Lurreko “estralurtarrak”

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bioaniztasun-galera eta klima-aldaketa gaur egungo kezka-iturri nagusienetarikoak dira zientzialarien artean. Hala eta guztiz ere, halako kezkei irtenbideak aurkitzeko baliabide eskasak dituzte gaur egun, eta honen arrazoi nagusia da gizarteak lotura falta handia duela naturarekin. Gizakiaren eta naturaren arteko tartea geroz eta handiagoa da, eta urruntze horren berri izan dezakegu azken mendean kulturak izan duen bilakaerari erreparatzen badiogu.

Modu batera edo bestera, gutako asko lotuago sentitzen gara gizakiak sortutako gailu edo espazioei, gertu ditugun gune edo esperientzia naturalei baino. Oro har, aire zabaleko ekintza gutxi gauzatzen ditugu egunean zehar; naturan are gutxiago, eta leku itxiak, hiriak eta gailu elektronikoak gailendu dira pertsona askoren bizitza profesionalean eta aisian. Prozesu horri “gizakiaren naturarekiko deskonexioa” izena eman zaio, eta askotariko ondorioak ditu, bai osasun fisiko eta mentalean, baita prozesu sozialetan ere.

Naturarekiko deskonexioaren eragile nagusienetako bat nahiko argia da: pertsona gehiago bizi dira hirietan landa-eremuetan baino. Gaur egun, munduko populazioaren %56 (4.400 milioi biztanle) hirietan bizi da. Gehienok geroz eta gehiago eraldatutako eta gizakiak menderatutako inguruneetan bizi gara, non prozesu naturalak geroz eta urrunago eta ezkutuago topatzen ditugun. Urbanizazioak homogeneizatu egiten du inguruko bioaniztasuna, eta askotan bertakoak ez diren espezieak gailentzen dira, gainera. Horrek tokian tokiko landare- eta animalia- espezieen aniztasuna txirotzen du, eta haiekin dugun harremana hozten da, inguratzen gaituena “inpertsonala” bilakatzen baita. Horrela, deslotura esponentzial batean murgildu da gizakia, eta naturak aberastasuna galtzen duen heinean, guk harentzat dugun estimua galtzen dugu. Gurpil zoro horretan harrapaturik, alde askotatik jada ez dugu naturaren beharrik sentitzen, eta ezjakintasun kolektiboak axolagabekeria kolektibora garamatza.

naturarekiko deskonexioa
Irudia: Gizakiaren eta naturaren arteko tartea geroz eta handiagoa da. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Deskonexio-sentsazio hori prozesu abstraktua da, psikologikoa eta kolektiboa, eta zaila da, beraz, enpirikoki neurtzen. 2014an, ordea, ikerketa talde bati modu bitxi bat otu zitzaion prozesu hori kuantitatiboki neurtzeko: pentsatu zuten Disney-ren marrazki bizidunetako filmek islatu zezaketela, nolabait, denboran zehar naturak gizartean izan duen pisua. Hala, 70 urtean zeharreko Disney-ren filmak aztertu zituzten, paisaia naturalen irudikapenek pelikuletan zuten garrantzia kuantifikatuz. Egileek ikusi zuten, hain zuzen ere, urteak joan ahala pelikulek geroz eta paisaia natural gutxiago irudikatzen zituztela, bioaniztasun gutxikoak, eta gizakiak eraldatutako edota sortutako agertokiak gailentzen zirela film berrienetan.

Antzeko ikerketa bat egin zuten Ingalaterran hiru urte geroago. Orduan, gizakiaren naturarekiko deskonexioa neurtu nahi izan zuten gizakiak sortutako produktu kulturalei erreparatuz. Zehazki, 20. mendetik aurrerako pop kultura ingeleseko produktuen berrikuspena egin zuten ikertzaileek. Horretarako, urte horietan zehar argitaraturako eleberriak, abestien letrak eta pelikulen tramak hartu zituzten aintzat. Izan ere, idazleek, musikariek edota zinema-zuzendariek beren sorkuntzetan natura geroz eta gutxiago aipatu bazuten, hiru arrazoirengatik izan zitekeen, ikertzaileen aburuz: kultura-sortzaileek esperientzia gutxiago bizi zituztela naturan, momentu horiek eragin lausoagoa zutela sortzaileengan, edo naturarekin lotutako gaiek erakargarritasuna galdu zutela haien ikuslerian. Eta, hain zuzen ere, produktu horietan naturari eginiko erreferentziak murriztu zirela egiaztatu zuten. 50eko hamarkadako abesti herrikoiek zituzten naturarekiko erreferentziekin alderatuz, adibidez, heren bat soilik aipatzen ziren ikerketaren urtean.

Aurkikuntza horiek ondorio bakarrera garamatzate: iraultza teknologikoak gizakiaren bizimodua aldatu du, eta horrekin batera, gure aisialdirako gustuak. Produktu kulturalen gai-aldaketak bat datoz telebistaren kolonizazioarekin, bai eta, denboran hurbilago, bideo-jokoen eta Interneten arrakastarekin. Baina egoera are aldrebesagoa da, jarraian ikusiko dugunez. Izan ere, hain da konplexua batzuetan gizakia, ezen etxe-barrua eta mundu birtualak naturagatik trukatzeaz gain, natura bera “erreplikatu” dugun birtualki, eta gainera, badirudi aukeran nahiago dugula “natura birtuala”.

Fenomeno horren gaur egungo bi adibide oso argi ditugu. Bata, ezin garaikideagoa, Avatar pelikulak. Film horiek ikusi ez dituenarentzat, hemen doa sinopsi labur bat. Etorkizunean, izakia Lurreko aberastasun guztia agortzeko zorian dago, eta Pandora delako planeta aurkitzen dute. Bertako eboluzioak Lur planetakoak iragan dituen pausu ia berdinak jarraitu ditu. Pandorak Lurraren gisako ozeanoa eta atmosfera ditu, bai eta landare eta animalia antzekoak ere, eta gizakiaren antz handia duten izaki urdin batzuk bizi dira bertan. Izaki hauek naturarekin lotura estuan bizi dira, eta dena da zoragarria planeta horretan. Bada, edonork esango luke Avatarren bi pelikulak natura fantastiko eta birtual bati buruzko dokumentalak direla, Pandorako bizitza goresteko filmak. Hausnarketa zera da: inoiz egon al da “blockbuster” izatera iritsi den animaliei buruzko dokumentalik?

Pokémon frankiziaren bideo-joko eta pelikulak dira beste adibidea. Pokémonen mundu birtualean jokalariek pokémon deritzen izaki fantastikoak biltzen dituzte, haiek entrenatu eta beste jokalarien aurka lehiatzeko. Tematika horren jarraitzaileek, gehienetan haur edo nerabeek, pokémon guztien izenak dakizkite, bai eta beren ahulezia, indargune eta beharrizanak ere. Bitxia zera da, Science aldizkarian argitaratu zenez, haurrek pokémon “espezie” gehiago ezagutzen dituztela Lurrean bizi diren eta errealak diren animalia-espezieak baino; eta are gutxiago ezagutzen dituzte animalia bakoitzaren biologia eta ezaugarriak.

Zergatik da erakargarriagoa mundu birtuala? Zergatik sortzen ditugu ingurune eta espezie berriak Lurrekoak alde batera utziz? Agian, besterik gabe, gizakiak sormena eta gaitasuna duelako atsegin duen hori eta adimena pizten dion hori sortzeko; agian inkonformista delako izatez. Agian natura bera ere aspergarria zaigu jada, zaharkitua, efektu berezi eta superbotererik gabea. Baina ez gara avatarrak, ezta pokémon-entrenatzaileak ere; gizakiak gara, Lurrean bizi gara eta natura paregabe batek inguratzen gaitu; natura hau bai da erreala, ikusteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu daitekeen natura berdingabea, landare zoragarriz eta animalia pentsaezinez betea. James Cameronek Lurrari buruzko pelikula bat egingo balu!

Erreferentzia bibliografikoak:

Balmford, Andrew; Clegg, Lizzie; Coulson, Tim; Taylor, Jennie (2002). «Why Conservationists Should Heed Pokémon». Science 295, n.o 5564 2367-2367. https://doi.org/10.1126/science.295.5564.2367b

Kesebir, Selin; Kesebir, Pelin (2017). «A Growing Disconnection From Nature Is Evident in Cultural Products». Perspectives on Psychological Science 12, n.o 2 258-69. https://doi.org/10.1177/1745691616662473

Miller, James R. (2005). «Biodiversity Conservation and the Extinction of Experience». Trends in Ecology & Evolution 20, n.o 8 430-34. https://doi.org/10.1016/j.tree.2005.05.013

Prévot-Julliard, Anne-Caroline; Julliard, Romain; Clayton, Susan (2015). «Historical Evidence for Nature Disconnection in a 70-Year Time Series of Disney Animated Films». Public Understanding of Science 24, n.o 6 672-80. https://doi.org/10.1177/0963662513519042


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..