Asteon zientzia begi-bistan #430

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

fibrosia

Emakumeak zientzian

Amaia Iparragirre Letamendia matematikaria da, eta zientzia honen babesean, nabarmendu du nahiz eta modu abstraktuan landu, matematikek lotura zuzena dutela eguneroko bizimoduarekin eta ingurunearekin. Iparragirre doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan, diseinu konplexuko laginketetan oinarritutako inkestetatik datozen datuekin. Emakumeen eta matematiken inguruan, azaldu du duela urte batzuk arte, matematika-graduan emakumeak gehiengoa zirela; azken urteotan, ordea, gizonak gailentzen ari dira graduan. Iparragirreri oso garrantzitsua iruditzen zaio emakume erreferenteak izatea, etorkizunean emakume matematikari gehiagoren presentzia sustatzeko. Emakume ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atalean.

Argitalpenak

Animalien aferak liburua 2011n argitaratu zuten Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak, eta bertan animaliak aztertzean aurkitu ditzakegun zerbait bitxi edo deigarriak azaltzen dizkigute. Beren beharrizanak aurrera eramateko, animaliek mekanismo jakin batzuk erabiltzen dituzte, eta mekanismo hauek partekatu egiten dira espezie ezberdinean artean. Hala eta guztiz ere, aniztasun zoragarria aurkitzen dugu animalia espezieen artean, baldintzen, beharrizanen eta taldearen arabera. Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia Barandika Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak dira, eta itsas animalien biologia ikertzen dihardute aspalditik. Atal hau Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.

Genetika

Izarbe Yarza Giza Nutrizioa eta Dietetikan graduatu zen Zaragozako Unibertsitatean, eta egun, doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko Ikerketa Biomedikoaren doktorego-programaren barne, Baigene genetika-enpresan. Bere tesian ebakuntza osteko fibrosia ekiditeko modua ikertzen ari da, genetikaren bitartez. Izan ere, genetikak gaixotasun jakin batzuk izateko arriskuan eragina du, baita ebakuntza osteko fibrosia izateko aukeran ere. Asken honen kasuan, kirurgiaren ondorioz orbain-ehuna modu desantolatuan hazten da ehun bigunen eta artikulazioen inguruan, eta horrek, mugimendua mugatu eta mina eragiten du. Genetikaren bidez, alabaina, pazienteak fibrosia garatu behar duen edo ez jakingo dute test genetiko baten bidez. Horrela, medikuek arrisku hori aurreikusteko erabil dezaketen kalkulagailu moduko bat sortu dute, eta ebakuntza-gelara sartu baino lehen arrisku hori murriztu dezaketen ekintzak proposatu gaixoarekin batera. Azalpen guztiak unibertsitatea.net webgunean.

Mikrobiologia

Nora Fernandez Jimenez EHUko Genetika irakasleak eta ikertzaileak hesteetako mikrobiotaren inguruan idatzi du Berrian. Hesteetako mikrobiotaren desorekak edo disbiosiak hanturazko patologia kroniko ugari ekar dezake, hala nola heste narritagarriaren sindromea, koloneko minbizia eta diabetesa, bai eta beste hainbat patologia ere. Alabaina, azken urteetan ikusi da hesteetako mikrobiotak prozesu oso desberdinetan eragina izan dezakeela; autismoaren espektroko nahasmenarekin erlazionatua izan da baita ere, baina oraindik ez dago argi erlazio hori benetan ematen den. Horregatik, Fernandezek argi utzi du gai honen inguruko ikerketa askoren beharra dagoela oraindik. Informazio gehiago Berrian: Mikrobiota, kausa ala efektu?

Astronomia

Aste honetan, Marteri buruzko ikerketen berri eman du EHUk Bilboko Bizkaia aretoan. Martera bidalitako robotak zazpi tresna zientifiko konplexu ditu, eta horietako bat da MEDA. Askotariko sentsore meteorologikoen sistema bat da, tenperatura, presioa, hezetasuna, haizea eta abar neurtzeko gai dena. Horri esker jakin dute nolakoa den Marteko Jezero kraterra. Jasotako datuak aztertuta, planetaren atmosfera ezaugarritzen ari dira, eta esan du hango eguraldia eta klima iragartzeko ereduak hobetuko dituztela horri esker. Honetaz gain, krater bereko arrokak aztertu dituzte, eta haiek hautatutako laginak 2030ean Lurrera ekartzea espero dute. Berri honi buruzko datuak Berriako “Marteri buruzko ikerketen berri eman du EHUk” eta “Marten bildutakoak zabaltzen” artikulutan irakur daitezke.

Osasuna

Interneten eta bideo-jokoen erabilerak nerabeen bizi-kalitatearekin harremana du, UPV/EHUrekin elkarlanean egindako ikerketa baten emaitzen arabera. Estatuko 16 ikastetxetako 11 eta 18 urte bitarteko 2.024 gaztek Internet eta bideo-jokoak nola erabiltzen dituzten aztertu dute. Ikerketa honen bidez, lehen aldiz erlazionatu dira Interneten erabilera problematikoa eta Internet bidezko jokoaren nahasmendua, batera, nerabeen osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoarekin. Bizi kalitatearen murriztea adikzio baten ondorioz gertatzen denaren parekoa dela azaldu dute; nahasmendu hori duten pertsonak urduri jartzen dira jokatu ezin dutenean eta sintoma psikologikoak edo psikosomatikoak izan ditzakete. Lortutako emaitzen arabera, parte-hartzaileen % 15,5ek Interneten erabilera problematiko orokorra erakuste dute, eta bideo-jokoetan jokatzen duten nerabeen % 3,3k jokoaren nahasmenduaren zantzuak dituzte. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Formula-esneen osasun- eta nutrizio-oharrek ez dute oinarri zientifikorik, BMJ aldizkari zientifikoan argitaratu denez. Ikerketan zehar, 2020-2022 urteen arteen arteko mundu osoko hamabost herrialdetako formula-esneen oharrak aztertu zituzten. Ohar horietako askotan “garuna edo nerbio-sistema garatzen laguntzen du” edo immunitate-sistema sendotzen zuela zioten, baina laurdenak inguru bakarrik egiten zieten erreferentzia saio klinikoei. Aipatutako saio kliniko horiek, hala ere, oso ahulak ziren eta alborapenak zituzten. Hala, egileek hasieratik utzi dute argi bularreko esnea dela elikagai egokiena haurrentzat. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Erlauntzen osasuna hobetu egiten da antropizazioa txikitzean. Hala erakutsi dute nazioarteko ikerketa baten emaitzek. Ikerketan erleen egoera mikrobianoa ikertu dute, nekazaritza intentsiboko eremuetan, eremu erdinaturaletan eta eremu naturaletan. Ondorioztatu dutenez, erlauntzaren mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen da antropizazio-mailaren arabera, nekazaritza intentsiboan erabiltzen diren produktu kimikoek eta abarrek desoreka eragiten baitute mikroorganismo horietan. Mikroorganismo-multzo jakin batzuek, era berean, erleen zaurgarritasunean eragina dute. Alabaina, ikertzaileek azaldu dute desoreka hori bere onera etortzen da, erlauntzak eremu naturalera eramanez gero. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Geologia

Aste honetan Blanca Martinez geologoak orientaziorako erabili izan diren mineralei buruz idatzi du Zientzia Kaieran, Orientatzen gaituzten mineralak artikuluan. Dual 2.000 urte baino gehiago, gaur egungo Grezian, Magnesia izeneko lurralde bateko artzain gazte batek harri arraro batekin egin zuen topo, eta burdina erakartzeko ahalmena zuela ikusi zuten. Bi mende geroago antzinako txinatarrek magnetita erabiltzen zuten burdinazko pieza txikiak magnetizatzeko, baina ez dago idatziz jasota erabilpenik ematen ote zioten aurkikuntza horri. Magnetita iparrorratz moduan erabiltzen hasi zenaren lehen erregistroa XII. mendeko Ingalaterrakoa da. Alabaina, historian zehar beste mineral batzuk ere erabili izan dira orientaziorako, hala nola, bikingoen “eguzki harria”.

Neurozientzia

Belarri-harra (earworm) izena hartzen du melodia bat buruan behin eta berriro “entzuten” egoteak. Esperientzia unibertsala da, baina zenbait pertsonak belarriko harrak izateko sentikortasun handiagoa dutela dirudi. Ez-borondatezko musika-iruditeria (Involuntary Musical Imagery) da jarri dioten izen zientifikoa eta topatu da abesti zatiak izaten direla normalean, 15 eta 30 segundo artekoak, eta letra duten abestiak izaten direla kasu gehienetan. Gainera, ikusi da earworm bilakatzen ziren abestiek, kasu gehienetan, Mendebaldeko pop musikaren osagaiak dituztela. Ez dago erabateko sendabide hutsezinik, baina badira lagungarriak izan daitezkeen hainbat estrategia, hala nola, abestia bere osotasunean entzutea edota abestitik arreta desbideratzea. Azalpenak Zientzia Kaieran: Aldapan gora… txiklea murtxikatzen.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.