Asteon zientzia begi-bistan #384

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zientzia begi-bistan

Biologia

Silurua arrain harrapakari bat da, eta bi metroko luzera eta 100 kiloko pisua izan dezake. Espezie inbaditzailea da, eta Sobrongo urtegira iritsi dela berretsi dute. Gaztela eta Leongo Gobernuak eman ditu datuak, eta haien kontrolerako plan bat ezarri du. Baina Berriak arrantzaleetatik lortutako datuetatik azaldu du silurua Sobronen aspalditik dagoela, eta baita Arabako beste urtegi batzuetan ere. Baina gaur egun, silurua ez dago espezie inbaditzaile gisa katalogatuta araudian, eta beraz, izatez Araban ezin da silururik arrantzatu. Alabaina, espezie harrapakaria da, eta aloktonoa den ekosistemetan sarraskiak eragiten ditu, ez baitago bera harrapatuko duen beste animaliarik. Datu guztiak Berrian: Siluruaren lorratza.

Plentziako Itsas Estazioko (PIE/EHU) ikertzaileek orain arte inoiz ikusi gabeko parasito bat aurkitu dute euskal kostaldeko uretan eta Txikispora philomaios izena jarri diote. Espora txiki hau maiatzean bakarrik azaltzen da uretan, eta urteko gainontzeko hilabeteetan desagertu egiten da. Baina bitxiena ez da hori: ikertzaileek uste dute leinu primitibo bateko organismo bat dela, eta animaliak emango zituen organismo zelulabakarra diferentziatu eta organismo zelulanitzak emango zituen puntutik oso hurbil kokatzen dela. Parasito honen genomak ulertzen lagunduko du, beraz, zelulak noiz eta nola hasi ziren elkartzen eta espezializatzen. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Animalietan zelulaniztasuna nola garatu zen ulertzen lagunduko duen parasitoa.

Mendexan itsaso zabalean kokatuta dagoen akuikultura eremu bat dago martxan eta beste hainbat ezartzea planteatzen ari da. Akuikulturarako eremuak ezarri aurretik, ezinbestekoa da fitoplankton komunitatearen azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, toxikotasun eragile nagusia baita fitoplanktona. Honen harira, azken urteetan bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren ikerketa ezberdinak egin dira Mendexa eta Mutrikun, bertako komunitateek bibalbioen akuikultura eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Muskuiluen hazkuntzarako onuragarriak ziren fitoplankton taldeak aurkitu zituzten, besteak beste, diatomeoak, haptofitoak eta dinoflagelatuak. Alabaina, potentzialki toxikoak diren taxonen presentzia ere bazegoela ikusi zuten bi ikerketa eremuetan. Datuak Zientzia Kaieran: Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan.

Ekologia

Azpiegitura linealek (errepideek eta trenbideek, zubiek etab.) eragin oso negatiboak dituzte biodibertsitatean. Errepideak eraikitzerakoan, gutxitan hartzen da kontuan bertako animalien banaketa espaziala, eta, beraz, tranpa hilgarri bat ezartzen zaie. Inpaktu hau ezagutzera eman zuen lehenetarikoa Richard T. T. Forman Harvard Unibertsitateko ekologoa izan zen, eta “errepideen ekologia” delako ekologiaren diziplinaren sortzaileetako bat kontsideratzen da. Forman-en aurkikuntzek bidea ireki zuten, errepideen eta animalia basatien arteko elkarrekintzak ahalik eta gehien murrizteko. Ahalegin horien artean daude animalientzako pasabideak, baina hauek ezartzea ez da nahikoa izan errepideetako basa bizitzaren hilkortasuna ezabatzeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Errepideen ekologia: istripuek basa bizitzan eragindako hilkortasuna aztergai.

Osasuna

Berriak Gurutzetako ospitaleko Nora Civicos mediuarekin hitz egin du. Nora Civicos Bizkar Muineko Lesionatuen Unitateko koordinatzailea da eta Suitzako ikerketa-talde batek bizkar muineko lesioen sendaketan egindako aurrerapena aztertu du. Ikertaldeak erabateko lesioa duten hiru gaixo oinez ibiltzea lortu du, baina Norak ez du uste betirako konponbidea aurkitu denik. Azaldu duenez, sekulako aurrerapausoa iruditzen zaio, baina beldur pixka bat ere eragin dio. Izan ere, ondo ulertu behar da zer egin duten Suitzan eta zertan datzan ikerketa, jendearen sentimenduekin ez jolasteko. Suitzakoa ikerketa bat da, terapia esperimental bat, baina bizkar muineko lesionatuen unitateen errealitatea bestelakoa da. Azalpenak Berrian: «Aurrerapen itzela», baina ez sendabidea.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, hesteetako hanturazko gaixotasunaren ezaugarri genetikoak argitu dituzte euskal populazioan. Hesteetako hanturazko gaixotasuna bi eratara agertzen da nagusiki: Crohnen gaitz moduan (digestio-aparatuko edozein lekutan) edo ultzeradun kolitisaren bidez (batez ere kolonean). Jakina da pertsona batzuek joera genetiko handiagoa dutela gaitz hauek garatzeko, eta haiekin erlazioa izan dezaketen 200 gene-eskualde identifikatu dituzte. Koldo García Etxebarria Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko genetistak gidatu du ikerketa, eta azaldu duenez, gene-eskualde horien eragina asko aldatzen da populazio batetik bestera. Baina Guretzetako Ospitaleetako datuekin egindako analisiari esker, gaixotasunarekin lotura izan dezaketen 33 gene-eskualde detektatu dituzte.

Gaixotasunak Kontrolatzeko Atlantako Zentroko Andrew Geller medikuak eta bere lankideek nutrizio-gehigarrien inguruko ikerketa bat egin dute. Nutrizio-gehigarriak ikuspuntu nutrizionaletik, nutriente batean edo gehiagotan osoak diren prestakinak dira, baina dietan gomendatzen diren bitamina eta mineral kantitate txikiagoak izan ohi dituzte. Bada, Geller medikuak eta bere lankideek ikusi ahal izan zutenez, Estatu Batuetan 20 eta 34 urte bitarteko gazteen ospitaleratzeen % 28 nutrizio-gehigarriekin lotutako arazoengatik gertatzen da, eta haurren ospitaleratzeen % 21. Hauen artean, ia % 70 lotuta daude belarren zein bitaminen eta mineralen osagarriekin. Azaldu dutenez, kezkagarria da Estatu Batuetan nutrizio-gehigarriak hartzeko dagoen ohitura. Eduardo Angulok azaldu du Zientzia Kaieran: Nutrizio-gehigarriak eta haien enigma.

Psikologia

Ione Bretaña psikologoaren ustetan, atxikimendu ez segurua duten gizabanakoek, emozioak erregulatzeko arazo gehiago dituzte. Ionek bikote harremanetako gatazkak eta hauek konpontzeko estrategiak izan ditu bere tesian ikergai. Ikerketa aurrera eramateko, bikote atxikimendu maila neurtu dute autoinformeak erabiliz. Atxikimendua sustatuko luketen zenbait portaera bildu dituzte, hala nola, bestearekiko gertutasun nahia, beraien nahiei erantzuteko gaitasuna edo erlazioaren inguruko espektatibak. Horrela, tesian zehar ikusi ahal izan dutenez, atxikimendu segurua duten gizabanakoek emozioak egokiago erregulatzeko gaitasuna dute. Generoari dagokienez, ez dute gatazka estrategietan ezberdintasun nabarmenik aurkitu. Azalpenak Unibertsitatea.net webgunean daude eskuragarri.

Ikerketa batek 1850etik 2019ra bitartean argitaratutako milioika liburutan hitzek duten erabilera maiztasuna aztertu du. Dirudienez, bi joera garbi hauteman dituzte. Lehenengoa, gaur egun zaharkituta dauden terminoak utzi eta hitz berriak erabiltzea da. Bigarrena, jokabidearen alderdi emozionalarekin lotutako hitzen (sentitu edo sinetsi, adibidez) eta alderdi arrazionalarekin lotutakoen (zehaztu edo ondorioztatu, adibidez) erabilera maiztasuna aldatzea da. Azken hamarkadetan, konnotazio arrazionaleko hitzen maiztasuna etengabe txikitu da, eta aldi berean, alderdi emozionalarekin lotutakoen maiztasuna handitu egin da. Hau ikusita, azterlanaren egileek ondorioztatu dute, egia-ostearen indarrak eta hedapenak, beharbada, aldaketa sakonagoa islatzen duela jendearen interes eta lehentasunetan. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaldu du Zientzia Kaieran: Emozioen goraldia, arrazionaltasunaren beheraldia.

Paleontologia

Evolutinoary Biology aldizkarian argitaratutako artikulu batek eztabaida sortu du dinosauroen gaiaren inguruan. Izan ere, adierazi dute paleontologoek zaku modura erabili dutela Tyrannosaurus rex izenaz ezagutzen den espeziea, baina, berez, hainbat Tyrannosaurus espezie biltzen dituela bere baitan. Ondorio hau 38 banakoen hezurrak eta hortzak aztertuta atera dute. Izan ere, ikertzaileen ustez banako hauen femurren sendotasunean eta hortzen egituran ikusten diren desberdintasunak ez dira sexuak edo adinak eragindakoak, baizik eta garai eta espezie desberdineko banakoei dagozkiela. Orain arte, emeei eta banako gazteei egotzi zaie femur arinagoak izatea, baina ikertzaileek uste dute desberdintasunak handiegiak direla hala izateko Horregatik, Tyrannosaurus imperator eta Tyrannosaurus regina espezie-izenak proposatu dituzte. Aitziber Agirrek azaldu du Elhuyar aldizkarian: Tyrannosaurus generoko hiru espezie egon zitezkeen.

Fisika

Leire Larizgoitiari fisikariari egin diote elkarrizketa Elhuyar Zientzian. Neutrinoak ikertzen ditu Leirek bere tesian DIPCn. Hainbat esperimentu egiten dituzte bere taldean, haietako bat NEXT esperimentua, Canfrancen dagoen neutrino-detektagailuan. Taldearen helburuetako bat DIPCn neutrino-detektagailu bat eraikitzea da, gero Lundera (Suedia) bidaltzeko, ESS espalazio-zentrora. Zientzia Kaieran ere aurki daiteke artikulua: Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.