Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzian
1954an Natalia Sarsadskikh eta Larisa Popugaieva geologoek Zarnitsa meategia aurkitu zuten, Errusiako eta munduko diamante meategi handienetako bat. Alabaina, beste espedizio batek jaso zuen aurkikuntzaren ohorea eta Popugaievak 1970era arte itxaron behar izan zuen aurkikuntza eta erabili zuen prospekzio metodoaren egiletza aitortu zitzaizkion arte; Sarsadskikhek, berriz, hogeita hamasei urte. 1953an, Natalia Sarsadskikh geologoak gidatutako talde berezi bat Markha ibaiaren goi ibilguaren ertzetara iritsi zen diamante bila. Zientzialariak bi taldetan banatu zuen bere taldea, eta horietako bat Larisa Popugaievaren ardurapean geratu zen. 1954ko ekainean, bi hilabeteko bilaketa neketsuen ondoren, kimberlitazko gainazal bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hori Sobietar Batasunaren lurraldean egindako mota horretako lehena izan zen. Geroago, Zarnitsa meatzea izendatu zuten. Azalpenak Zientzia Kaieran: Larisa Popugaieva, diamante bila ibaiak arakatzen zituen geologoa.
Klima-aldaketa
Klimaren beroketak zuhaitzetan duen eragina ez da erraz antzematen. Alabaina, iberiar penintsulan isurialde mediterraneoa iparralderantz hedatuko da tenperaturak igo eta euriteak aldatu ahala. Hala azaldu du Gilen Igoak, CNPFko teknikariak. CNPF oihan pribatuak kudeatzen dituen frantses erakunde publikoa da, eta Igoa Berriarekin hizketan aritu da gai honen inguruan. Basoen bilakaerari buruz galdetzean, Igoak argitu du pagoa desagertzea espero dela gure basoetatik, baina bertako beste espezie batzuk klima berrira egokituko direla. Adituen esanetan oraindik goizegi da klima-aldaketak euskal baso eta oihanetan izango duen ondorioez mintzatzeko, baina honezkero nabari daitezke eragin batzuk; besteak beste, suteen emendioa edota zuhaitzen hiltze edo ahultzea toki jakinetan. Datu guztiak Berrian: Beroa badator, pagoa badoa.
Ingurumena
Mendiko artzaintzak onura sozioekologikoak dakarzkio gizarteari, UPV/EHU buru duen SOSTEPASTO ikerketa-taldeak ondorioztatu duenez. Ikertzaileek azaldu dutenez, ikuspegi ekologikotik, mendiko artzaintza-sistemak lagungarriak izan daitezke larreen biodibertsitatea eta nutrizio-kalitate handia mantentzeko eta lurzoruaren CO2 fluxua murrizteko. Baina, onura ekologikoez gain, mendiko artzaintzako sistemek lanpostuak eta diru-sarrerak sor ditzakete bestelako aukera ekonomiko gutxi dituzten landa-eremuetan. Azterketak, bestalde, diziplinarteko metodologia partizipatibo bat proposatzen du, gai honen inguruan sor daitezkeen gatazkak kudeatzeko eta interes desberdinak bateratzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Mendiko artzaintza eta bere onura sozioekologikoak.
Teknologia
Itzulpen automatikoan genero-alborapena zuzentzeko teknika berritzaile bat sortu dute Oraiko ikertzaileek. Itzultzaile automatikoek algoritmoak erabiltzen dituzte, eta algoritmoek, era berean, adibideetatik ikasten dute. Horrela, sarrerako adibideetan dauden alborapen eta estereotipo sozialak errepikatzeko joera dute itzultzaile automatikoek. Arazo hau konpontzeko, proposatutako teknikak bi metodo uztartzen ditu: batetik, adibide orekatuetatik ikasiz alborapen hori zuzentzeko metodo bat, eta bestetik, generorik gabeko hizkuntzan genero-informazioa modu esplizituan txertatzeko metodo bat. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Medikuntza
COVID iraunkorrari aurre egiteko Paxlovid antibirala probatzen ari da Standford Unibertsitatea. Antibiral hori jada onartuta dago SARS-CoV-2 infekzioaren lehen fasean hartzeko, baina ikerketa batzuek iradoki dute tratamendu horrek gainera txikitu egiten duela COVID iraunkorra izateko arriskua. Horrenbestez, saio klinikoan probatu nahi dute ea Paxlovid eraginkorra den COVID iraunkorra sendatzeko, edo, behintzat, sintomak apaltzeko. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Elena Muñoz Pérezek farmazia ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko NanoBioCel taldean ari da tesia egiten. Hesteetako hanturazko gaixotasuna tratatzeko terapia berri bat du tesian ikergai. Patologia kroniko bat da, kausa ezezagunak ditu, eta ondorioz, ez du sendabiderik oraindik. Munduan 6-8 milioi gaixok pairatzen dute gaixotasun hori eta sintoma ugariko koadro klinikoa sortzen du. Muñozek, bere tesian, gaixotasuna hobetzeko 3Dn inprimatutako hidrogelak erabiltzen ditu, eta hidrogelen eraginkortasuna hobetzeko zelula amak erabili nahi ditu. Oraingoz, tratamenduak laborategian aztertzen ari da. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Elena Muñoz: “Ikertzaileon erantzukizuna da pazienteen osasuna hobetzen duten aurrerapen biomedikoak partekatzea”.
Pseudomonas aeruginosa bakterioak sortzen duen toxina batek inguruko bakterioak nola hiltzen dituen argitu du ikerketa-talde batek. Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU), Jaume I Unibertsitateko eta Sevillako Unibertsitateko zientzialariek osatutako taldea izan da aurkikuntzaren erantzule. P. aeruginosa bakterioak pneumonia eragiten du, hilgarria den T6SS sekrezio-sistemaren bitartez. Bakerioak beste zelula batzuekin topo egitean, sekrezio-sistema horren bidez hainbat toxina injektatzen dizkie zelulei. Lan berri honetan argitu dute Tse5 toxina dela injektatzen dutena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Osasuna
Txarto lo egiteak arazo fisiko eta mentalak eragin ditzake norberaren osasunean. Hala azaldu dio Berriari Ainhoa Alvarez Arabako ESI erakunde sanitario integratuko neurofisiologoak. Lo faltaren hazkundea nabaritu du Alvarezek Gasteizko Santiago ospitaleko Lo Unitatean, gehienbat 2020az geroztik. Azaldu duenez, lo ez egiteak bi ondorio sorrarazten ditu bereziki; bata fisikoa, eta bestea mentala. Alde batetik, ondo lo ez egiteak arazo kardiobaskularrak ekar ditzake; bestetik, memoria, kontzentrazio eta arreta arazoak. Bestalde, azpimarratu du garrantzitsua dela gure burmuinak ikastea ohea lo egiteko lekua besterik ez dela. Datu guztiak Berrian: «Oinarrizko premia delako sortzen digu estresa lo ez egiteak».
Astronomia
Luma gorakor erraldoia aurkitu dute Marteko Elysium Planitia lautadaren azpian. Denbora luzez uste izan da Marte geologikoki itzalita dagoen planeta dela, baina aurkikuntza honek uste horren kontra egiten du. Arizonako unibertsitateak zabaldu du prentsa ohar bat honakoa azalduz, eta argi utzi dute ebidentzia lerro asko daudela hipotesi honen alde. Argudiatu dute Marteko mantutik lurrazalera magma bideratzen duen luma horri leporatu ahal zaizkiola eskualde horretan atzemandako hainbat anomalia. Luma horrek 4.000 kilometro inguruko luzera duela kalkulatu dute gutxi gorabehera, eta haren burua 25 eta 200 kilometro arteko sakoneran dagoela. Berri honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Luma gorakor erraldoia aurkitu dute Marten.
Genetika
Koldo Garcia Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzaileak euskal populazioan digestio-aparatuko gaixotasunen inguruan egin dituzten gene-ikerketak azaldu ditu Zientzia Kaieran. Digestio-aparatuko gaixotasunek ospitaleratzeen %15 inguru eragiten dute, eta azken urteetan horietako biren gene-oinarriak aztertu dira euskal populazioan: hesteetako hanturazko gaixotasuna eta kolon eta ondesteko minbizia. Zehazki, gaixotasun bakoitzerako pertsona gaixoen eta osasuntsuen bost milioi gene-aldaera ingururen informazioa eskuratu dira eta aldaerok erkatu dira gaixotasunean gehiago zeintzuk agertzen ziren zehazteko. Garciak azaldu duenez, hesteetako hanturazko gaixotasunarekin lotura izan dezaketen 33 gene-eskualde detektatu dituzte; kolon eta ondesteko minbiziaren kasuan, berriz,hainbat gene-aldaera identifikatu dira, eta hainbat eredu garatu dira gene-arriskua kalkulatzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Bi milioi urteko DNA berreskuratzea lortu dute Groenlandiako sedimentuetatik. Orain arteko DNArik zaharrenak milioi bat urte zituen. Lagin berri horren bidez ordura arteko fosilen eta polenen aztarnetan identifikatu ez zituzten espezie ugari identifikatu dituzte. Horien artean landare espezie asko, Pleistozenoko eta egungo animalien arbasoak (erbiak, mastodonteak, elur-oreinak, karraskariak eta antzarak, besteak beste), itsas espezieak (ferra-karramarroa eta alga berdeak, besteak beste) eta bakterioak eta onddoak. Ikertzaileek nabarmendu dute bioaniztasun horrek ez duela parekorik gaur egun. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Argitalpenak
Giza gorputza lanean 1975ean argitaratu zen, eta John Lenihan fisikaria da haren egilea. Lenihanek gizakia makina bezala aurkezten du liburuan, atalka makina horren antolaketa eta funtzionamendua azaltzen ditu. Lenihan biomedikuntzako ingeniaritzan espezializatua zen, eta gaitasun berezia zuen medikuntzako eta zientziako gaiak argitasun erakargarriz jorratzeko. Atal hau Zientzia Kaierak Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretzarekin elkarlanean egin du, eta ZIO bildumatik lortu da.
Urteko zientzia-albisteak
Berriak aurtengo zientzia-aurkikuntza eta albisteen bilduma egin du, alfabetikoki ordenatua. Aurrerapen garrantzitsuenen artean daude James Webb teleskopioak ateratako unibertsoaren irudirik sakonenak; Fusio errentagarriaren albistea ere izan dugu; Medikuntzan aurrerapenak egin dira transplanteetan, garunari kalte egiten dioten gaitzetan eta txertoetan, eta arkeologiak historia hobeki ulertzeko gakoak eskaini ditu. Bilduma hau irakur daiteke Berrian: Giza ikusmira zabaltzen.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.