Beleen inperioaren arrakastaren gakoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Beleak gai izan dira munduan zehar luze eta zabal hedatzeko, klima eta habitatak edozein direla ere. Ikertzaile talde batek hiru ezaugarriri egotzi die arrakasta hau: beste korbidoekiko handiagoak dira, hegal luzeagoak dituzte eta baita garun tamaina egokia ere.

Jennifer Ackermannen The Genius of Birds liburuaren azalean, nazioarteko edizio gehienetan, Kaliforniako eskinoso (Aphelocoma californica) eder bat azaltzen da. Espezieak ez du azalean ateratzeko eskubidea irabazi edertasun soilean oinarrituta. Liburuan azaltzen denez, hegazti oso trebeak dira, bereziki janaria ezkutatzeko eta berreskuratzeko unean.

Baina hegaztien talentuari eskainitako liburu horretan, beleak dira gehien jorratzen direnak. Ideiaren bat egiteko, azaleko espezie protagonista 50 aldiz aipatzen da testuan. Loroak, 55 aldiz. Kurloiak, 123 aldiz. Beleei, berriz, 299 aldiz egiten zaie erreferentzia. Bereziki, Kaledonia Berriko belearen (Corvus moneduloides) trebeziak harritzekoak dira. Besteak beste, txinpantzeen antzera, janaria eskuratzeko makilatxoak erabiltzeko gai dira —horiek manipulatzen ere ikusi zaie—, eta laborategian problemak jartzen zaizkienean, bele batzuek izugarrizko gaitasunak erakutsi dituzte.

1. irudia: Korbidoen familian dauden arren, beleek, belabeltzek edota erroiek genero propioa osatzen dute, eta, dirudienez, bereziki arrakastatsuak izan dira. (Argazkia: Tyler Quiring, Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Halere, seguru aski duten lumadi beltz monokromatikoa dela eta, normalean beleak ez dira liburuen azaletan agertzen, krimenak lantzen dituzten eleberrietako osagarri ez baldin badira. Sarritan heriotzarekin lotzen ditugu. Eta Biblian aipatzen den lehen hegaztia izanik ere, kontakizunean ez da ondo ateratzen: uholdearen erdian arkan gogaituta zegoenean, Noek bele bat bidali zuen, gaur egungo drone esploratzaile bat balitz bezala. Baina ez zen bueltatu. Ondoren bidalitako uso batek, berriz, zintzo-zintzo ekarri zuen olibondo baten adaxka.

Seguruenera Biblian aipatutako lehen bele hori munduaren beste aldera abiatu zen, lurralde berrien bila. Izan ere, hegazti horiek barra-barra hedatuta daude munduan. Ikertzaile talde batek arrakasta horren zergatia arakatzeari ekin dio. Ohi bezala, behin betiko erantzunik ez dute aurkitu, baina bai zantzu indartsuak. Korbidoen historia ebolutiboan arakatu dute, eta, ikusi dutenez, munduan zabaldu baino lehen, beleek hiru ezaugarri garrantzitsu eskuratu zituzten: gorputz handiagoak, hegal luzeak eta garun tamaina handiak gainerako gorputzarekiko. Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean eman dituzte xehetasunak.

Ikerketa horretan metodologia eta datu base andana erabili dituzte. Batetik, erreparatu diote korbidoen banaketari, bai eta lurralde horietan dauden ezaugarri klimatikoei ere. Bestetik, arakatu dute hegazti hauen filogenian; hau da, —eta asko sinplifikatuz—, espezie hauen zuhaitz genealogikoa aztertu dute. Azkenik, beleen gaineko ezaugarri morfologikoak ere aztertu dituzte, 90 espezieren baino gehiagoren gaineko neurketak eginez.

Corvidae familia iturburu

Alderaketa egiteko Corvidae familia osoa aintzat hartu dute. Berez, hau da munduan gehien zabaldua dagoen hegazti familia. Beleak biltzeaz gain, eskinosoak, mikak, eta horrelakoak sartzen dira sailkapenean. Baina, familia horretan, beleak Corvus generoaren barruan daude. Eta, ikusi dutenez, genero hau da arrakasta gehien izan duena, mundu mailako banaketari dagokionez bederen. Datuetan oinarritu dira esateko horiek direla, hain zuzen, eboluzio eta espeziazio tasa altuenak izan dituztenak.

Teknikoki, beleen erradiazio adaptatiboa da aztergai izan duten faktore nagusia. Ez dira ohiko erradiazio fisikoaz ari, noski, biologoek eta, bereziki, ekologoek erabiltzen duten beste kontzeptu baten inguruan baizik. Testuan bertan zehaztu dutenez, planetaren zati handiak kolonizatzea ahalbidetzen duten dibertsifikazio ebolutibo azkarrak dira erradiazioak. Hau da, luze eta zabal hedatzeko aukera ematen duten egokitzapenak.

beleak
2. irudia: Corvidae familia luze eta zabal hedatuta dago munduan, baina beleen zabalpena are handiagoa da: ia %30 lurralde gehiago hartzen dute. (Irudia: Garcia-Porta eta al, Nature Communications – CC BY 4.0 lizentziapean, eraldatua)

Baina Erdi Aroko bikingoek edota inperio gehienetako agintariek ondotxo dakiten moduan, lurraldean barreiatzea ez da nahikoa. Zailena da, gehienetan,lurralde horiei eustea. Bertan biziraun eta mantentzea, hain justu. Eta horixe bera lortu dute beleek.

Beste korbidoekin alderatuz, zientzialariek ikusi dute beleek hegal luzeagoak, gorputz handiagoak eta garunen tamaina erlatibo handiagoa ―hau da, gorputz masaren eta garunaren arteko proportzioa— dituztela, eta horiek jo dituzte, hain justu, arrakastaren arrazoiaren oinarritzat.

“Oso komenigarriak izan zaizkien hiru ezaugarriren konbinazio hauek mundu osoa kolonizatu eta bertan dibertsifikatzeko bidea eman zietelako hipotesia dugu”, azaldu du Joan Garcia-Porta ikertzaileak prentsa ohar batean.

Hegal luzeagoek hegan egiteko aukera gehiago izatea suposatu dute. Garunen tamaina erlatibo handiagoari esker, hegazti hauen arbasoek adimen gehiago izan zuten, ingurune berrietara egokitu eta bertan moldatzeko aukerak handituz. Gorputzaren tamainari dagokionez, espezie txikiagoen aurrean abantaila konpetitiboa izan zutela argudiatu dute.

Beleak kolonizatzaile arrakastatsuak

Kalkulatu dute Corvidae familia duela 18-22 milioi urte artean hasi zela bereizten, eta beleak duela 10 milioi urte inguru hasi zirela lurralde berrietara egokitzen. Artikuluan zehaztu dutenez, beleek beste korbidoek okupatutako lurralde gehienak kolonizatu zituzten, baina ia %30 handitu zuten lurralde berrien azalera. Besteak beste, Australasia, Afrika, Madagaskar eta Arabiar penintsula kolonizatu zituzten. Lur berri hauetan ingurune beroagoak, hezeagoak eta lehorragoak aurkitu zituzten.

“Ingurune berri hauek sarritan organismo baten fenotipoan doiketak faboratzen dituzte, biziraupena eta errendimendu orokorraren mesedean”, erantsi du Carlos Botero biologoak. Beleen kasuan, mokoetan forma berriak garatzea oso lagungarria izan zitzaielako ideia dute ikertzaileek. Hegazti bat izanda, ez da zaila pentsatzea janariak eskuratzeko eta manipulatzeko moko egokiak izatea garrantzi handikoa dela.

“Badirudi hegazti hauen biziraupenerako beren portaeraren malgutasun harrigarria funtsezkoa izan zela hasieran. Bertan mantendu ziren debora nahikoaz hautespenak bere lana egin eta prozesuan espezie berriak sor zitezen”, laburbildu dute ikertzaileek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Garcia-Porta, J., Sol, D., Pennell, M. et al. (2022). Niche expansion and adaptive divergence in the global radiation of crows and ravens. Nature Communications, 13, 2086. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-022-29707-5


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.