Loroaren teorema

Argitalpenak · Dibulgazioa

Loroaren teorema 1998an argitaratu zuen Denis Guedj matematikari eta dibulgatzaileak. Idazle frantsesak matematikaren historia intriga-eleberria bihurtu zuen. Hizkuntza unibertsala dugu matematika, unibertsalena. Zientzia hutsetatik osoena; ospe zabalekoa, baina -maizegi- gaitzetsia: abstraktua, ulertezina, elitista… Ez dago, ordea, matematika baino demokratikoagorik!: “Geometrian, ez da errege-biderik”, ihardetsi zion Euklidesek Ptolomeo II.ari, erregeak matematikarako bide laburragoren bat eskatu ziolarik.

loroaren teorema
Irudia: Loroaren teorema liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Inguratzen gaituen horretan barrentzeko modu ahaltsuen eta zorrotzena da matematika. Ederki zekien hori Galileok: “Matematikaren bitartez mintzo da Izadia”. Izadiak matematika du adierazpide, eta hura ikasi beharko du, nahitaez, munduaren liburua irakurri nahi duenak. Umorea eta hausnarketa bateratuz, intrigazko eleberri bat ondu zuen Denis Guedj-ek, “intriga matematikozkoa”. Detektibe-ikerketa bat aitzakia, matematikaren historia aurkeztuko digu: Euklides, Pitagoras, Arkimedes, Newton, Descartes, Cantor…

Istorio argia eta atsegina topatuko dugu orriotan, pasadizoz betea. Antzinako grekoen buruhausteak eta lorpenak ederretsi; arabiarren aurrerabideak estimatu; europarren eraberritzeak ezagutuko ditugu. Familia sui generis bat osatzen duten pertsonaia xarmagarriak izango ditugu bidelagun: Ruche liburu-saltzaile bitxia, Max gazte gorra, Jonathan eta Léa bikiak, Perrette emakume misteriotsua eta,jakina, larca: Nofutur. Eta Parisko hainbat txokori egingo diegu bisita: Montmartre auzoa, museoak, liburutegiak, Grand Palais, …

Letrak eta zientziak: hala banatzen zen, oraintsu arte, jakintza. Letrak ala zientziak? Bat bera ez al da, baina, helburua? Gozatu Loroaren teorema, eta egiaztatu nor den irabazle letren eta zientzien arteko “sokatiran”: gu geu.

Denis Guedj (Setif, Argelia 1940 – Paris 2010) matematikari, matematikaren dibulgatzailea eta zientziaren historialaria izan zen. Zientzien Historiako irakasle Parisko unibertsitatean eta Larousse Entziklopediako matematika arloko arduraduna izan zen, besteak beste. Baita literaturan, antzerkian eta zineman aritu zen arrakastaz. Frantsesezko jatorrizkoa argitaratu zenean, 1998an, best-seller bihurtu zen Loroaren teorema eta hogeitik gora hizkuntzatara itzuli da harrezkero.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Loroaren teorema
  • Egilea: Denis Guedj
  • Itzultzailea: Jon Muñoz Otaegi
  • ISBN: 84-8373-816-3
  • Formatua: 16 x 24 cm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2005
  • Orrialdeak: 526 or.

Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Loroaren teorema

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.