Aitor Pinedo Jauregik mendiko erreskatatzaile profesionalen gaineko doktore-tesia defendatu zuen, helburutzat harturik deskribatzea zer-nolako eragina duen motxilaren kargak errendimendu fisikoan lana egin behar dutenean. Horretarako, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko erreskatatzaileen laguntza izan zuen.
Mendiko kirolak gehien praktikatzen diren diziplinetakoak dira. Zehazki, lehena da Espainian, 2022an egindako kirol-ohiturei buruzko azken inkestaren arabera, eta bosgarrena Euskal Herrian. Gainera, Espainiako Mendiko Kiroleko eta Eskaladako Federazioa (FEDME) laugarren postuan dago lizentzia-kopuru osoa kontuan hartuz gero.
EAEko istripuei buruzko azken datuen arabera, mendiko erreskateen kopurua handitu egin da azken hamarkadetan. Hala, 2021ean, mendiko atalak 620 aldiz lan egin behar izan zuen; 570 erreskate eta 50 bilaketa egin zituzten. Natura-inguruneetan kirola egitean gertatzen diren istripuetan, istripua izan duen pertsona bere kabuz edo lagunen baten laguntzaz mugitu ezin bada, erreskatea egin behar izaten da, eta, normalean, mendiko erreskateetan espezializatutako taldeek egiten dituzte halakoak.
Istripuaren tipologiaren eta hara iristeko bidearen arabera, erreskatea egiteko materiala garraiatu behar izaten dute erreskatatzaileek, eta horrek eragina izan dezake haien errendimendu fisikoan eta jardunaren arrakastan, baita kanpoko beste faktore batzuek ere (altitudea, malda, motxila baten masa, meteorologia, etab.). Faktore horiek eta erreskate batzuen arrisku-egoerek eragina dute erreskatatzaileen errendimendu fisikoan, eta haien segurtasuna ere arriskuan jartzen dute.
“Mendiko erreskate-taldeen jarduera eliteko kirolarien taldeen jardueraren antzekoa izan liteke, bi taldeen errendimendu fisikoa funtsezkoa baita azkenean arrakasta izateko. Beraz, beharrezkoa da erreskatatzaileen errendimendu fisikoa zer-nolakoa den jakitea, baita haien errendimenduari eragiten dioten erreskateen ezaugarriak ere”, adierazi du ikertzaileak.
Tesiaren ondorioak
Egindako ikerketaren ondoren, Aitor Pinedok ondorioztatu du ezen, literatura zientifikoan, ezaugarri desberdinetako protokoloak erabiltzen direla eta horrek izugarri zailtzen duela gaiari buruzko azterketak bata bestearekin konparatzea. Bestalde, frogatuta geratu da bizkar-zorroaren masak eta maldak eragin gehigarria dutela aztertutako aldagai fisiologikoetan eta pertzepziozkoetan.
Horregatik, mendiko erreskatatzaileek beren gorputz-masaren % 20ko edo gehiagoko kargak ez eramatea gomendatzen du. “Atalase horretatik beherako kargak garraiatzeak aukera ematen die % 20rainoko inklinazioko maldetan ibiltzeko errendimendu fisikoaren galera handirik gabe. Erreskate-taldeek alderdi hori kontuan hartu ahal izango dute jarduera-protokoloak diseinatzeko edo aldatzeko orduan”, zehaztu du Pinedok.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko laborategian egindako neurketetarako, Stryd gailua erabili zen; oinaren azelerazioak eta dezelerazioak monitorizatzen ditu korrika egitean, eta, nolabait, unean uneko potentzia mekanikoa zenbatesten du. Gainera, gailua gai da espazio- eta denbora-parametroak monitorizatzeko, hala nola kadentzia. Potentziak, ariketaren intentsitatearekin lotuta dagoenez, potentziaren arabera entrenatzeko aukera ematen du, eta horrek esan nahi du jardueran egiten den esfortzua aztertu eta kontrolatu daitekeela. “Frogatuta geratu da, laborategian egindako ikerketa zientifikoetan, Stryd gailua martxako urrats-kadentzia neurtzeko erabil daitekeela, inklinazio positibo eta motxila-masa desberdinak baliatuz. Horrek, gainera, kostu ekonomikoa murriztu dezake korri egiteko zintetan martxa aztertzeko gailuak erostean”, esan du.
Ikerketa-ildo berri hori aplika dakieke lanean motrizitatea funtsezko duten beste larrialdi-talde batzuei ere, hala nola mendiko erreskate-taldeei edo suhiltzaileei. Talde horien lana errendimendu handiko ikuspegitik aztertu beharko litzateke, hala nola eliteko kirolarien ikuspegitik.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Kargaren eragina mendiko erreskateetan
Erreferentzia bibliografikoa:
Protocols used to determine the influence of backpack load on physiological variables Systematic review. International Journal of Industrial Ergonomics, 86, 103227. DOI: 10.1016/j.ergon.2021.103227
Physiological stress in flat and uphill walking with different backpack loads in professional mountain rescue crews. Applied Ergonomics, 103, 103784. DOI: 10.1016/j.apergo.2022.103784
Reliability and validity of the Stryd Power Meter during different walking conditions. Gait & Posture, 92, 277-283. DOI: 10.1016/j.gaitpost.2021.11.041