Taneko Suzuki, arraina (ia) hanburgesa bihurtu zuen biokimikaria

Emakumeak zientzian

Elikagai ultraprozesatuak kontsumitzeak ondorio kaltegarriak ditu osasunean, baina zenbait une eta tokitan elikadura-abantaila izan daiteke herritarrentzat. Hala, nutrizio gabeziak garrantzitsuak izan diren edo diren une eta leku batzuetan, oso galkorrak diren edo jateko gutxi duten lehengaiak elikagai iraunkor edo kontsumitzeko errazagoak bihurtzeko gaitasuna abantaila bat izan daiteke herritarrentzat.

taneko-suzuki
1. Irudia: Taneko Suzuki biokimikari eta nutrizionista japoniarra. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Ideia horrekin, zenbait produktu sortu dira; horien artean, Taneko Suzuki biokimikari eta nutrizionista japoniarrari bere garaian aintzatespena ekarri zion produktu bat: hanburgesa baten antzeko itxura, testura eta ontzeko aukera dituen elikagai bat, bi arrain motaren –bakailaoaren antzekoak diren abadira (Pollachius pollachius) eta ikazkina (Pollachius virens)– proteinetatik ekoitzia. Garapen horri esker, 1980ko hamarkadan, arrantza industriaren aurrerabidean zentratutako erakundeen hainbat sari jaso zituen.

Taneko Suzuki 1926ko azaroaren 12an jaio zen Tokion, eta zientzia farmazeutikoak ikasi zituen Emakumeentzako Medikuntza eta Farmaziako Unibertsitate Inperialean; 1947an, titulua eskuratu zuen, eta, 1962an, doktoratu egin zen Kyushuko Unibertsitatean.

Txahala zirudien arrantza produktua

Graduatu zen urte berean, Suzuki laguntzaile gisa hasi zen lanean Japoniako Nekazaritza, Baso eta Arrantza Ministerioko Arrantza Estazio Esperimentalean, eta, 1949an, Tokai Eskualdeko Arrantza Esperimentazioko Laborategira joan zen, ministerioa berrantolatu ondoren. Administrazio horretan lan egin zuen hainbat urtez; 1967an, Kimika Biologikoko Dibisioko ikertzaile buru izendatu zuten eta, 1983an, zentroko zuzendari.

Bere ibilbidean, ekarpen ugari egin zituen arrantzako zientziaren eta teknologiaren arloan; zehazki, arrantza produktuetatik eratorritako proteinen erabileran eta aprobetxamenduan, haien kimikan eta aplikazioetan. Zehazki, produktu berri bat garatu zuen: haragi testura zuen eta hura bezala ondu zitekeen arrain proteinaren kontzentratu bat. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980ko hamarkadan arreta handia erakarri zuen.

taneko-suzuki
2. Irudia: Abadira eta ikazkina arrainen proteinetatik ekoizten da hanburgesa baten antzeko itxura, testura eta ontzeko aukera dituen elikagai bat. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Aurkikuntzaren printzipioa hauxe zen: arrain haragia % 1eko gatz disoluzioarekin eta baldintza zertxobait alkalinoekin oratzen denean, miosina –proteina fibroso bat– zati batean bakarrik disolbatzen da, eta, beraz, arrainaren muskulu zuntzak ez dira erabat lainoztatuta geratzen. Zuntz horiek elkarrekin landu daitezke, proteinak koagulatzen, desnaturalizatzen, koipegabetzen eta deshidratatzen dituen nahasketari konposatuak gehituz; emaitza kontzentratu proteiko pikortatu bat da. Produktu hori uretan murgiltzean, minutu gutxitan hidratatzen da berriro, eta emaitzak testura atsegina du, txahal haragi xehatuaren antzekoa.

Suzukik lortutako asmakizunari Marinbeef izena jarri zioten (itsas txahala edo halako zerbait), eta ezaugarri hauek zituen: proteina ugari, koipe gutxi, nutrizio balio handia eta arrain usainik edo zaporerik ez. Beraz, aukera asko zituen haragi xehatuaren ordez plater desberdinetan prestatzeko. Gainera, erraz garraia zitekeen, eta denbora luzez biltegiratzen zen giro tenperaturan, hondatu gabe, eta oso aukera onuragarria zen garapen bidean zeuden herrialdeentzat.

Bere lorpenagatik, Japoniako Arrantza Zientzien Elkarteak eta Nekazaritza, Baso eta Arrantza ministerioaren sariak jaso zituen Suzukik 1980an.

Surimia Japoniatik haratago azaltzen

Marinbeefaren garapenaz gain, Suzukik hainbat lan eta liburu argitaratu zituen, bai japonieraz bai ingelesez (hizkuntza horretan aise hitz egiten eta idazten zuen). Horri esker argitaratu zuen, besteak beste, ingeleseko lehen liburua; bertan azaltzen zen bere herrialdean kimika proteikoaren inguruan egiten zen ikerketa aurreratua, bere mugetatik haratago ezaguna izan zedin, tartean, mundu osoan gaur egun ezagutzen eta kontsumitzen den surimiaren zientzia eta teknologia. Beste liburu ezagunenetako bat, honako hau japonieraz, publiko orokorrari arrantza produktuen ikerketa eta aprobetxamendua umorez eta erraztasunez baina ikerketa zehaztasunez azaltzeko idatzi zuen.

taneko-suzuki
3. Irudia: surimia. (Argazkia: angelicavaihel – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

1986an laborategitik erretiratu zenean, eskolak ematen hasi zen irakasle gisa, eta, ondoren, Nihongo Unibertsitateko Ingurune Biziko Departamentuko dekano gisa. 1993an, unibertsitate hori utzi eta Nazioarteko Ikasketen Saitama Unibertsitatean hasi zen eskolak ematen, eta, bertan, hitzaldiak ematen jarraitu zuen 2019ra arte.

Ikerketaz gain, Suzukik interes handia zuen arrantza eta elikadura industriaren garapenean, eta, beraz, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (NBE) zenbait aholku batzordetako kide izan zen. Ikerketa aktibotik erretiratu ondoren, honela azaltzen zuen bere jarduera: “Elikaduraren eta nutrizioaren zientziak eta itsasoko elikagaien funtzioak kontsumitzaileek ulertuko duten modu erraz batean azaltzeko misioa”.

Taneko Suzuki 2020ko apirilaren 24an hil zen kolon eta ondesteko minbizi baten ondorioz.


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 12an: Taneko Suzuki, la bioquímica japonesa que convirtió el pescado en (casi) una hamburguesa.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..