Hiriak, jokalari berriak eboluzioan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Eboluzioaren inguruko ikerketa berritzaile baten lekuko izan gara hilabete honetan. Munduan zeharreko 200 zientzialari baino gehiago batzea lortu du ikerketak, denen artean landaretxo baten eboluzio-mekanismoak aztertzeko, hirusta zuria (Trifolium repens). Europarra jatorriz, espezie hau hirietan nahiz landa-eremuetan bizi da eta ikertzaileek 160 hirietako hirusta zurien populazioa aztertu zituzten hauen egokitzapena ezagutzeko.

Ikertzaileek prozesu zehatz bat aztertu nahi zuten, beren susmoz, bizidunak genetikoki eraldatzea eragin zezakeena, edo beste modu batera esanda, eboluzionatzea bultzatu zezakeena. Lanak agerian utzi du munduan zeharreko hainbat hiritan bizi diren hirusta zuriko indibiduoek antzekotasun gehiago dutela beraien artean landa-eremuetako bizilagunekin baino. Eboluzioa, beraz, organismo hauek eraldatzen ari da, eta hirietakoak eta landa-eremuetakoak desberdin moldatzen dituela dirudi.

hirusta zuria
Irudia: Hiri-garapenak tokiko ingurunea aldatzen du, eta eboluzio azkar bat susta dezake. Hirietako hirusta zurien populazioei buruzko datu genomikoek iradokitzen dute espezie hau, oro har, urbanizaziora egokitu dela. (Argazkia: Zoosnow – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Eboluzio-prozesuan zehar, kanpo-eragileek (batzuetan barneko eragilea ere izan daiteke) aldaketa bultzatzen dute bizidunengan, ingurunera hobeto moldatu daitezen. Lurrean edozerk eragin dezake aldaketarako presio hori: harrapariengandik hobeto ihes egiteko beharrak, toxikoekiko erresistentzia izateko beharrak, oxigeno gutxiko ingurunean bizitzeko beharrak edo elikagai jakin bat digeritzekoak, besteak beste. Ikertzaile hauek zehazki gaur egungo nonahiko eragile baten efektua aztertu nahi zuten, bizidunak eboluzio azkar batera bultzatzen ari ote den ikusteko. Kanpo-eragile hori urbanizazioa da.

Hirietako hirusta zuria bereizgarri

Mundu osoan zehar, nonahi eraiki ditugu herriak eta hiriak, giza populazioaren hazkuntza sostengatzeko. Eremu urbano hauek ekosistema berriak dira, duela urte gutxi existitzen ez ziren ekosistemak. Ez dira naturalak, noski, baina ingurumen-faktore bereziak dituzte, beste inongo ekosistemek ez dituztenak: aireko gasen kontzentrazioak, lurzoruko materialen eta toxikoen kontzentrazioa, bertako animaliak, landaredia, soinua… dena da desberdina ingurune urbanoetan.

Urbanizazioak aldaketak eragiten ditu ingurumenean, eta, beraz, bertan bizi diren organismoak eboluzionatzera bultza ditzake, ingurune berri horretara moldatzeko. Alabaina, faktore hauek ez diete berdin eragiten bizidun guztiei. Animaliek, oro har, atsegin ez duten eremu batetik alde egin dezakete, eta, ondorioz, faktore berri horien eraginetik at egongo lirateke. Landareak, alabaina, sesilak dira, lurzoruari lotuta bizi dira. Horregatik, bizi diren inguruneko eragileekiko menpekotasun handiagoa dute, eta hautespen naturalak modu zuzenagoan eragiten die. Hori kontuan izanik, ikerketa honetarako, hirusta zuria (Trifolium repens) landare belarkara erabili zuten eredu modura. Gainera, hirusta zuria oso kosmopolita da, herrialde askotan aurki daiteke, eta, ondorioz, munduan zeharreko hirietako populazioekin alderaketak egiteko modua eman die zientzialariei.

Horrela, urbanizazioak espezie honen eboluzioa gobernatzen ote duen aztertzeko, 6.169 populazio ezberdinetako hirusta zurien 110.019 indibiduo aztertu zituzten, 26 herrialdetako 160 hiritan zehar. Hiri bat aukeratzean, espezie honen laginketak (landareak zenbatzea) eremu urbanoan hasten zituzten, eta lerro zuzen bat jarraituz, hiritik aldentzen joaten ziren, landa-eremura iritsi arte. Horrela, urbano/landa gradiente baten mende hazten ziren hirusta zurien ehunak alderatu zituzten. Zehazki, ikertzaileei asko interesatzen zitzaien substantzia kimiko baten presentzia aztertu zuten: hidrogeno zianuroarena. Konposatu hau intsektizida naturala da, eta erasopean sentitzen denean jariatzen du landareak; belarjale batek jaten duenean, adibidez. Konposatu honen sintesia bi genek kontrolatzen dute, eta landareak ere aktiba dezake estres hidriko handia duenean (ur-eskasiak eraginda).

Emaitza interesgarriak topatu zituzten lortutako datuak erkatzean. Lagindu zituzten 160 hirietatik, 75 hiritan (hirien %47an, beraz) desberdintasunak hauteman zituzten hiritik gertu eta hiritik urrunago bizi ziren landareen hidrogeno zianuro kontzentrazioetan. Landareak hiriaren erdigunetik zenbat eta urrunago egon, ikertzaileek ikusi zuten intsektizida naturala sortzeko probabilitatea handiagoa zela. Batez beste, erabateko landa-eremuan bizi ziren hirusta zurien probabilitatea %44 handiagoa zen hidrogeno zianuroa ekoizteko hirietako indibiduoekin alderatuz gero. Emaitza hauek ikusirik, ikerketako egileei erantzun logiko bakarra bururatu zitzaien: hirietako hirustek intsektizidaren behar gutxiago dute eta, beraz, haren produkzioa gutxitu da hautespen naturalez.

Baina zergatik hobesten ditu hautespen naturalak intsektizidarik ekoizten ez duten landareak hirietan? Edo, kontrako ikuspuntutik, zergatik ekoizten dute intsektizida gehiago landa-eremuetako indibiduoek? Erraza: landa-eremuetan intsektu belarjale gehiago dagoelako. Hirietan landaretza gutxiago dago, eta, ondorioz, animaliek bizitzeko babesleku eta habitat gutxiago dute; labur esanda, biodibertsitatea txiroagoa da hirietan. Honenbestez, hirusta zuria elikagai modura erabiliko duten intsektu belarjale gutxiago dago eremu urbano horietan, eta, hortaz, landaretxo honek intsektizida natural hori ekoizteko behar gutxiago du. Azken finean, hiriek eta hirietan sortzen diren “ekosistema” bereziek indar ebolutibo berri bat dakartela erakutsi du hirusta zuriak, eta oso litekeena da horrelako kasu gehiago egotea.

Hiri eta herrien eraikuntzak landa-inguruneak eta habitat naturalak goitik behera eraldatzen ditu, eta ingurunearekin batera, bertan bizi diren organismoak aldatzera behartzen ditu. Izatez, poztekoa da lore zuriko landare honek erakutsi duen plastikotasuna, gai izan baita ezinbestekoa ez zuen mekanismo bat baztertzeko eta, honela, seguruenik, energia eta mantenugaiak aurrezteko. Baina organismo guztiek ez dute eraldaketarako ahalmen hori, eta horretan datza arazoa. Funtsean, naturaren legea da: “berritu ala hil”.

Erreferentzia bibliografikoak:

Santangelo, James S. et al. (2022). Global urban environmental change drives adaptation in white clover. Science 375 (6586), 1275-1281. DOI: 10.1126/science.abk0989

Criado, Miguel Ángel (2022). Una pequeña planta muestra cómo la urbanización está marcando la evolución de la vida en la Tierra. El País, 2022ko martxoaren 17a.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

2 iruzkinak

  • […] Eboluzioaren aldeko frogabideak ugari, askotariko eta agerikoak dira, eta zientzia-ikerkuntzaren arlo guztietatik datoz, gainera. Gaur egun, zientzialariak espezieak nola adarkatzen diren ari dira aztertzen, animalia eta landareak nola egokitzen diren behatuz eta fosil-bildumak handituz. Naturan bertan nahiz laborategian dihardute […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.