Udaberria ez da jada aspaldi zena

Dibulgazioa

Gure nagusiek ahotan izaten dute sarritan beraien garaian gauzak bestelakoak zirela. Hobeak ziren edo ez, hori beste kontu bat da. Baina, zientziak arrazoia eman die gai baten: egungo urtaroak ez dira lehengoak bezala. Izan ere, gaurko neguak laburragoak dira eta udaberriak goizago etortzen zaizkigu.

Urtaro-erritmoekin zerikusia duten fenomeno biologikoen azterketak erakutsi du udaberria hilabete bat aurreratu dela azken urteotan. Fenologia da fenomeno biologikoak aztertzen dituen zientzia. Fenomeno horiek urtaro-erritmoetara egokituta agertzen dira aldizka, eta klimarekin zerikusia dute.

Fenologiak, besteak beste, urteko landareen eta intsektuen ziklo biologikoak, zuhaitzen eta zuhaixken garapenean ikusitako aldaketak eta hegaztien migrazioak aztertzen ditu. Informazio hori garrantzitsua da klimaren azterketetarako eta nekazaritzarako ere, urtaro-erritmoen aldaketak eragina baitu laboreetan.

udaberria
1. irudia: fenomeno naturalak gertatzen diren datak nola aldatzen diren aztertzen du fenologiak. (Argazkia: Miroslav Kaclík – pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

AEMET agentziak udaberriko eta udazkeneko fenomenoen jarraipena egiten du eta urtero bi txosten fenologiko plazaratzen ditu bildutako datuekin. Prezipitazioak eta landarediaren eta hegaztien fenologiaren datuak jasotzen dira dokumentuetan. 2021eko azken txostenari erreparatuz gero bertan adierazten da abenduaren amaieran, Kantauriko isurialdean tenperaturak nabarmen igo zirela, izotza eta antzigarraren gabezia eman zela, eta, horren ondorioz, hurritzak, haltzak eta belar-espezie ugari goiz loratu direla.

Negua, antza, ez zen izan negu mina. Neguan tenperaturak igotzeak desorekak eragin zituen animalien eta landareen bizitzan, eta horrela aldatu egin zen urtaro honen ohiko erritmoa, eta hurrengoarena ere, udaberriarena. Azken hau, zegokiona baina hilabete arinago iritsi zela kalkulatzen baita.

Kaskabeltz handiak adierazle

2000ko hamarkadaren hasieran, eskala handiko aldaketa fenologikoen inguruko azterketen emaitzak plazaratu zituzten zientzialariek. Urteetan bildutako datuen arabera, 203 landare- eta animalia-espezieren bizi-zikloak 2,8 egun aurreratu dira hamarkada bakoitzeko.

Horren adibidea da, esate baterako, Wytham basoan bizi diren kaskabeltz handiak (Parus major) erakutsi dutena 75 urteko jarraipena egin ondoren. Beharbada, Lurrean gehien ikertutako naturagunea da Wytham Woods. Tamesis ibaiaren garai arroaren bihotzean dago eta baso hostoerorkorrez eta larrez jositako paraje ederra da. Basoak Oxfordeko Unibertsitatearenak izan dira 1943tik, eta, ondorioz, bertako flora eta fauna asko aztertu dira. Esaterako, 1947az geroztik kaskabeltz handien bizi-zikloa eta bizimodua aztertu dituzte.

Penintsulan ere ohikoa da kaskabeltz handia, eta banaka markatutako animalia-populazioaren gainean inoiz egindako jarraipenik luzeena egin dute Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek. Ikertzaileek basoan kokapen finkoa duten 1.209 habi-kutxetan izandako errunaldia eta txitatzeen datuak bildu dituzte.

75 urtez hartu dituzte datuak eta hauen analisiak agerian utzi du kaskabeltz handiak aurreratu egin duela arrautzen errunaldia, batez ere, tenperaturen igoerari erantzuteko. Behaketek erakutsi dutenez, 2022an, urteko lehen arrautza martxoaren 28an jarri zuten, duela 75 urte baino ia hilabete lehenago. Ikertzaileen esanetan, azterketaren hasierarekin alderatuta, ikus daiteke apurka-apurka gertatu direla familia-sistema biologikoetan ikusten diren ziklo aurreratuak eta hauek, klima-aldaketaren ondorioz gertatu dira.

Udaberri goiztiarraren eragileak

Ikertzaileek, orain arte, tenperaturen igoerari egotzi dizkiote landare eta animalien bizi-ziklo aurreratuen errua. Izan ere, uste zen berotze globalak eragindako tenperatura altuko negu leunak zirela ipar hemisferioan udaberria aurreratzearen arrazoi nagusia. Baina martxoan plazaratutako ikerketa baten emaitzek erakutsi dute sikateak ere udaberri goiztiarren eragilea direla. Ikertzaileek esanetan, euri faltak aurreratu du udaberria.

2. irudia: euriaren maiztasuna murrizteak ipar hemisferioko ekosistemetan hostoen hasiera goiztiarrari laguntzen dio. (Argazkia: Annette Meyer – pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lan berri honen arabera, azken hogeita hamar urteetan murriztu egin da euriteen maiztasuna ipar hemisferioan eta landareen egutegi naturalari eragin dio. Neguan euri gutxiago egiterakoan zeruan hodei gutxiago dugu, eguneko eta gaueko tenperaturen artean kontraste gehiago ematen da, eguzki-erradiazio handiagoa dago eta faktore horien ondorioz, besteak beste, landareak nahastu egiten dira eta udaberria iritsi dela uste dute (garaia baino lehen). Ikerketak lehen aldiz lotzen ditu euri falta eta naturaren esnatze goiztiarra eta aurreikusten du, mende honetarako espero diren euri-maiztasunaren murrizketaren ondorioz, udaberri biologikoaren aurrerapen gehigarri bat: hamarkada bakoitzeko 1,2 eta 2,2 egun artekoa.

Klima-aldaketak, beraz, gurpil zoro baten sartu ditu ipar hemisferioan urtaroen erritmoa iparrorratz gisa dituzten bizi-zikloak eta urtero errepikatzen diren fenomeno naturalen datak aldatzea eragin du. Izan ere, bertako zaharrenek dioten bezala, gauzak ez dira lehen bezalakoak; ezta udaberria ere.

Iturriak:

Erreferentzia bibliografikoak:

Wang, J., Liu, D., Ciais, P. et al. (2022). Decreasing rainfall frequency contributes to earlier leaf onset in northern ecosystems. Nature Climate Change, 12, 386–392. DOI: https://doi.org/10.1038/s41558-022-01285-w

Bates, J. M., Fidino, M., Nowak-Boyd, L., Strausberger, B. M., Schmidt, K. A. & Whelan, C. J. (2022). Climate change affects bird nesting phenology: Comparing contemporary field and historical museum nesting records. Journal of Animal Ecology, 00, 110. DOI: https://doi.org/10.1111

Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.