Asteon zientzia begi-bistan #358

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Shadowmap

Biologia

Klonak sortzea, organismo bizien kopia genetikoki berdin-berdinak sortzean datzan teknika bioteknologikoa da. 90eko urteen erdialdean, Ian Wilmut enbriologian adituak, errapearen zelula helduetatik abiatuta urrats bat eman zuen arloan: ardi bat klonatzea. Baina ez zen bide erraza izan. Ikerlanean 277 porrot izan zituzten eta saio arrakastatsu bat. Horren ondorioz ardi bat jaio zen 1996ko eta Dolly izenaz bataiatu zuten. 25 urte igaro dira ordutik hona eta mugarri bat izan zen jaiotza haren nondik-norakoak ekarri ditu Berriako Nagore Arinek plazara: 25 urte bete dira Dolly ardiaren jaiotzatik: zelula helduekin klonatu zuten lehen ugaztuna.

Genetika

Mundu mailan urbanizazioa areagotzen eta hiriguneak hazten ari dira. Bertako bizilagunak ere gehiago dira eta horien artean ditugu landa-eremuetatik etorritako animalia basatiak. Ingurune berriei erantzuteko animaliak egokitu egin dira baina egokitzapen horien azpian dauden aldaketa genetikoak ez dira oso ezagunak. Koldo Garcia genetistak heldu dio kontuari eta Europako bederatzi hirietako kaskabeltz handien azterketak eman dituen emaitza interesgarriak azaldu dizkigu Zientzia Kaieran. Besteak beste, gizakion hedapenak aldatu egin duela kaskabeltz handien gene-egitura. Xehetasun guztiak Hirietako eta landetako kaskabeltz handien gene-istorioa artikuluan.

Teknologia

Eguzkiak erruz joko du egunotan eta horren ondorioz, esaterako, gaurko beroa handia dago iragarrita. Diotenez, eguzkiaren gauzarik onena itzala da eta hori berori eskaintzen du Shadowmap aplikazioak. Shadowmap-ek argia eta itzala bistaratzen ditu hiru dimentsioko mapen sareko aplikazio interaktibo batean. Horretarako, eraikinak, orografia eta lurrazala kontuan hartzen ditu ere. Sustatu agerkarian eman digute horren berri: Shadowmap, itzala non egongo den esaten dizun mapa.

César Tomék operazio-geletan zirujauen lanean parte hartzen duten robotei buruz hitz egin digu. Robot hauek kalkuluetan laguntzen diete zirujauei, esaterako, ebakuntzan sor daitezken kalteak eragozteko edota denbora errealean monitorizatzeko pazientearen posizioa, zirujauek saihestu dezaten arrisku zonak ukitzea. Horretan datza Euskal Herriko bi erakundek abian duten ELCANO proiektua. Datu guztiak tokian tokiko jarduera: kirurgian laguntzen duten robotak artikuluan.

Ingurumena

Adituen kalkuluen arabera, mila milioi itsas animalia baino gehiago hil dira Kanadako Ozeano Bareko kostan, aurreko asteko bero-bolada gogorragatik. Christopher Harley itsas biologoak eta haren taldeak ohartarazi duenez, muturreko tenperaturetara ohituta ez dauden ekosistemen zaurgarritasuna nabarmena da. Iraitz Madariagak eman du honen berri Argia aldizkarian: Mila milioi itsas animalia hil ditu aurreko asteetako bero bortitzak Kanadan.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.