Asteon zientzia begi-bistan #404

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zigarrokinak

Ingurumena

IPBESek naturaren balioen katalogo bat ondu du, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Katalogo honetan, naturaren balio askotarikoak eta onuragarriak jaso dituzte, biodibertsitatea eta ekosistemen funtzioak eta zerbitzuak aintzat hartuta. Honela, bideak proposatzen dituzte bizi-kalitatea Lurreko biziarenarekin uztartzeko, eta proposamen horiek politika bihurtzeko jarraibideak ematen dituzte. Ikerketa honetan, Unai Pascual Ikerbasqueko eta BC3ko ikertzailea izan da taldeburua, eta Berria berarekin elkarrizketatu da. Pascualek azaldu duenez, begirada ekonomizistak hazkunde ekonomikoarekin lotzen du ongizatea handitzea, eta horrek ekarri gaitu egoera honetara. Ikuspegi hau hobetzeko, natuaren balioak orekatu behar ditugu; honela, beste modu batean ulertuko dugu gure ongizatea, eta beste erabaki batzuk hartuko ditugu.

Zigarrokinak munduko hondakin ugarienetako bat dira. Hauetako gehienak kalera edo ingurumenera botatzen dira, eta ez dago ezarrita haiek jasotzeko, tratatzeko eta birziklatzeko sistemarik. Zigarroek 7.000 substantzia toxiko inguru dituzte, eta hauetako bakoitzak 50 eta mila litro artean kutsa ditzake. Gainera, hamabi bat urte behar ditu desegiteko. Zigarroek dituzten kutsatzaileetako bi nikotina eta metal astunak dira. Substantzia horiek guztiak zigarrokinetatik ingurumenera irazten dira, eta kaltegarriak dira itsasoko bizidunentzat. OMEk uste du 1980ko hamarkadatik kostaldean eta barnealdean egin diren zabor bilketetako zaborren %30-40 direla. Datu guztiak Berrian: Zigarroa itzali, kutsadura piztu.

Klima-aldaketa

Egiazko kareta itsas dortoka (Caretta caretta) Cheloniidae familiako narrastia da. Munduan zeharreko itsaso eta ozeano askotan aurki daiteke, ur epel eta subtropikaletan. Mediterraneo itsasoan ere zabalduta dago espezie hau, baina, orain arte behintzat, mediterraneoaren ekialdean soilik habiaratzen zuten, Grezia, Turkia, Libia eta Txipren, gehienbat. Alabaina, 2020ko abuztuaren 4an, Fuengirolako Los Bolinches hondartzan egiazko kareta eme bat agertu zen habia jartzeko. Habia hau Mediterraneoaren mendebal aldera inoiz urrunen deskribatu den egiazko kareta habia da. Ikertzaileen ustetan, habiaratze-portaeraren aldaketa hau hondartzetako tenperatura-igoeraren ondorioa izan liteke. Hau da, gaur egun Txipre eta Turkia bezalako herrialdeetako hondartzak beroegi daude egiazko karetak bertan habiak egiteko, eta hondartza berriak kolonizatzen hasi dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Itsas dortokak habiaratzeko leku hotzagoen bila dabiltza.

Osasuna

Tximino baztangaren 85 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 59 Bizkaian izan dira, 7 Araban eta 19 Gipuzkoan. Osakidetzak azaldu duenez, azken kasu horiek ez daukate, lehenengo kasuek bezala, lotura epidemiologikorik atzerriko beste kasu batzuekin. Oraingoak aurretik kutsatutako pertsonen kontaktuak dira. Hala ere, argi utzi dute gaixotu diren guztiek sintoma arinak izan dituztela, eta etxean bakartzeko agindu dietela. OMEk dagoeneko nazioarteko larrialdia eman zuen tximino baztangarengatik.

Zientzia

Sarritan, ez da lortzen ikerketa zientifiko batean ontzat ematen diren emaitzak errepikatzea. Hau da, geroz eta ohikoagoa da erreproduzigarritasuna edo emaitzak errepikatzea zaila edo ezinezkoa izatea. Fenomeno honi “erreproduzigarritasunaren krisia” izena jarri diote. Sinplea badirudi ere, krisi hau arazoa bilakatu da. Izan ere, metodo zientifikoak bi oinarri ditu: emaitzak faltsutzea eta erreproduzigarritasuna. Bigarren honek zera esan nahi du, tresna eta prestakuntza egokia duen edozein gai izan behar dela behaketa edo esperimentu jakin hori errepikatzeko. Arazo hau guzti hau oso modu argian azaldu zuten Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Joaquín Sevilla adituek “La crisis de reproducibilidad en ciencia” artikuluan. Bertan, egileek diote krisiaren arrazoietako bat ekoizpen zientifikoan gertatzen ari den kalitatearen murrizpenean egon daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Fisika

Diapasoia mendeetan zehar erabili izan dute musikari profesionalek beren instrumentuak afinatzeko. Hain zuzen ere, historiako lehen soinu sintetikoak sortzeko aukera eman zuen asmakizun honek. Diapasoiaren tonua oso ezaguna eta egonkorra da, eta horregatik da primerakoa instrumentuak afinatzeko, hain zuzen ere. Gainera, denboran aurrera egin ahala ia ez da desafinatzen. Baina tresna hau ez zer musika helburutzat hartuta asmatu; sardexkan du bere jatorria. XVII. mende amaieran, sardexkek askotan bi punta luzexka zituzten. Horretaz baliatuz, Schelhammer medikuak sardexkaren ezaugarri akustiko bikainak baliatu zituen pazienteetan gortasuna diagnostikatzeko. Gerora, sardexkak musikaren mundura egingo zuen salto. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Diapasoia: sukaldetik laborategira, orkestratik igarota.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..