Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ingurumena
Jone Bilbao Antolin ingurumen zientzialaria 2019tik UPV/EHUn dabil tesia egiten, Ibai Ekologia ikerketa taldearen barruan, Fitoplanktoneko laborategian. Bilbaok Urdaibaiko estuarioko uren saneamendua izan du tesian ikergai. Izan ere, Urdaibaiko estuarioa EAEko Biosfera Erreserba bakarraren parte izan arren, presio antropogeniko nabarmen batzuen eraginpean dago, eta hauen artean nagusiena Gernikako hondakin-uren araztegiaren isurketak izan dira urte askotan zehar. 2021etik, alabaina, araztegiko isuriak desbideratzea lortu da, eta Bilbaoren ikerketek erakutsi dute horrek onurak ekarri dituela Urdaibaiko ibai-ekosistemara. Fitoplanktona ikertzen atera ditu ondorio horiek, ekosistema urtarren kate trofikoaren oinarria baita eta uraren kalitatea ezagutzeko adierazle erabilienetarikoa. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Jone Bilbao: “Azken urtean uren kalitateak onera egin duen arren, fitoplanktonaren ugaritzea ez da guztiz seinale ona”.
Duela bi milioi urte klima izoztuetako eta epelagoetako animaliak elkarrekin bizi zirela ondorioztatu dute. Gaur egungo Groenlandiaren iparraldean tenperatura epelagoa zen duela bi milioi urte, eta bioaniztasun handia zegoen. Ondorio honetara iristea ahalbidetu du inoiz sekuentziatu den DNArik zaharrenak. Orain arte berreskuratutako DNArik zaharrena duela milioi urte batekoa izan zen, Siberiako mamut baten hezurretik erauzia. Oraingoan, sedimentuetatik atera dute DNA, Kap Kobenhavn deitutako leku batean, eta mastodonteen, elur oreinen, antzaren eta karraskarien arrastoak aurkitu dituzte material genetikoan. Baita karramarroak eta algak ere. Alegia, leku eta denbora berean bat egin zuten klima hotzetako eta epeletako animalia eta landare espezieek. Ikerketa honen nondik norakoak Zientzia Kaieran eta Berrian irakur daitezke.
Iazko irailetik, otsoa ez da espezie zinegetikotzat hartzen Espainian, eta, beraz, debekatuta dago otsoak ehizatzea. Erabaki horren aurka agertu dira ganaduzaleen elkarteak eta Galiziako, Asturiaseko, Kantabriako eta Gaztela eta Leongo gobernuak. Izan ere, erkidego horietan biltzen da haragijale handien % 95a. Egoera antzekoa bizi dute Europa erdialdean, Alemanian, esaterako. Bertan otsoa lehengoratu da, eta XXI. mendearen bigarren hamarkadan gero eta otso eraso gehiago erregistratu dira aziendetan. Horregatik ikertu dute eraso horien eta hautesleen jarreraren arteko harremana. Ikusi dute erasoek ondorio nabarmena izan dutela AfD alderdiari (eskuin muturreko alderdiari) emandako botoetan, bai estatu mailako hauteskundeetan, bai udal hauteskundeetan. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Otso-politikak.
Giza anatomia
Juncal Alzugarai fisioterapeutak alu baten eredu hiperrealista bat sortu du, eta Alooa izena jarri dio. Munduan egin den alu baten lehen eredu errealista da. Alzugarai zoru pelbikoan espezializatutako fisioterapeuta da, eta ez zuen inon aluaren eredu anatomiko fidelik aurkitzen. Beraz, berak asmatu du lehena. Haren esanetan, honelako eredurik ez egoteak andreen anatomiak ikerketa zientifikoan garrantzi txikia duela adierazten du. Emakumeen anatomia ez ezagutzeak esan nahi du beren prozesu fisiologiko arruntak ere ez direla ondo ezagutzen. Horrek ondorioak izan ditu emakumeen osasunean. Informazio gehiago Berrian: Alua: baztertua sarritan, agerian orain.
Osasuna
Arrazakeria, xenofobia eta bazterkeria osasun-arriskutzat hartzea eskatu dute The Lancet aldizkariko artikulu-sorta batean. Egileen arabera, faktore horiek osasunean duten eragina gutxietsi izan da, baina ondorioak oso nabarmenak dira mundu osoan zehar. Tokian tokiko desberdintasunak dauden arren, munduko leku guztietan gertatzen dira etnia, sexua, adina, klasea, migrazio-egoera, erlijioa edo azal-kolorearen araberako bazterkeriak. Besteak beste, arrazakeriak eta xenofobiak osasunean duten eragina hobeto ulertzeko, nola sortzen diren aztertu dute. Horrela, ondorioztatu dute bereizketatik eta hierarkiatik sortzen direla, eta azpian dagoenaren osasun fisikoa eta mentala gainean dagoenarena baino okerragoak direla. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Depresioa eta hesteetako mikrobiotaren alterazioa erlazionatuta daudela berretsi da. Pertsonekin egindako bi ikerketek depresioarekin erlazionatuta egon daitezkeen bakterioen generoak identifikatu dituzte. Depresio-sintomak dituzten 2.600 pertsona aztertu dituzte, eta ikusi dute haien gorozkietan hainbat bakterio-mota gutxitu edo ugaritu egin direla. Ikertzaileek uste dute bakterio horiek nerbio-sistema zentralaren funtzionamendurako neurotransmisore esanguratsuak sortzen dituztela hesteetan, eta, beraz, haien gabeziak depresio-sintomak eragin ditzakeela. Mikrobiotan eskasegi azalduko liratekeen bakterioen genero eta familien artean Coprococcus, Lachnospiraceae, Ruminococcaceae aurkitu dira besteak beste, eta Sellimonas, Eggerthella, Lachnoclostridium ugariegi azal litezkeenetako batzuk dira. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Nerea Osinalde EHUko Biokimika Saileko irakasleak alkoholak gizakiarengan dituen ondorio biokimikoak azaldu ditu Berria-ko artikulu batean. Alkohola biztanleriak gehien kontsumitzen duen substantzia psikoaktiboa da, eta jakin badakigu ez dela osasuntsua. Epe laburrean, hainbat ondorio izan ditzake, besteak beste, errendimendu fisikoa zein intelektuala murrizten ditu. Epe luzera, bestalde, gaixotasun kroniko latzak edota hilgarriak ez ezik, zahartze goiztiarra ere eragiten du. Hainbat ikerketek erakutsi dute alkoholaren kontsumoak zahartze prozesua azkartzen duela, estres oxidatiboa eragiten duelako. Oxfordeko ikerketa berri batek frogatu du, gainera, alkoholak, estres oxidatiboa tarteko, telomeroetako DNA kaltetzen duela. Beste ikerketa batek, bestalde, ondorioztatu du alkoholak garunaren bolumena murrizten duela. Azalpen guztiak Berrian: Alkoholak zahartzen gaitu.
Paleontologia
Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen. 1985ean, Jesus Altunak Errallako koban (Zestoan) zuzendu zuen indusketa batean, kanido baten humero bat aurkitu zuten. Alabaina, une hartan ez zegoen baliabiderik identifikatzeko hezurra zein kanido espezieri zegokion. Orain, Conchi de la Rúa irakasleak zuzentzen duen UPV/EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldeak sakon aztertu du hezur hondakina, eta analisi morfologiko, erradiometriko eta genetikoak berretsi egin du Canis lupus familiaris espezieari dagokiola; hau da, etxe txakurra. Errallako txakurra Goi Paleolitoaren Madeleine aldian bizi izan zen eta, horrenbestez, Europako etxe txakur zaharrenetariko bat dela esan daiteke. Datuak Zientzia Kaieran.
Argitalpenak
Loroaren teorema 1998an argitaratu zuen Denis Guedj matematikari eta dibulgatzaileak. Zientzien Historiako irakaslea izan zen Guedj Parisko unibertsitatean eta Larousse Entziklopediako matematika arloko arduraduna izan zen, besteak beste. Literaturan, antzerkian eta zineman aritu zen arrakastaz Loroaren teorema-k erakusten duenez. Best-seller bihurtu zen liburu hau 1998an, eta hogeitik gora hizkuntzatara itzuli da harrezkero. Eleberri honetan, idazle frantsesak matematikaren historia intriga-eleberria bihurtu zuen. Detektibe-ikerketa bat aitzakia, matematikaren historia aurkezten du Guedjek bere liburuan. Argitalpen hau ZIO bildumatik lortu da, Zientzia Kaierak Euskara, EHUko Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretzarekin elkarlanean eginiko atalean.
Fisika
Fusio-energia erabilgarria izateko ezinbesteko pauso bat eman dutela baieztatu dute. Lawrence Livermore laborategiko NIF Ignizio Instalazioan lortu dute, hain zuzen ere, fusio-erreakzioa gertatzeko sistemari eman zaion energia baino gehiago sortzea. Fusioa izarretan gertatzen den erreakzio-mota da; hidrogeno-atomoak fusionatu egiten dira grabitate eta tenperatura altuen ondorioz eta helioa sortzen dute. Horrekin batera, energia pila bat askatzen da. Erreakzioa hasteko ere energia handia eman behar zaio, eta hori zen erronka. NIFen erreakzio hori bera egin nahi dute, konfinamendu inertzialaren bidez, modu eraginkor eta kontrolatuan, hidrogenoa erregaitzat erabiltzeko. Azken helburua energia-iturri garbi, merke eta agorrezina izatea da. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Astronomia
Abenduaren 11n itzuli zen Orion ontzia, espazioan 26 eguneko bidaia egin ondotik. Ozeano Barean ur hartu du ontziak, Guadalupe irlatik gertu. Artemis programaren parte izan da misio hau (Artemis I misioa), eta gizakia berriz ere Ilargira eramatea du helburu. Misio honetan, ordea, jaurtitzeko sistema eta ontzia probatu dituzte, hurrengo bidaia gizakiek egin dezaten. Orion-en buelta zen arazorik handiena sor zezakeena. Izan ere, Lurraren atmosferara sartzean ontzia 40.000 kilometro orduko abiaduran sartu zen eta haren kanpoko tenperatura 2.800 gradu ingurura iritsi zen, marruskaduraren eraginez. Beraz, igandean atmosferara sartzeko sistema probatu zuten. NASAk adierazi duenez, misioa arrakastatsua izan da. SLS (Space Launch System) suziria ere estreinakoz erabili dute misio honetan, espaziora pisu handiak bidaltzeko sistema. Datuak Berrian: Lehen urratsa Ilargirako bidean.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.