Itsasoko polinizatzaileak: krustazeoek algak ernaltzen dituzte

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Emma Lavaut Sorbonako Unibertsitateko biologoak eta bere taldekideek lehen aldiz begiztatu dute animalien bitarteko algen polinizazioa. Ikertzaileek ziurtatu dute itsas krustazeo txikiek alga gorri ar eta emeen artean garraiatzen dituztela horien sexu-zelulak eta, ondorioz, lehorrean gertatzen den “polinizazio”aren antzeko kasua dugula.

Aurtengo uztailean argitaratu da aurkikuntza Science aldizkarian eta zalantza ere piztu du. Izan ere, bai alga gorriak, bai krustazeoak ere, lurreko landareak baino lehenago sortu ziren eboluzioaren historian, beraz, ernalketa modu hau lehenago garatu ote zen itsasoan lurrean baino ezbaian jarri du.

Adituen aburuz, landareak animalien bitartez polinizatzea duela 140 milioi urte baino gehiago garatu zen, oraindik erabateko adostasunera iritsi ez badira ere. Loredun landareen ernalketa-metodo ohikoena intsektuen bidezko polinizazioa da, eta gehienetan, loreetan elikagai bila dabiltzan animaliek ez-boluntarioki gauzatzen dute.

poliniazaio
1. irudia: itsas ornogabe batzuek Thalassia testudinum itsas landarearen polena garraiatzen dute landare arretatik emeetara. (Argazkia: Wilfredor – CC0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ernalketa-prozesu sinbiotiko hau asko ikertu da lehorreko landare eta animalien artean, baina ez zen horrelakorik aurreikusten ur-ingurunetan. Zientzialariek betidanik pentsatu izan dute polinizazioa lehorreko kontua zela, eta itsasoan sexu-zelula arra uraren mugimenduaren bidez iristen zela emearengana. 2012. urtean, ordea, azterketa batek frogatu zuen itsas ornogabe batzuek Thalassia testudinum itsas landarearen polena garraiatzen zutela landare arretatik emeetara, landare haiez elikatzen ziren bitartean. Hura izan zen itsas ingurunean ikusi zen lehen polinizazio-prozesua.

Itsas landareak eta algak, ordea, ez dira organismo bera. Itsas landareak landare baskularrak dira, landare erreinuko organismo eboluzionatuenak. Haiek, lurreko landare baskularren moduan, sustraiak, zurtoina eta hostoak dituzte. Algak edo makroalgak, bestalde, organismo zelulanitzak dira, baina ez dute ehun baskularrik, ez eta landare baskularren atal-desberdintzapenik. Bi organismo mota hauek oso desberdinak dira ugalketa aldetik ere.

Lavaut eta bere kideek, beraz, ikusirik itsas landareetan animalien bidezko polinizazioa gertatzen zela, gauza bera frogatu nahi izan zuten algetan. Zehazki alga gorriak aukeratu zituzten, ugalketarako dituzten zailtasunengatik. Izan ere, alga gorrien gameto (sexu-zelula) emeak ez dira gorputzetik kanporatzen, eta gameto arrek ez dute beren kabuz mugitzeko gaitasunik. Hala, ernalketa gertatzeko, gameto arrak pasiboki iritsi behar dira gehienetan urruti dagoen alga emearen trikoginora (emeen ugalketarako egiturara). Orain arte, ikertzaileek uste zuten gameto arren garraio pasiboa ur korronteen bidez gertatzen zela, Idotea balthica itsas krustazeoak egia bestelakoa dela erakutsi dien arte.

Ustekabeko aurkikuntza izan zen. Sorbonako Unibertsitateko populazioen genetikari talde bat Gracilaria gracilis alga gorriaren genetika eta ugalketa ikertzen ari zen, eta horretarako, alga honen hainbat lagin itsasotik jaso eta laborategiko ur-tankeetan sartu zituzten. Egunak aurrera joan ahala, ikertzaileak ohartu ziren ehunka krustazeo txiki agertu zirela tankeetan, seguruenik algekin batera itsasotik garraiatuak. Gertaera honek pentsarazi zien animalia txiki hark nolabaiteko parte-hartzea izan zezakeela algaren ugalketan.

polinizazio
2. irudia: I. balthica krustazeoak G. gracilis algaren ugalketan parte-hartzen du gametoak garraiatzen. (Argazkia: Mark Blaxter – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Beraz, krustazeo horrek nolabait G. gracilisen ernalketan eraginen bat ote zuen frogatzeko, ikertzaileek espezie honetako algen hainbat banako sartu zituzten ur-mugimendurik gabeko hainbat tanketan. Tanke horietako batzuetan I. balthica ere sartu zuten. Eta nola jakin zezaketen ikertzaileek ernalketa gertatzen ari zen ala ez? G. gracilis espeziearen ernalketa arrakastatsua denean, alga emeek burbuila itxurako egitura berri bat garatzen dute, zistokarpo deritzona. Horrela, zistokarpoak zenbatuz, ikertzaileek kalkulatu ahal izan zuten zenbat gameto ar iristen ziren emeen trikoginora, eta alderatu ahal izan zituzten I. balthica krustazeoa zuten tankeak ez zituztenekin.

Emaitzak argiak izan ziren. Krustazeoa zegoen tankeetan, ernalketa hogei aldiz arrakastatsuagoa zen I. balthica­-rik ez zegoen tankeetan baino. Emaitzak are eta hobeto baieztatzeko, mikroskopio azpian begiratu zituzten krustazeo banako batzuk, eta, uste bezala, gorputza gametoz beteta zuten, polenez estalitako erleak bailiran. Beraz, ikertzaileek aho batez baieztatu ahal izan zuten, lehorrean bezala, itsasoan ere animalien bitarteko ernalketa gauzatzen dela, itsas landare eta alga-espezie batzuetan behintzat.

Hala eta guztiz ere, ur-korronteek ere lagun diezaiokete I. balthica­-ri gametoak zabaltzen. Alabaina, naturan algen ernalketa normalean marea baxuko putzuetan gertatzen da, ura bare dagoenean, eta horrek krustazeo hauen ezinbesteko lana iradokitzen du ernalketa-prozesu honetan zehar. Hurrengo pausua, egileen esanetan, beste alga eta animalia batzuekin proba egitea izango da, elkarrekintza bera gertatzen ote den ikusteko.

Zientzialariek aspalditik dakite itsas landare eta algen ugalketa uraren mugimenduaren bidez gerta daitekeela, baina orain beste ernalketa-mekanismo bat ere erabiltzen dutela egiaztatu da. Animalien elikatze-mugimenduei esker ere ernaltzen dira itsas landare eta algak, eta horrek ikerketa-esparru berri eta erakargarria ireki du etorkizunerako. Gainera, aurkikuntza honek iradoki dezake algak izan zirela sexu-zelulak garraiatzeko animaliez baliatu ziren lehen organismoetako bat.

Erreferentzia bibliografikoak:

Lavaut, E., Guillemin, M. L., Colin, S., Faure, A., Coudret, J., Destombe, C., & Valero, M. (2022). Pollinators of the sea: A discovery of animal-mediated fertilization in seaweed. Science, 377 (6605), 528–530. DOI: https://doi.org/10.1126/science.abo6661

Buehler, Jake (2022). Like bees of the sea, crustaceans “pollinate” seaweed, sciencenews.org, 2022ko uztailaren 28a.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

1 iruzkina

  • […] Emma Lavaut Sorbonako Unibertsitateko biologoak eta bere taldekideek lehen aldiz begiztatu dute animalien bitarteko algen polinizazioa. Esperimentu baten bidez, ikertzaileek alga gorri baten hainbat banako sartu zituzten ur-mugimendurik gabeko hainbat tanketan. Tanke horietako batzuetan Idotea balthica izeneko krustazeo espezie […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.