Etxetresna elektrikoak berriztu aurretik

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gaur egungo gizarteak energia asko kontsumitzen duenez, CO2 emisioak murrizteko irtenbideak proposatzen dira, teknologia eraginkorragoak erabiliz. Baina, murriztu al daitezke ingurumen-inpaktuak erabilera-fasean? Zenbateraino dira zentzuzkoak etxetresna elektrikoak gailu berri eraginkorrago batzuez ordezkatzeko erabiltzen diren “renove planak”? Orain arte, ez da arreta handirik jarri berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko etxetresna elektrikoen funtzionamendu-aldi optimoaren azterketetan.

Hutsune hori betetzeko, UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldeek, Ekonomia Zirkularreko Masterraren eta Proiektuen Zuzendaritzako Masterraren bidez, hiru etxetresna elektriko adierazgarriren (mikrouhinak, ontzi-garbigailua eta garbigailua) CO2 inpaktu baliokidea aztertu dute bizi-ziklo osoan. Horretarako, fabrikazio-prozesua, ondoren etxetresna elektriko horien erabilera eta bizi-amaiera, desegitea eta birziklatzea barne, kontuan izan dira. “Inpaktu horiek murrizteko ingurumen-arrazoiengatik etxetresna elektriko berriak egungoez ordezkatzeko izan behar duten eraginkortasuna kalkulatu dugu hiru kasuetarako”, adierazi du Ortzi Akizu-Gardoki UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.

Irudia: Ekonomia Zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatzen badira murriztu egin daitezke etxetresna elektrikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasak. (Argazkia: stevepb – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

“Inpaktuak murrizteko jarraibide egokiak emateko, egungo egoera aztertu dugu, eta materialen eraginkortasunean, material birziklatuetan, energia berriztagarrietan eta kontsumo arduratsuan oinarritutako lau egoera hipotetikorekin alderatu dugu”, azaldu du Akizuk. Horrela, produktuaren fabrikazioan, erabileran eta bizi-amaieran izan daitezkeen inpaktuak kuantifikatu eta alternatiba eraginkorragoak baloratu dituzte.

“A” motako etxetresna elektriko berria versus energia berriztagarriak

Egindako azterketa konparatiboan agerian geratu da erabilera-etapan kontsumitzen den elektrizitatea dela etxetresna elektronikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasen eragile nagusia. Gauzak horrela, Ekonomia Zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatzeak murriztu egin ditzake hauek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasak. Zehazki, CO2 emisioak % 68 murriztu daitezke mikrouhin-labeen, % 76 ontzi-garbigailuen eta % 61 garbigailuen kasuan. Energia-kontsumoa ere murriztu daiteke % 10, erabilera-fasean energia berriztagarriekin eta erabilera arduratsu batekin.

Lortutako ingurumen-hobekuntzekin batera, etxetresna elektrikoen balio-bizitza luzatu egiten da energia-eraginkortasun handiko gailu berri batekin ordezkatu baino lehen. Hain zuzen, erabilera-fasean % 100 energia berriztagarriak aplikatzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik etxetresna elektriko horiek “A” motako mikrouhin, ontzi-garbigailu eta garbigailu batez ordezkatzea bideragarria litzake soilik 24,4, 19,3 eta 28,5 urte igaro ondoren, hurrenez hurren. Erabilera-fasean kontsumitutako energia % 10 murrizten bada kontsumo-jarraibide arduratsu batzuen ondorioz, denbora-tarte horiek 30,3 26,2 eta 33,9 urtera arte luzatzen dira.

Beraz, ikerketa honek egiaztatu du CO2 emisioak murrizteko bidean aurrera egiteko eraginkorragoa dela (ingurumenari dagokionez) energia berriztagarrietan inbertitzea etxetresna elektrikoen “renove planetan” baino. “Emaitza horiek guztiek ingurumenari dagokionez jasangarriak diren ekoizpen- eta kontsumo-ereduak sustatzen lagundu diezaiekete fabrikazioaren sektoreari, arduradun politikoei eta herritarrei”, dio Ortzi Akizuk.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Etxetresna elektronikoen balio-bizitza optimoa aztertu dute, ingurumen-inpaktuak murrizteko

Erreferentzia bibliografikoa:

Alejandre, Carlos; Akizu-Gardoki, Ortzi; Lizundia, Erlantz (2022). Optimum operational lifespan of household appliances considering manufacturing and use stage improvements via life cicle assessment. Sustainable Production and Consumption, Volume 32, 52-65. DOI: https://doi.org/10.1016/j.spc.2022.04.007

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.