateratzen ditu, eta argazki horietan identifikatzen dituzte ikertzeko interesgarriak izan daitezkeen harriak, geruzak edo hautsak, hauen kimika ikertzeko. Datuak Berrian: Urtebeteko lorratza.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.