Diapasoia: sukaldetik laborategira, orkestratik igarota

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gero eta gutxiago ikusten dugu kontzertuetan. Afinagailu digitalak ditugunetik, haien herenaitona analogikoa gero eta gutxiago erabiltzen dugu. Baina zure lagunetako bat musika kontuetan apur bat frikia bada, edo noizbait abesbatza baten entsegura joan bazara, adibidez, baliteke oraindik ere bat ikusi izana. Diapasoia da, urkila (edo Y) formako objektu metaliko bitxia; bi beso paralelo eta oin bakarra ditu, eta bola txiki bat beheko muturrean. Mendeetan zehar, musikari profesionalek asmakizun hori erabili zuten beren instrumentuak afinatzeko. Halaber, XIX. mendearen amaieran, fisikaren doitasun handiko tresnetako bat bihurtu zen. Laser akustiko moduko bat zen: historiako lehen soinu sintetikoak sortzeko aukera eman zuen, eta argiaren abiadura aurrekaririk gabeko zehaztasunez neurtzen lagundu zuen1.

Diapasoia
1. Irudia: Diapasoi baten mugimendua (handizkatua), 440 Hz-ko maiztasunean dardaraka. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 4.0 lizentziapean)

Baina zergatik da berezia erresonadore txiki hori? Akustikaren munduan askotan gertatzen den bezala, diapasoiaren alderdi harrigarriena bere forma da. Bi beso luzeei esker, instrumentua akustikaren soinu puruenetako bat sortzeko gai da; ia goiko harmonikorik gabeko oinarrizko frekuentzia 2. Diapasoiaren tonua oso ezaguna eta egonkorra da (afinatzeko primerakoa, hain zuzen ere), eta denboran aurrera egin ahala ia ez da desafinatzen. Diapasoiaren frekuentzia besoen luzeraren eta masaren araberakoa da soilik, batak bestearen kontra oszilatzen dutelako. Gainera, bibrazioa oinarrira transmititzen da luzetara; horrela, diapasoia gainazal edo taula akustiko baten kontra jarrita, soinua anplifikatu daiteke. Diapasoia soinu-laser batekin3 konpara liteke: sinusoide uhin ia purua sortzeko gai den tresna da, eta frekuentzia egonkor eta ongi definitua du.

Baina diapasoiaren jatorria ez dago fisikan. Ezta musikan ere. Tresna honen jatorria topatzeko, otorrinoengana eta sardexka apal baten bibrazioetara jo behar dugu.

Jatorria sardexkan

Harald Feldmannen arabera4, honako hau aurkitu zutenean hasi zen diapasoiaren historia: zenbait bibrazio buruko hezurretan zehar transmititu eta entzuten dira, airean nahitaez bidaiatu beharrik gabe.

Girolamo Cardanok deskribatu zuen fenomenoa lehen aldiz XVI. mendean. Gaur egun matematikari gisa ezaguna den arren, sendagilea eta astrologoa ere izan zen, eta diziplinarteko jenioa ere bai. Bere asmakizunak dira, esaterako, kardan giltzadura (gaur egun hainbat ibilgailutan erabiltzen da) eta itsasontzietako iparrorratzaren esekidura. Halaber, hirugarren eta laugarren mailako ekuazioak ebazteko lehen metodoetako bat ere aitortzen zaio, baina badirudi beste garaikide batzuen (esaterako, Targaglia) ideiez jabetu zela emaitza argitaratzeko. De subtilitate liburuan (1550), deskribatzen du hagaxka bat hortzekin eustean edonork soinuak hauteman, «ahotsak bereizi eta urruneko hitzak entzun ditzakeela, bestela entzun ezingo lituzkeenak»5.

Geroxeago, Hieronimus Capivacci izeneko Paduako beste mediku bati otu zitzaion fenomeno hori metodo diagnostikotzat erabiltzea. Paziente gor bat gai bazen zitara baten soinua hautemateko, instrumentuarekin kontaktuan zegoen metalezko hagatxo bati hortz artean eutsiz, orduan ondoriozta zitekeen «gortasuna mintz tinpanikoaren gaixotasun baten ondorio» zela. Bestela, gortasunaren zergatiak nerbioan egon behar zuen, entzumenaren pertzepzioan bertan.

Günther Christoph Schelhammer medikuak erabili zituen lehen aldiz mahai-tresnak esperimentu hori egiteko. 1684an deskribatu zuen bibratzen ari den sardexka baten soinua argi eta garbi entzun daitekeela hezurren bidez, hortzen artean eusten zaionean. Capivaccik bezala, test hori hainbat gortasun mota diagnostikatzeko erabiltzea proposatu zuen.

Diapasoia
2. irudia: zenbait bibrazio buruko hezurretan zehar transmititu eta entzuten dira, airean nahitaez bidaiatu beharrik gabe. (Argazkia: Sadia – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Argitu beharra dago garai hartako sardexkak antz handiagoa zuela gaur egungo errekitarako sardearekin. Asmakizuna XI. mendearen hasieran iritsi zen Europara, Bizantzioko enperadorearen alaba Teodora Ana Ducaina printzesaren eskutik. Teodorak uko egiten zion eskuak jateko zikintzeari, eta elikagaiak ziztatzeko tresnaren bat sortzeko eskatu zuen. Asmakizuna askoz geroago zabaldu zen jendartean. XVI. mendean Katalina Medicik modan jarri zuen Frantziako gortean, baina oraindik aristokrata pinpirinen berezko irrigarrikeriatzat hartzen zen. XVIII. mendera arte, Europak ez zion eskuekin jateari utzi.

Denboran pixka bat atzerago bidaiatuz gero, ikusiko dugu XVII. mende amaierako sardexkek askotan bi punta luzexka baino ez zituztela. Horrek azaltzen du Schelhammerrek sardexkaren ezaugarri akustiko bikainak baliatu nahi izana pazienteak diagnostikatzeko. Propietate horiek ziur aski oso ezagunak ziren garai hartan. Hala ere, Alemaniako antzinako superstizio batek mahaiko sardexkekin soinua egitea debekatzen zuen. Uste zuten sardexkaren tinbreak deabrua erakar zezakeela. Kristau ikonografian horregatik darama, hain zuzen ere, ilunpetako jaunak hiruhortzeko handi bat bekatariak zatikatzeko. Zorionez, sinesmen horiek ez zuten Schelhammer ikaratu. Lehena izan zen bi puntako sardexka helburu zientifikoetarako tresna akustikotzat erabiltzen.

Hurrengo urteetan, medikuntzaren ahaleginak hezur bidezko eroapena ustiatzera bideratu ziren, tinpanoan arazoak zituzten pertsonen entzumena hobetzeko. Bestalde, bi puntako sardexkak laster aurkitu zuen ustekabeko erabilgarritasuna musikaren munduan.

Oharrak eta erreferentziak:

1KLEPPNER, D. (2007): «Master Michelson’s measurement» in Physics Today, 60(8), 8-9. DOI: 10,1063/1,2774115

2Sinplifikatua. Diapasoia jotzean, oinarrizko frekuentzia ez den beste frekuentzia batzuk sortzen dira, baina denboran azkar egiten dute behera. Seinalea egonkortzen denean, harmoniko nabarmenaren frekuentzia oinarrizko frekuentziarena baino 6 aldiz handiagoa da (askoz ere altuagoa da eta, beraz, ia ez da nabaritzen).

3Hau ere sinplifikatua. Argi-laser batek frekuentzia «purua» sortzen du eta kolimatua dago. Denborazko koherentzia ez ezik, espaziozkoa ere badu. Kasu honetan, diapasoia laserrarekin alderatu dugu, soinu-frekuentzia bakarra sortzeko duen gaitasunagatik.

4FELDMANN, H. (1997): «History of the tuning fork. I: Invention of the tuning fork, its course in music and natural sciences. Pictures from the history of otorhinolaryngology, presented by instruments from the collection of the Ingolstadt German Medical History Museum» in Laryngorhinootologie, 76(2), 116–122. DOI: 10.1055/s-2007-997398.

5CARDANO, G. (2013): 709. or. The De Subtilitate of Girolamo Cardano (J.M. Forrester, Ed.; J. Henry & J. M. Forrester, Trans.), ACMRS (Arizona Center for Medieval and Renaissance Studies), Tempe, Arizona. Jatorrizko obra: 1550.


Egileaz:

Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 16an: El diapasón: de la cocina al laboratorio, pasando por la orquesta.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..