Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan

Argitalpenak · Dibulgazioa

Akuikulturak azken hamarkadan mundu mailan izan duen garapena itzela izan da eta, honek, Euskal Autonomia Erkidegoan itsaskien akuikultura burutzeko nahia piztea eragin du. Gaur egun, itsaso zabalean (Mendexan) kokatuta dagoen akuikultura eremu bat dago martxan. Eremu hau 2019ko uztailean hasi muskuiluak saltzen. Hala ere, sektorea gehiago garatzeko helburuz, beste aukerazko kokaleku batzuk planteatu dira kostaldean, Mutriku portua adibidez, izan ere, akuikulturarako eremuak kostaldeko sarguneetan kokatzen dira gehienetan (Galizian adibidez).

Gauzak horrela, ezinbestekoa da fitoplankton komunitatearen azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, toxikotasun eragile nagusia baita fitoplanktona. Elikagai bezala duen balioa konposizio lipidikoaren araberakoa da, bereziki gantz azido esentzialen araberakoa. Fitoplankton zelulen osaketa lipidikoa espeziaren edo taldearen arabera aldatzen da. Gainera, zelulen tamaina eta ugaritasuna (biomasa) kontuan hartzeko faktoreak dira, muskuiluen ingestio eta erretentzio eraginkortasuna baldintzatzen baitituzte. Hala ere, fitoplanktona ere arriskutsu bilakatu daiteke, izan ere, muskuiluek eta bestelako bibalbioek fitoplankton toxikoa elikagai gisa iragazterakoan, fikotoxinak pilatu egiten dituzte eta maila trofiko altuagoetara lekualdatzen dira, gizakientzako arrisku nabarmena bihurtuz, intoxikazio ezberdinak eragiteko aukera baitago (ASP, DSP, PSP, NSP edo AZP).

fitoplanktona
Irudia: Mendexan eta Mutrikun aurkitutako taxon toxiko azpimagarrienak: a) Pseudo-nitzschia spp.; b) Alexandrium spp.; c) Dinophysis acuminata; d) Ostreopsis siamensis. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Jarraian, azken urteotan, Mendexa eta Mutrikun egin diren bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren ikerketa ezberdinen emaitzak laburbiltzen dira, bertako komunitateek bibalbioen akuikultura eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Informazio iturritzat erabili diren artikulu eta txosten-teknikoetan fitoplankton komunitatearen ugaritasuna eta osaketa ikertu ziren, potentzialki toxikoak ziren taxonei arreta berezia eskainiz. Horrez gain, muskuiluen haragian aurkitutako toxina kontzentrazioa ere neurtu zen.

Diatomeoak, haptofitoak eta dinoflagelatuak ziren Mendexa eta Mutrikuko fitoplankton biomasa totalari ekarpen handiena egiten zioten taldeak. Hau, muskuiluen hazkuntzarako onuragarria da, hiru taldeek duten gantz azido edukiagatik. Halaber, bi eremuetan nagusitzen zen fitoplankton zelulen tamaina 2-20 µmkoa zen, eta hau ere muskuiluak hazteko aproposa da, 4 µmtik gorako zelulek ingestio eta erretentzio eraginkorra ahalbidetzen baitute. Hala ere, Europako beste akuikultura eremu batzuekin alderatuz, Mendexa eta Mutrikuko fitoplankton biomasa balioak oso baxuak dira, 0,5 µg/L inguruko a klorofila kontzentrazioekin.

Gainera, potentzialki toxikoak diren taxonen presentzia aurkitu zen bi ikerketa eremuetan. Pseudo-nitzschia spp., Dinophysis spp. eta Alexandrium spp.-ek itsaskien toxikotasun arriskua adierazten duten kontzentrazio muga-balioak gainditu zituzten hainbat aldiz, azido okadaikoa izanik muga legala maiztasun handienaz gainditu zuen toxina, bai Mendexan baita Mutrikun ere. Gainera, bi eremuak konparatzeko egindako ikerketa batean ikusi zen Mendexan toxikotasun arriskua handiagoa zela. Dinophysis acuminata da euskal kostaldeko, eta bereziki Mendexako, akuikulturak duen mehatxu nagusia, Galizian eta beste akuikultura eremu askotan sortzen dituen arazoak ikusita. Era berean, Mutrikun, eta orokorrean kostaldeko eremuetan, potentzialki toxikoak diren dinoflagelatu bentonikoekin (Ostreopsis spp.) kontuz ibili behar da, bertako sakonera eskasak ur zutabean aske aurkitzeko aukera gehiago eskaintzen baititu.

Honenbestez, alde kualitatibotik, euskal kostaldeko fitoplankton komunitateak aproposak dira itsaskien akuikultura garatzeko, haptofito, diatomeo eta dinoflagelatuen nagusitasunari eta zelulen tamaina egokiari esker. Hala ere, Mendexa eta Mutrikuko a klorofila balioak akuikultura eremu tradizionalenak (itsasadarrak) baino baxuagoak izateak, bertako muskuiluen ekoizpen-gaitasuna mugatu dezake. Gainera, toxikotasun arazoak aurkitu dira bai Mendexan baita Mutriku ere. Ondorioz, ezinbestekoa da eremu honetako fitoplanktona aztertzen jarraitzea, muskuiluentzako elikagai iturri gisa duen balioa ikertu eta toxikotasun arrisku posibleak kontrolatzeko.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 40
  • Artikuluaren izena: Euskal kostaldeko fitoplaktona eta bere garrantzia bibalbioen akuikulturan.
  • Laburpena: Azken urteotan, Mendexan eta Mutrikun, bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren zenbait ikerketa gauzatu dira, bertako komunitate naturalek bibalbioen akuikulturari eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Ikerketa horietan fitoplankton-komunitatearen ugaritasuna eta osaketa aztertu ziren, potentzialki toxikoak ziren taxonei arreta berezia eskainiz. Horrez gain, muskuiluen haragian aurkitutako toxina-kontzentrazioa ere neurtu zen. Diatomeoak eta haptofitoak izan ziren Mendexako eta Mutrikuko komunitate fitoplanktonikoen talde nagusiak, dinoflagelatuen aldizkako agerpenekin batera. Horrenbestez, fitoplankton-komunitate horiek muskuiluen hazkuntzarako nutrizio-kalitate onuragarria daukatela ikusi da, talde nagusiek gantz azido maila altuak azaltzen dituztelako. Gainera, komunitateetan nagusitzen zen zelula-tamaina (2-20 μm) aproposa da muskuiluen ingestio eta erretentzio eraginkorrerako. Hala ere, Europako beste akuikultura eremu batzuekin alderatuz, Mendexako eta Mutrikuko a klorofila-balioak oso baxuak dira, 0,5 μg/L inguruko kontzentrazioekin. Halaber, itsaskien toxikotasun-arriskua adierazten duten zelula-ugaritasuna eta toxinen kontzentrazio-mugak hainbat aldiz gainditu ziren bi eremuetan. Dinophysis da generorik arriskutsuena, Mendexan bereziki, genero horren eta bere toxinen (azido okadaikoa) kontzentrazioa handiagoa baita. Horrenbestez, beharrezkoa da fitoplanktonen azterketekin jarraitzea, toxikotasun-arrisku posibleak hauteman eta kontrolatzeko.
  • Egileak: Jone Bilbao, Oihane Muñiz, Marta Revilla, José Germán Rodríguez, Aitor Laza-Martínez, Sergio Seoane
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 180-202
  • DOI: 10.1387/ekaia.22340

Egileez

Jone Bilbao, Aitor Laza-Martínez eta Sergio Seoane EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak dira.

Oihane Muñiz, Marta Revilla eta José Germán Rodríguez AZTI ikerketa zentroko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

  • […] Mendexan itsaso zabalean kokatuta dagoen akuikultura eremu bat dago martxan eta beste hainbat ezartzea planteatzen ari da. Akuikulturarako eremuak ezarri aurretik, ezinbestekoa da fitoplankton komunitatearen azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, toxikotasun eragile nagusia baita fitoplanktona […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.