Urlehortar bitxienaren jatorria argitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

AEBn aurkitutako fosil berriek aukera eman dute denboran 220 milioi urte atzera joan eta zezilien historia ebolutiboa argitzeko.

Zaila da idatzizko medio batean halakorik proposatzea. Ez da, ez, formaturik egokiena. Baina, tira, ahaleginduko gara. Egin dezagun esperimentu txiki bat. Behin esaldi hau irakurrita, itxi begiak eta saiatu irudikatzen urlehortar bat. Edozein.

Esaldi hau irakurtzen ari bazara, suposatutzat emango dugu dagoeneko irudi hori irudikatu duzula zure buruan, eta jakin nahi duzula zertara datorren proposamen tonto hau. Arrazoia duzu: proposamen tontoa da. Inork ez du sinetsiko magia egin dugunik esaten badugu igel bat irudikatu duzula. Edo arrabio bat. Zapaburu itxuran ere balekoa zaigu. Edozein kasutan, lasai egon zaitezke. Gizaki arrunta zara. Normal-normala. Mainstream, jende modernoaren hizkera modernoan.

Baina urlehortar hitza aipatzean burura datorkizun irudia zezilia batena baldin bada, irakurle orok merezi duen errespetuarekin, gauza bat argi esango dizugu: biologiaren friki bat zara. Kito.

urlehortar
1. irudia: Funcusvermis gilmorei espeziearen irudikapen artistikoa, duela 220 milioi urteko fosil batean abiatuta. (Irudia: Andrey Atuchin – Creative Commons Attribution 4.0 International litzentziapean. Iturria: Wikimedia Commons).

Ez da batere arraroa gehienei irudi hori bururatu ez izana. Izan ere, zeziliak nahiko animalia bitxi eta bereziak dira. Egia esanda, urlehortar baino, itxuran bederen, zizare erraldoi bat ematen dute. Hortzak dituzte, baina soilik harrapakinei eusteko: harrapakinak irensten dituzte, sugeek egiten duten moduan. Sugeekin nahasteko joera ez da horren ezezagunak izatearen arrazoi bakarra: ezkutuan bizi ohi dira, lurzoruko orbelaren artean, eta bertan erraz mugitzen dira; besteak beste, bala baten itxurako burua dutelako, eta horrek errazten die lurrean sartzea. Beren habitatak eremu tropikaletara mugatzen dira, baina horrek ez du esan nahi gutxi direla: orotara, 200 espezie inguru ezagutzen dira gaur egun. Hamahiru bat urte bizi dira, gatibutasunean, baina ez da ondo ezagutzen zenbat denboraz bizi daitezkeen naturan.

Ezagutza falta hori ez da, gainera, gaur egungo zezilietara mugatzen. Beren historia ebolutiboa ere ez da larregi ezagutzen, batez ere fosil gutxi daudelako. Duela gutxira arte, hamar fosil besterik ez ziren ezagutzen; guztiak duela 183 milioi urte ingurukoak (Jurasikoaren hasierakoak). Baina DNAren bitartez egindako kalkuluen arabera duela 370-270 milioi urte agertu behar ziren (Karboniferoan edo Permikoan).

“Duela gutxira arte”, genion. Izan ere, orain fosil berriek agertokia pixka bat argitu dute. Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean orain arte azaleratu den zezilia baten fosil zaharrenaren berri eman dute. Duela 220 milioi urteko estratu batean aurkitu dituzte espezie berekoak diruditen 70 banakoren arrastoak, Arizonan (AEB) dagoen Baso Petrifikatuaren Parke Nazionalean. Hortaz, zezilien historia ebolutiboan 35 milioi urte atzera joatea lortu dute ikertzaileek.

Aztarna asko azaleratu dira, baina, momentuz bederen, ez da ale osorik aurkitu, eta, kasurako, ezin izan dute zehaztu espeziearen luzera. Besteak beste, barailak, ornoak eta hanka zatiak deskribatu dituzte. Ez dira, ez, batere handiak: aztertu duten barailarik handiena 6-7 milimetroren bueltan ibiliko da. Hortaz, eta luzera zehatza ez ezagututa ere, argi dago nahiko animalia txikiak izan zirela.

Ben Klingman doktoretza ikasleak aitortu duenez, ezusteko galanta hartu zuen baraila fosil bat mikroskopioaren azpian jarri eta aurrenekoz hortz lerro bikoitza ikusi zuenean. “Berehala konturatu ginen zezilia bat zela, inoiz aurkitutako zezilia baten fosil zaharrena; bizitzan behin baino ez den gertatzen aurkikuntza horietako bat, hain zuzen”, azaldu du prentsa ohar batean. “Zezilia fosilak oso eskasak dira, eta normalean paleontologoek aurkitzen dituzte ohikoagoak diren beste hainbat animaliaren fosilen bila ari direnean”, gaineratu du.

urlehortar
2. irudia: aurkitutako beheko baraila baten argazkia, mikroskopiotik ikusita. Barailak milimetro batzuk baino ez ditu. Beraz, eta animaliaren tamaina ezagutu ez arren, jakin badakite nahiko espezie txikia izan zela. (Argazkia: Ben Kligman/Virginia Tech)

Aurkitutako espezie berriari Funcusvermis gilmorei izena eman diote. Lucy fosil ospetsua aurkitu zutenetik nahiko ohikoa izan da paleontologoak induskatzen ari zirenean entzungai zuten abesti batean abiatu izana generoa izendatzeko; oraingoan Ohio Players taldearen Funky Worm izan da abestia. Espeziaren izenari dagokionez, Ned Gilmore paleontologoaren omenez jarri diote.

Estratu hori eratu zen garaian, Arizona ekuatoretik gertu zegoen, Pangea kontinentearen erdialdean. Klima bero eta hezea zen ordukoa. Ez da kasu bakarra, eta orain arte aurkitu diren zezilien fosil guztiak antzeko inguruetan aurkitu izan dira. Gaur egungo zeziliak ere Erdi eta Hego Ameriketan, Afrikan eta Asia hegoaldean zabalduta daude. Egileek uste dute zeziliak antzeko klima bero eta hezea dituzten inguru horietara egokituak egon direla beti, hezetasun handiko eremuak behar dituztelako.

Fosilaren ezaugarriengatik, egileek uste dute zeziliak gertuago daudela lehenengo igel eta arrabioetatik, eta horrek indartzen du hiru talde horiek jatorri ebolutibo komuna dutelako ideia. Uste dute guztien jatorria temnospondiloetan egon daitekeela. Dirudienez, aditu guztiek ez dute guztiz argi gainerako urlehortarrekiko lotura hau, eta denbora tarte luze horretako fosilik aurkitu ez izanak zenbaitetan gai honi buruzko eztabaida elikatu du. Hortaz, litekeena da orain zalantza horiek gutxituko direla.

Modu berean, fosilen azterketatik ondorioztatu dute lurzorua zulatzeko gaitasunari lotutako egokitzapenik ez zutela animalia horiek, eta, horregatik, ikertzaileak sinetsita daude gaur egungo zezilien artean hain zabalduta dagoen ezaugarri hori ondoren eskuratu zuela historia ebolutiboan.

Fosilak Thunderstorm Ridge izeneko aztarnategian topatu dituzte. 2017an aurkitu zuten aztarnategi hori, eta dagoeneko 60 espezie fosilen berri eman du. Ikertzaileek azaldu dute espezie berriak aurkitu dituztela aztarnategian, momentuz horiek ikertzen jarraitzen duten arren; hortaz datozen urteetan ezusteko gehiagoren berri izango dugula aurreratu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kligman, B.T., Gee, B.M., Marsh, A.D. et al. (2023). Triassic stem caecilian supports dissorophoid origin of living amphibians. Nature, 614, 102–107. DOI: 10.1038/s41586-022-05646-5


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.