Gure arbasoen haurdunaldia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gizakiak jaio ostean hazten dira gehien, baina fetua hazten den abiadura primateen artean handiena da. Horregatik, gizakien haurtxoak handiak gara jaiotzean. Eta heldu baten garunaren tamainaren % 30 baino ez badu ere, gurea ere handia da. Ezaugarri horiei dagokienez, ez dugu beste primateen antzik, ezta gure ahaide hurbilena ere, bonobo eta txinpantzeena.

Giza eta txinpantze leinuen arteko dibergentzia duela sei milioi urte inguru gertatu zenez, espezie baten eta bestearen haurdunaldiaren ezaugarriak duela gutxi bereiziko ziren. Hala ere, guztiok dakigu hori ezin dugula ikusi edo neurtu gaur egungo haurdunaldiekin egiten dugun moduan.

haurdunaldia
Irudia: fetua bere posizio naturalean. Jan Van Rymsdyken ilustrazioa, W. Hunteren Anatomia uteri humani gravidi (1774). (Argazkia: CC – BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Primateetan, haurdunaldiak antzeko iraupena izaten du espezie ezberdinetan. Beraz, espezie batean fetua oso azkar hazten bada, horrek esan nahi du tamaina handi samarra izango duela jaiotzean, eta bere garuna ere halakoa izango dela. Bi dimentsioak hertsiki lotuta daude. Bestalde, elkarrekikotasun estua dago jaiotzeko eta helduaroko garun tamainaren artean. Beraz, pentsa daiteke lotura estua egon behar dela fetuaren hazkunde tasaren eta helduaren garun bolumenaren artean. Eta, hain zuzen ere, egiaztatu dute halaxe dela. Bestalde, hortzeriaren ezaugarriak ere primateen bizi zikloaren ezaugarri batzuei buruzko informazio iturri aproposa dira. Jaio aurreko hazkunde tasa, adibidez, primate katarrinoen atzeko haginen dimentsio handiekin ere lotuta dago (talde horretakoak gara geu ere). Erlazio horren arabera, atzeko hirugarren hagina, lehenengoarekin alderatuta, txikiagoa da jaio aurreko hazkunde tasa handiagoa duten katarrinoengan.

Bada, fetuaren hazkunde tasaren eta aintzat hartutako bi adierazleen arteko lotura barne garezur-bolumenarekin (primate guztiena) eta atzeko hirugarren haginaren tamaina handia (katarrinoena), matematikoki adieraz daiteke. Eta azken ekuazioak erabili dituzte jada desagertuta dauden arbaso (homininoak) askoren fetuen hazkunde tasak kalkulatzeko.

Horrela, duela 6 eta 3 milioi urte inguruko gure arbasoen –Ardipithecus eta Australopithecus generoena– haurdunaldia, gutxi gorabehera, txinpantzeen eta bonoboenaren antzekoa zela ondorioztatu zuten, eta tximino gehienenaren antzekoa. Homo generoko lehenak beren arbasoengandik bereizten hasi ziren, baina jaio aurreko hazkundearen erritmoa ez zen nabarmen handitu duela 1,5-2 milioi urtera arte. Denbora tarte horretan, larreak zabaldu egin ziren Afrikako ekialdean eta hegoaldean barrena, eta belarkara gogor ugari sortu ziren, inguru lehorretan egoten diren horietakoak. Ondorioz, belarjale ungulatuak asko hedatu eta dibertsifikatu ziren. Baldintza horietan, presio selektibo handia egon zen, gizakiek ungulatu haiek kontsumitzearen alde. Gure arbasoek (Homo generoa) sarraski bihurtzean jango zituzten beharbada, edo, aukera zutenean, ehizatu egingo zituzten, ordu luzez haien atzetik ibili ostean.

Eduki energetiko eta proteiko handiko elikagai horrek garun handiak garatzea ahalbidetu zuen, bai fetuetan, bai gizabanako helduetan. Eta gero eta garun handiagoak zituztenen ondotik, azkenean, azken 300-400 mila urtetan Eurasia eta Afrika populatu zituzten giza espezieak sortu ziren. Gure eboluzioaren aldi horretan, gaur egungo emakumeen oso antzeko haurdunaldia lortu zen, zailtasun obstetrikoekin eta neurri handiko haurtxoekin.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

  • […] Gizakiak jaio ostean hazten dira gehien, baina fetua hazten den abiadura primateen artean handiena da. Duela 6 eta 3 milioi urte inguruko gure arbasoen haurdunaldia, gutxi gorabehera, txinpantzeen eta bonoboenaren antzekoa zen. Hau da, Ardipithecus eta Australopithecus generoen haurdunaldian […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.