Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

UPV/EHUko BIOMICS ikerketa-taldeak ikertu du RNA molekuletan —genomaren informazioa proteinetara transferitzen duten molekuletan— zer aldaketa ageri diren bularreko minbizia duten eta ez duten pertsonen artean, baita minbizi-azpimota bakoitzaren arabera zer aldaketa ageri diren ere. Emaitzen arabera, RNAren metilazioa gutxiago gertatzen da tumore-ehunetan ehun osasuntsuetan baino. Gainera, aldeak hauteman dituzte bularreko minbizian motaren arabera.

Minbizia faktore askoren mendeko gaixotasuna da, eta, gainera mota askotako minbiziak daude. Garrantzitsua da minbizia izateko arrisku-faktoreak zein diren identifikatzea: populazio-taldeak aztertzen dira, eta alderatu egiten dira minbizia dutenen eta ez dutenen ezaugarriak; hala, ondorioztatzen da minbizia daukaten pertsonek probabilitate handiagoa edo txikiagoa daukaten ezaugarri jakin bat edo beste izateko.

minbizian
Irudia: BIOMICs ikerketa-taldeak neurtu du zenbat m6A dagoen bularreko minbizian, etorkizunean itu terapeutiko berriak aurkitu ahal izateko. (Argazkia: marijana1 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICS ikerketa-taldeak RNA mezularian gertatu ohi den aldaketa ugarienetako bat aztertu dute: metilazioa (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako taldea sartzea RNA molekularen posizio jakin batean). Metilazio jakin baten ondorioz, N6-metiladenosina sortzen da (m6A). Ikerketa ugarik erakutsi dute RNAren metabolismoaren prozesu gehienen erregulazioan parte hartzen duela m6A-k. Baina oraindik ez da ezagutzen zer eragin duen aldaketa horrek gene-adierazpenaren erregulazioan, zer funtzio duen zeluletako prozesuetan eta zer eragin izan dezakeen gaitz batzuen, hala nola bularreko minbiziaren, garapenean eta aurrerapenean.

BIOMICs ikerketa-taldeak neurtu du zenbat m6A dagoen bularreko minbizian, etorkizunean itu terapeutiko berriak aurkitu ahal izateko. “m6A-ren metilazioak oso ohikoak dira, RNAren funtzioa erregulatzeko gertatzen baitira. Baina, minbizian, besteak beste, erregulazio hori galdu egiten da, eta begiratu nahi izan dugu nahasmendu horretan zer paper jokatzen duen RNAren metilazio horrek”, adierazi du Felix Olasagasti BIOMICs taldeko ikertzaileak.

Bidea luzea da

Emaitzek erakutsi dutenez, “RNAren metilazioaren ehuneko globala txikiagoa da tumore-ehunetan ehun osasuntsuetan baino, eta bien arteko aldea esanguratsua da”, azaldu du Biokimika eta Biologia Molekularreko doktoreak. Gainera, bularreko minbiziaren azpimota desberdinek duten m6A-ren metilazio-profila deskribatu duen lehen ikerketa da hau: “Ikusi dugu minbizidun zeluletako metilazioan detektatutako aldea profil desberdinarekin azaltzen dela bularreko minbizi-mota bakoitzaren arabera. Bularreko minbiziak ezaugarri batzuen arabera sailkatuta daude. Guk ikusi dugu, sailkatzeko erabiltzen diren ezaugarri horiez gainera, RNAren metilazioan ere badagoela aldea mota batetik bestera”.

Ikertzaileak horren garrantzia azpimarratu du: “Zenbat eta hobeto jakin minbizi-azpimota bakoitza nolakoa den edo nola karakterizatu, aukera gehiago izango da azpimota horri aurre egiteko tratamendua lortzeko”. Nolanahi ere, ikertzaileak onartu du oraindik bidea luzea dela. “Ikerketa honetatik atera dugu metilazioaren gorabeherak eragina izan lezakeela RNA horietatik eratortzen diren proteinetan, eta horrek, azkenean, zelularen minbizi-izaeran eragin lezake”. Horixe da ikertzaileek darabilten hipotesia.

Ikerketan sekuentziazio masiboko teknika erabili dute. “Datu pila bat sortu dugu. Horiek xeheago begiratu beharra daukagu ondo ikusteko zein genetan gertatzen diren aldaketa horiek. Behin gene horiek ondo finkatuta, hurrengo pausoa litzateke ikustea proteinetan zenbaterainoko eragina daukan, eta, gero, horrek zer efektu izan lezakeen. Ikusita minbizi-zeluletan metilazioa gutxitua dagoela, pentsa daiteke metilazio hori azkartzeak zelula horiek bere onera eramaten lagundu lezakeela”. Olasagastik dioenez, pauso bakoitza ikerketa egitasmo bat izango litzateke. Bide horretan aurrera doaz, eta horren adierazgarri da Epigenetics aldizkarian argitaratu berri duten artikulua.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Kleinbielen, Tamara; Olasagasti, Felix; Azcarate, Daniel; Beristain, Elena; Viguri-Díaz, Amparo; Guerra-Merino, Isabel; García-Orad, África; Martínez de Pancorbo, Marian. (2022). In silico identification and in vitro expression analysis of breast cancer-related m6A-SNPs. Epigenetics. DOI: 10.1080/15592294.2022.2111137

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.