Sagua, eulia eta gizakia

Argitalpenak · Dibulgazioa

Sagua, eulia eta gizakia liburua 1997an argitaratutako liburua da. Bere idazleak, François Jacob, genetika-lanen sorreraz, bilakabideaz eta etorkizunaz mintzo zaigu: “Molekulak, ugalketa eta eboluzioaren brikolajea ditugu hemen hizpide. Ikusiko dugu, orobat, nola diharduten biologoek, nola heltzen dio ten ederrari eta egiari, ongiari eta gaizkiari”.

Sagua eulia
Irudia: Sagua, eulia eta gizakia liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Genetikaren inguruko azalpen apainen haritik, ordea, munduko gatazka bizien erdira dakar Jacob-ek zientzia. Leporatu ohi zaion hoztasun eta urruntasunetik, giza auzien plazara datorkigu jakintza. Izan ere, hankaz gora jarri ditu aurrerapenak gizartearen hainbat sineste eta balio oso sustraitu, baina gainazpikatze horrek ez du esan nahi, Jacob-en ustez, elkarren aurka daudenik zientziaren aurrerabidea eta giza jokaera zintzoa: “Gizadiaren arrisku nagusia ez da jakintzaren garapena, ezjakintasuna baizik”.

Arriskuak arrisku eta mamuak mamu, diosku, ezaguera eta gizatasuna ezkontzetik etorriko dira gizarteak aurrerantzean beharko dituen balioak, mundu-ikuskera berri bati egokituak. “Nahaste ikaragarri bat gara: azido nukleikoak eta oroitzapenak, desirak eta proteinak ditugu osagai. Amaitzear den mendea biziki arduratu da azido nukleikoez eta proteinez. Datorrenak oroitzapenei eta desirei helduko die. Gai izango ote da auziok ebazteko?”.

François Jacob (Nancy 1920 – Paris 2013) izen handiko ikertzailea izan zen, hogeita hemezortzi urtez Pasteur Institutuan jarduna biologia- eta genetika-arloak jorratu zituen. Nobel saria jaso zuen, 1956an, André Lwoff eta Jacques Monod-ekin batera. Bere zientzia-lan oinarrizkoaren osagarri, beti izan zuen dibulgaziorako kezka. Ospetsuen honetaz gainera, baditu beste zenbait liburu argitaratuak, genetikaren inguruan betiere.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Sagua, eulia eta gizakia
  • Egilea: François Jacob
  • Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia
  • ISBN: 84-8373-661-6
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2004
  • Orrialdeak: 198 or.

Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Sagua, eulia eta gizakia

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.