Gepardoak, uste baino ataka estuagoan

Amaia Portugal

Orain dela mende bat bizitokitzat zituzten lurraldeen hamarrena baino gutxiago geratzen zaie gaur egun gepardoei. Zazpi mila ale besterik ez daude, eta Asian ia desagertu dira. Gehienak babestutako guneetatik kanpo bizi dira. Parke nazionaletatik at gizakiek eta animaliok eremuak parteka ditzaten, neurriak hartu behar direla uste dute ikertzaileek.

Lehorreko animalia azkarrenak hil ala biziko lasterketa gal dezake, neurririk hartzen ez badugu. Ikerketa batean ondorioztatu berri dutenez, 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena ikaragarri murriztu da: orain dela mende bat hartzen zituzten lurraldeen %9a baino ez dute betetzen egun. Animalia hau arrisku larrian jarri duen arazo nagusietako bat zera da, ale gehienak parke eta eremu babestuetatik kanpo bizi direla, eta horrek are gehiago zailtzen du haien etorkizuna.

Gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena da honakoa, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu dira elkarlanean horretarako. Sarah Durant ikertzaileak azaldu bezala, animalia iheskorra da oso, eta hari behatzea zaila da. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”, esan du. Hala plazaratu dute, PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluan.

1. irudia: Gaur egun 7.100 gepardo inguru geratzen dira. (Argazkia: James Temple / Flickr / CC BY 2.0)

1. irudia: Gaur egun 7.100 gepardo inguru geratzen dira. (Argazkia: James Temple / Flickr / CC BY 2.0)

Gaur egun, gepardo ia guztiak Afrikan daude; Asian 50 ale eskas geratzen dira, eta Irango gune zehatz batzuetan baino ez daude, isolatuta. Munduko kontinente handienean animalia honek izan duen gainbehera ikaragarria izan da, baina Afrikan ere, galera ez da txikia izan. Zimbabwen, esaterako, gepardoen populazioa 1.200etik 170era jaitsi da azken hamasei urteotan. Gainera, orain guztira 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude. Afrika hego eta ekialdeko 30 eremu bereizitan daude, han-hemenka, eta isolamendu horrek are gehiago jartzen du kolokan animaliaren etorkizuna.

Ikerketaren arabera, giza faktoreak gepardoaren biziraupenari egin dion kaltea agerikoa da. Ez dakigu askorik animaliok eremu babestuetan zein horietatik kanpo jasaten duten jazarpenaren inguruan, baina izan bada. Gainera, gehiegizko ehizaren ondorioz, gero eta harrapakin eta elikagai gutxiago dituzte eskura; habitat galera pairatzen dute; eta gepardoen eta haien gorputzeko zenbait atalen legez kanpoko trafikoak ere ez du laguntzen. Neurririk hartu ezean, datozen hamabost urteotan gepardoen kopurua erdira murriztu daitekeela uste dute ikertzaileok.

Babestutako zenbait gunetan ehunka gepardo bizi dira oraindik; esaterako, 340 ale inguru zenbatu dituzte Serengeti Parke Nazionalean (Tanzania). Hala ere, gaur egun, animalion %77a gotorleku horietatik kanpo bizi da, eta hori bereziki kezkagarria da biziraupenari begira. Izan ere, babestutako eremuetan dauden gepardoen proportzioa txikitu ahala, desagertzeko arriskua azkar handitzen da. Parke nazionaletako gepardoen hazkunde tasak oso nabarmena izan beharko luke, horietatik kanpo bizi direnen desagertze azkarra berdintze aldera.

2. irudia: Serengeti Parke Nazionalean 340 gepardo inguru bizi dira, baina eremuak babestea ez da aski. (Argazkia: Bjørn Christian Tørrissen / CC BY-SA 3.0)

2. irudia: Serengeti Parke Nazionalean 340 gepardo inguru bizi dira, baina eremuak babestea ez da aski. (Argazkia: Bjørn Christian Tørrissen / CC BY-SA 3.0)

Animalia hau hedapen handiko inguruneetan mugitzen dela kontuan hartuta, babestutako eremuak hainbeste zabaltzea zaila da, eta bestelako irtenbidea proposatu dute ikerketa honetan. Gizakiak eta gepardoak elkarrengandik ahalik eta gehien urrundu beharrean, bi animaliok eremuak partekatzearen aldeko apustua egiten da. Tokian tokiko komunitateek gepardoak babestea, gobernuak mugaz gaindiko elkarlanean aritzea eta halako neurriak sustatzearen alde egiten dute ikertzaileok.

Kim Young-Overton artikuluaren beste egileetako batek gaineratu bezala, “babestutako eremuak gotortzea ez da nahikoa. Animaliok urrutira mugitzen dira, eta haien bizitoki diren lurralde babestuak zein babesik ez dutenak kontserbatu behar ditugu”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Sarah M. Durant et al. The global decline of cheetah Acinonyx jubatus and what it means for conservation. Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS). December 27, 2016. DOI: 10.1073/pnas.1611122114

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #136 - Zientzia Kaiera

[…] Datu triste batekin hasi dugu albisteen errepasoa: 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena murriztu da. Amaia Portugalek kontatu digu gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena dela, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu direla elkarlanean. Sarah Durant ikertzaileak azaltzen du, animalia iheskorra dela eta hari behatzea zaila dela. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”. Afrikan daude gepardo ia guztia; Asian ale eskas geratzen dira. Orain, guztira, 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>