“Oso bitxia dirudien arren, horixe egiten du baleak; izan ere, urpean dagoenean, ordubete edo gehiagoko tarteak igarotzen ditu sistematikoki arnasarik hartu gabe, eta aire partikularik xurgatu gabe, ez baitu zakatzik”. (Moby Dick, LXXXV. kapitulua).
Ahab kapitainak balea zuri handiarekin zuen obsesioaren istorioa epopeia tragiko bat da; hain zuzen ere, baleak kapitaina hiltzea, Pequod ontzia hondoratzea eta tripulazioa galtzea (Ismael izan ezik) eragin zuen, azkenean. Baina XIX. mendeko baleazaleen bizitzaren kronika bat ere bada, bai eta, harritu dezakeen arren, historia naturalari buruzko tratatu bat ere. Halako aniztasun tematikoa obra bakar batean biltzen duelako izango da, agian, Herman Melvillen eleberri hori ezagutzen den hiztegi dentsitate handieneko testua. Beste ezein testutan ez dago hainbeste hitz ezberdin, hitzen guztizkoarekin alderatuta. Moby Dick eleberriak informazio ugari ematen du eta, hein handi batean, biologikoki zuzena da, testu honen goiburuan jaso duguna, esaterako.
Kaxaloteak, batez beste, 400 metroko sakoneraraino murgiltzen dira, eta murgilketok 40 minutu inguru irauten dute. Baina 3.000 metroraino irits daitezke, baita uretan ia bi ordu egon ere. Horri esker, txipiroi erraldoiak ere ehizatzen dituzte. Harrapari bikainak dira. XIX. mendean eta XX. mendearen zati handi batean, nabarmen txikitu zen haien kopurua, ehizaren ondorioz; nolanahi ere, gaur egun, urtean ehun mila tona arrain inguru jaten dituzte, hots, gizakiok arrantzatzen duguna bezain beste.
Ezaugarri oso bereziak izan behar dira halako murgilketak egiteko; egiaz, beste animalia batzuek ere badituzte ezaugarriok, baina gutxiago garatuta, esaterako, murgilketa erreflexua. Murgiltzen garenean, bihotzak motelago egiten ditu taupadak eta, hala, oxigeno gutxiago kontsumitzen du. Era berean, zirkulazio periferikoa mugatu edo gelditu egiten da, eta odola, nagusiki, entzefalora, biriketara eta bihotzera bideratzen da; egoera horretan arteria presioa ez igotzeko, taupaden maiztasuna txikiagotzen da eta, itsas ugaztunen kasuan, aorta zabaltzen da, konpentsazio ganbera gisa funtzionatzeko. Gainera, barea uzkurtu egiten da eta barnean oxigenoz beteta dituen globulu gorri ugariak isurtzen ditu zirkulazio sisteman.
Beste ugaztun batzuek ez bezala, zetazeoek ur oso sakonetan igeri egiteko bereziki egokituta dauden ezaugarriak dituzte. Murgildu aurretik, zenbait aldiz hartzen dute arnasa eta, jarraian, biriketako aire guztia botatzen dute. Hala, itsas azalera itzuli eta despresurizatzean odolean nitrogeno burbuilak sortzeko arriskua murrizten dute. Alabaina, “oxigeno gordailu” batzuk dituzte. Aipatu ditugu bareak isurtzen dituen globulu gorri gehigarriak. Halaber, gainerako ugaztunek baino odol gehiago daukate, eta odol horrek oso hematokrito maila –globulu gorrien kontzentrazioa– handia dauka. Guk baino hamar aldiz mioglobina kontzentrazio handiagoa dute; mioglobina hemoglobinaren antzeko proteina bat da, eta giharretako zeluletan egoten da. Gauza bera esan daiteke zitoglobinaz (hainbat ehunetan) eta neuroglobinaz (nerbio ehunean).
Kaxaloteek beren denboraren erdia sakonerako murgilketak egiten igarotzen dute, laurden bat sakonera txikiko murgilketak egiten eta beste laurdena, ur azala baino pixka bat beherago edo ur azalaren gainean igerian. Moby Dick kaxalote izugarri handi bat zen; beraz, seguruenik, Melvillek esan bezala, ordubete baino luzeago egoten zen murgilduta eta, are esanguratsuagoa dena, metaforikoki egia da egileak berak LXXXV. kapituluan idatzi zuena: “Kaxaloteak denboraren zazpiren batean soilik hartzen du arnasa, hots, bere denboraren igandean”.
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
4 iruzkinak
[…] baino odol gehiago daukate, eta odol horrek globulu gorrien kontzentrazio altua dauka. Datu guztiak Igandean soilik hartzen du arnasa […]
[…] Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, EHUko Fisiologiako katedradunak, Zientzia Kaieran. […]
[…] amaitu. Zifioek, ugaztunak izanik (zetazeoak ugaztun urtarrak dira), birikak dituzte, eta beraz, airea arnastu behar dute. Horrek esan nahi du noizbehinka itsas azalera igo behar dutela arnasa hartzeko, eta uretan […]
[…] datoz, gaion harian: animalien tamainaren eragina; hotzari eta beroari aurre egiteko erak; ura, oxigenoa eta janaria lortzeko baliabideak; harrapariengandik ihes egiteko zen harrapakinak ehizatzeko […]