Kozinatzeak egin gintuen gizaki

Dibulgazioa · Ekitaldiak

Duela 7-8 milioi urte, txinpantze eta bonoboekin komunean genuen azken arbasoa izan genuen. Informazio horrek gizakiok izan ditugun aldaketak ulertzen laguntzen digu gure espezie hurbilenarekin konparatzean.

Nahiz eta tamaina bertsuko barne-organoak partekatzen ditugun tximino horiekin, hala nola bihotza, giltzurrunak eta gibela, gizakiok garun handiagoa eta heste txikiagoak ditugu beste primate batzuekin alderatuta.

Zer dela eta desberdintasun hori? Juan Ignacio Pérez Iglesias biologo eta UPV/EHUko Fisiologiako katedradunak Kozinatzeak egin gintuen gizaki hitzaldian aldaketa hori eragin duten faktoreak azaltzen ditu. Antropologo ezberdinen teoria eta ikerketatik abiatuta, gure arbasoen elikaduraren aldaketak eta hauen zergatiak aurkezten ditu Pérez Iglesiasek. Ezaugarri horiek guztiak aztertuta ulertu daiteke, esaterako, kozinatzeak giza eboluzioan izan duen eragina.

Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2022-2023 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.