Gure denbora neurtzen duten diapasoiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Koenig hil da, eta lagunek maitasunez eta errespetuz oroituko dute. Ez zegoen zientzia akustikoa hark bezala miresten zuen inor. Atsedenik gabeko batxiler gisa jardun zuen bizitza osoan zehar, eta azken urteetan antsietatea eta estutasunak gertutik ezagutu zituen. Izan ere, ogibidetzat zuen zientziak ez zion bizitzeko adina ematen. Ez dute berehala ahaztuko, baina ez dago bere lekua hartu nahi duenik ere
Le Conte Steven, 19011.

Lissajousen esperimentu optikoek soinu bibrazioak zehaztasun handiz ikusteko aukera eman zuten lehen aldiz, eta ikerketa akustikorako funtsezko tresna bilakatu ziren XIX. mendearen amaieran. Dena den, diapasoia oraindik ez zegoen prest laborategian tresna gisa erabiltzeko, kolpatu ondoren soinua azkarregi desagertzen zelako. Eragozpen hori saihesten saiatu ziren zientzialarien artean, Rudolph Koenig izan zen irtenbiderik praktikoena lortu zuena. Alemaniar jatorriko luthier eta fisikari hark mekanismo bat asmatu zuen: diapasoien hotsa luzatzea ahalbidetzen zuen horrek, eta, gainera, harekin bibrazio maiztasuna zehaztasunez neur zitekeen. Eta hala, nahi gabe, betirako aldatu zuen denbora neurtzeko modua. Haren ondareak gaur egun erabiltzen ditugun ia erloju guztien bihotzean jarraitzen du oraindik, diapasoi erara.

Hala ere, egiaz, Koenig ez da oso zientzialari ezaguna. Nerabezaroan, Fisika eta Matematika ikasi zituen Königsbergen, baina ez zen unibertsitatera joan. Institutua (edo “gymnasium”, garai hartan deitzen zioten bezala) amaitzean, Parisera joan zen bizitzera, Jean Baptiste Vuillaume izeneko luthier entzutetsu baten aprendiz lan egitera. Musika tailerrean, mota guztietako instrumentuak egiten ikasten zuen bitartean, Koenigek egurra eta metala lantzeko zuen talentua hobetu zuen.

denbora
1. irudia: 1889ko Koenig katalogoko erloju baten marrazkia, Catalog des appareils d’acoustiquen ageri den bezala. (Marrazkia: L. Landry – domeinu publikoko irudia. Iturria: Sound & Science: Digital Histories / Berlingo Humboldt Unibertsitatea)

Ziurrenik orduan bereganatu zuen akustikarako grina ere. Zazpi urtez soinua egiteko makinak egiten aritu ostean, Koenigek bere negozioa hastea erabaki zuen. Horrek, ordea, aldatu egin zuen bere ibilbidea. Laborategiko tresnen diseinuan eta ikerketa akustikoan lan egitea erabaki zuen. Bere diseinuek jada ez zuten musika soinuak sortzeko balio, aztertzeko baizik.

Koenigek ospe handia lortu zuen akustiko eta zehaztasuneko diapasoien fabrikatzaile gisa, baita beste gailu fisiko batzuk egiteagatik ere. Helmholtz eta biak elkarrekin aritu ziren lanean, soinez soin, eta XIX. mendearen amaieran, munduko laborategi akustiko guztietan aurki zitezkeen beren diseinuak. Horien artean, erloju mekanismo baten laguntzaz etengabeko bibrazioan mantentzen zen diapasoi bitxi bat zegoen. Erloju estandar baten oso antzekoa zen, baina aldaketa bakarra zuen: normalean pendulu batek hartuko lukeen lekuan diapasoia erabiltzen zen, maiztasuna markatzeko. Diseinuari esker, aukeratutako diapasoiaren maiztasuna zehaztasun osoz neur zitekeen. Nahikoa zen gailuaren orratzek markatutako denbora ondo kalibratutako erloju batenarekin alderatzea. Horrela egiaztatu zuen Koenigek Lissajousen diapasoi estandarrak, hots, “la unibertsala” izatera bideratuta zegoenak, ez zituela segundoko 435 bibrazio nabarmen sortzen, 435,4(5) baizik.2

Koenigen erloju diapasoiak beste arrazoi batengatik izan zuen aparteko garrantzia. Mekanismoak bibrazioa konstante mantentzen zuen bitartean, diapasoiaren afinazio tematiak (musikarientzako tresna bikaina bihurtzen duen ezaugarri bera) erlojuaren orratzak beti abiadura berdinean mugitzen zituen, doi-doi. Hori dela eta, denbora neurtzeko aliatu bikaina zen.

denbora
2. irudia: kuartzozko kristalezko erresonadorea “kuartzozko” erloju moderno baten diapasoi itxurarekin. (Argazkia: Chribbe76 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Eskumuturreko erlojuetan mende bat geroago txertatu zen, aurrekaririk gabeko zehaztasuneko modeloak ekoizteko. 1960an, Accutron erlojua salgai jarri zen, denbora adierazteko 360 hertzeko altzairuzko diapasoi bat erabiltzen zuen erlojua, hain zuzen. Maiztasun hori gizakien espektro entzungarrian zegoenez, erabiltzaileek fa diesean zegoen burrunba txiki bat entzun zezaketen erlojua belarrira hurbiltzean. Egia esan, iruditzen zait poesiarako aukera galdu zela 440 Hz-etako diapasoirik ez erabiltzean, baina kontua da berrikuntza hark izugarri hobetu zuela erlojuen zehaztasuna. Ziurrenik horregatik mantentzen du Bulova erloju markak, Accutronen jatorrizko fabrikatzaileak, diapasoi bat bere logotipoan.

Denborarekin, fabrikazio prozesuak hobetu egin ziren, baita materialak ere. Malgukien ordez pilak erabiltzen hasi ginen eta elektronika menderatzen ikasi genuen. Gaur egun, ia eskumuturreko erloju guztiek urkila formako diapasoi txiki bat dute. Kuartzoz egina dago eta 32768 Hz-etan kulunkatzen da. Eta guk jadanik ez badugu entzuten ere, baliteke gure maskotek oraindik soinu musikal hura entzuten jarraitzea.

Erreferentzia bibliografikoak:

1 Le Conte, Steven W. (1901). Rudolph Koenig. Science, 14, no. 358, 1901, pp. 724-727. DOI: 0.1126/science.14.358.724

2 Feldmann, H. (1997). History of the tuning fork. I: Invention of the tuning fork, its course in music and natural sciences. Pictures from the history of otorhinolaryngology, presented by instruments from the collection of the Ingolstadt German Medical History Museum. Laryngorhinootologie, 76(2), 116–122. DOI: 10.1055/s-2007-997398


Egileaz:

Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, Arte Ederretan lizentziatua, Fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko uztailaren 28an: Los diapasones que miden nuestro tiempo.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..