Asteon zientzia begi-bistan #412

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

LED

Geografia

Isabella Bird esploratzaile, idazle eta naturalista Yorkshire-n jaio zen 1831n. 19 urte zituela bizkarreko tumore bat kendu zioten eta sendagileek itsas bidaia bat egitea gomendatu zioten. Lehen bidaia hartan bidalitako gutunez baliatu zen bere lehen liburua argitaratzeko, The Englishwoman in America. 1872an, berriz ere medikuak aginduta, Australiarantz jo zuen, baina bidean Hawaiin geratu zen, eta bere bigarren liburua idatzi zuen bertan. 57 urte zituela medikuntza ikasketak egitea erabaki zuen eta Indiako misio batera joan zen. Idazle ospetsua izan zen Europan eta Amerikan, eta Royal Photographic Society elkarteko bazkide ere izendatu zuten. Datu guztiak Maialen Muniozgurenen eskutik: Isabella Bird, XIX. mendeko benetako esploratzaile eta idazlea.

Medikuntza

BioNTech konpainiak zenbait minbiziren kontrako txertoak iragarri ditu, 2030 urterako gutxi gorabehera. Aditzera eman dutenez, RNA mezularian oinarritutako txertoen bidez lortuko da minbiziaren aurka egitea, baina horien garapenaren gaineko ikerketak ez dituzte argitaratu oraindik. Horregatik, tentuz erabili behar da informazioa, ez baita oraindik erabat ziurra. Arantxa Iraola kazetariak osasun arloko berrien tratamenduari so egiten dio eta jasotzen dugun informazioaren aurrean begi kritikoa landu behar dugula azaltzen du Berrian: Botikez, hitzak ondo neurtuta.

Osasuna

UPV/EHUko langileen osasun-ohiturak aztertzeko ikerketa bat egin du unibertsitate berak. Langileen pisua, ezaugarri soziodemografikoak eta jarduera fisikoaren informazioa bildu zituzten, eta aldagai hauen arteko erlazioa aztertu dute. Emaitzen arabera, unibertsitateko langileen gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arteko konbinazioa biztanleria orokorrarena baino txikiagoa izan zen. Aipatzekoa da, bestalde, langile gizonezkoek adin goiztiarretan azaldu dutela pisu gehikuntzarako prebalentzia altuagoa, baina emakumeek pisuari ondo eusten diote. Loari dagokionez, lo-urritasuna zutenek 10.2 probabilitate handiagoa zuten gehiegizko pisua edo obesitatea izateko. Ikerketa honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Fisika

Maia Garcia-Vergniory fisikaria APS Fellow izendatu dute, material topologiko berriak identifikatzeko egin dituen ekarpen aitzindariengatik. Garcia-Vergniory Donostia International Physics Centerreko ikertzailea da, eta Kimika Kuantiko Topologikoa teoria garatu du. Material topologikoak aldi berean bi motatako propietateak dituzten materialak dira: barnean isolatzaileak diren bitartean, ertzetan eroaleak dira. Portaera horri esker, aplikazio teknologiko askotarikoak dituzte. Nazioarteko materialen base erraldoi bateko material guztiak aztertu ditu Garcia-Vergnioryk EHUko zientzialari talde batekin elkarlanean, eta ondorioztatu dute, aztertutako materialen %88k gutxienez propietate topologiko bat dutela. Aurkikuntza honengatik jaso du, hain zuzen ere, merezitako izendapena. Datuak Berrian.

Biologia

Eduardo Angulo biologoaren “Errezeta egiteko osagaiak” artikulu-sortaren lehen alea irakurgai dago Zientzia Kaieran. Bertan tomate landareaz eta fruituaz dihardu. Solanum lycopersicum, tomate landarearen izen zientifikoa da, eta lycopersicum otso-melokotoi gisa itzul daiteke. Izen arrunta ordea, antzinako mexikarren nahuatl hizkuntzako tomatl hitzetik dator. Europara Kolonekin iritsi zen 1523an, eta herbario batean kontserbatzen den tomaterik zaharrena 1551koa da. Fruitu honek gaur egungo dietetarako ezin hobeak diren zenbait osagai ditu, hala nola, mineralak, B eta C bitaminak eta karotenoideak, esaterako. Fruitu honen inguruan gehiago jakiteko Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (I) kontsultatu daiteke.

Esther Rebato EHUko Antropologia Fisikoko katedradunak Europako Antropologia Elkartearen ohorezko domina jaso du. Obesitatea izan du ikergai nagusi, ingurunearen, genetikaren eta sexu dimorfismoaren ikuspegitik. Rebatok azaldu duenez, badaude gene batzuk obesitatea izatea bultzatzen dutenak; adibidez, FTO izenekoa. Obesitatea multifaktoriala dela dio, eta inguruak eragina duela geneen espresioan. Hau da, geneak hor daude, baina gene horiek espresatu egin behar dira obesitatea garatzeko. Informazio gehiago Berrian: «Gizarteak eta kulturak eragina daukate pertsonen biologian».

Ingurumena

Exeter Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek kaleko argiak LED argiekin ordezkatzeak ingurumenean duen eraginaz ohartarazi du. Gaueko argien espektroa aztertu dute, eta jakinarazi dute argi urdina asko ari dela hedatzen. Horrek ondorio kaltegarriak dakartza, bai gizakiontzat, bai beste bizidunentzat, melatoninaren zikloaren asaldura (loarekin lotuta dago) eragiten baitu. Izarren ikusgarritasuna ere okertzen du, eta intsektuen eta saguzarren portaera ere aldatzen dela ikusi da. Azken urteetan LED gehien jarri dituzten herrialdeen artean Italia eta Espainia daude. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Izurri beltzak gure immunitate-sistema eraldatu zuela argitaratu da Nature aldizkarian. Izurri honek munduko biztanleen % 30-50 hil zen bost urtean, baina horretaz gain, gaitz autoimmuneekiko sentikortasuna handitu zuen biztanlerian. Ikerketa honen arabera, Yersinia pestis bakterioaren infekzioari aurre egiten eraginkorrak ziren aldaera genetikoak hedatu ziren, izurria geldiarazten lagundu zutenak, baina albo-ondorioak ekarri zituen aldaera genetiko horien zabaltzeak. Beraz, izurri beltza gainditu izanak gaitz autoimmuneekiko zaurgarriagoak egin ditu gizakiak. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Psikologia

Ikerketa baten egileek ondorioztatu dute luxuzko ondasun eta zerbitzuak erostea gizabanakoek estatus handiagoa erakusteko erabiltzen dutela. Hau aztertzeko, Erresuma Batuko 32 008 entitatetan hamar hilabetez lan egin zuten 683 677 pertsonaren txartel bidezko transakzioak aztertu zituzten, luxuzko gastuaren jatorria zehaztu ahal izateko. Oro har, ikusi zuten zenbat eta handiagoa izan soldata, orduan eta handiagoa zela luxuzko objektu eta zerbitzuen gastua. Bestalde, soldata-berdintasuneko egoeran, enpresan estatus baxuagoa dutenek diru-sarreren proportzio handiagoa gastatzen dute luxuzko objektuetan. Honek, ikertzaileen esanetan, “estatusak eragindako antsietatearen hipotesia” berresten du. Datuak Zientzia Kaieran: Erakusteko kontsumoa.

Teknologia

Nazioarteko ikertalde batek babes/babesgabetze estrategiak ezartzea lortu du grafeno nanoegituren sintesia zuzenean gainazaletan egin ahal izateko. Izan ere, nanoegitura hauek ez dute aireztatzea jasaten, eta dispositibo errealetan ezartzeko, manipulatu eta inguruz aldatu behar dira egitura hauek, materialak degradatzeko arriskuarekin. Arazo hau ikusirik, ikerketa honetan hidrogeno atomikoaren erabilpena frogatu dute, grafeno nanoegituratua atmosferaren efektu oxidatzaileetatik babesteko. Gainera, nanoegitura hauek beren jatorriko egiturara itzuli daitezkeela ikusi dute tratamendu termiko batekin deshidratatuz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Grafenotik eratorritako nanoegituren egonkortasun arazoak konpontzen.

Teknologia digitalen laborategi aurreratu bat zabaldu du Ikerlanek. Digilab izena eman diote laborategiari, eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan dagoen gunerik aurreratuena da. Digitalizazio prozesuaren ondorioz, teknologia berrien inguruan gero eta beharrizan handiagoak dituzte enpresek, eta horri erantzun nahi dio Digilabek. Azpiegiturak balioko du, besteak beste, elkarlaneko robotikaren, zibersegurtasunaren edo adimen artifizialaren inguruan ikertzeko. Datuak Berrian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.