Hautespen kulturala: kulturak eragina du geneetan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Aurreko artikulu batean kulturaz eta animaliez jardun ginen, eta ikusi genuen kultura nola identifikatzen den animalietan eta zein adibide ikertu diren jada. Gaur esku artean dugun artikuluan biologia eta kultura uztartzen dituen beste gai batean murgilduko gara; hain zuzen ere, kulturaren eta genetikaren arteko elkarrekintzan. Kultura, geneen antzera, belaunaldien artean informazioa transmititzeko sistema bat da, eta hainbat ikerketak erakutsi dute kulturak berak gene-aldaera batzuen hautespenean eragin dezakeela. Prozesu horri gene-kultura koeboluzioa deritzo.

Kultura al dute animaliek? Artikuluan ikusi genuenez, animalietan kideen artean irakasten diren jarreren multzoari deitzen zaio kultura. Jarreren multzo hori animalia talde baten berezkoa izan ohi da (zein landare jan eta zein ez, zein eremutan bizi inguruan harrapari gutxiago izateko, zein migrazio-ibilbide erabili…), eta banakoz banako eta belaunaldiz belaunaldi hedatzen da jarrera-multzo talde barnean. Horregatik esaten da, hain zuzen ere, kulturak horretan bat egiten duela genetikarekin: biak ala biak informazioa transmititzeko mekanismoak dira.

Irudia: kulturak eboluzioa eraldatzeko gaitasuna duela erakutsi du. Horren adibidea laktosaren tolerantziarena da. (Argazkia: Amelia Hallsworth – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Hain zuzen, duela 40 bat urte hasi zen buruari bueltaka populazio-genetikaren adarreko teoriagile talde bat, genetikaren eta kulturaren artean erlazio bat egon zitekeela pentsatuz. Zientzialari horiek sinisten zuten bi herentzia-mekanismoek moduren batean elkarreragin behar zutela, eta ondorengoek beren aurrekoen ondare genetikoa eta kulturala jasotzen zutela. Ezaugarri genetikoek espezie edo animalia talde baten garapenean eragiten dute, eta ondorioz, bere ikasketan. Kulturalki transmititutako informazioak, bestalde, animalia talde horren jokabidea baldintzatzen du, eta hautespena gertatuko da kultura horretan bizitzeko egokiak zaizkion geneetan. Hala, genetikak taldearen gaitasun kulturala baldintzatzen du, eta taldearen kulturak bueltan geneak aldatuko ditu denboran zehar. Prozesu horri deitu zioten, hain zuzen ere, gene-kultura koeboluzioa.

Gaur egun, gene-kultura koeboluzioaren hainbat adibide identifikatu dira jada espezie ugaritan. Adibide ikertuenek, ordea, gizakia dute protagonista. Giza genomaren hainbat analisik erakutsi dute gizakiaren gene-aldaera batek baino gehiagok hautespen positiboa izan dutela berriki, eta gene horiek praktika kulturalekin erlazionatuta egon daitezkeela uste da. Kasu horietako ezagunena eta agian argiena laktosaren tolerantziarena da.

Laktosa digeritzeko gaitasuna laktasa proteinak ematen du, heste meharrean jariatzen den entzima batek. Haurtzaroan laktasa entzima sintetizatzeko gai izatea oso garrantzitsua da amaren esnea digeritu ahal izateko, baina kumea helduz joan ahala, laktasa sintetizatzeko gaitasuna galtzea da ohikoena ugaztunetan. Duela gutxira arte, zientzialariek uste zuten heldutasunean laktosarekiko tolerantzia izatea duela 9.000 urte inguru hasi zela hedatzen populazio eskandinaviarretan, eta abeltzaintzaren hedatzearekin ikusten zitzaion lotura.

Haatik, ikerketa berriek erakutsi dute tolerantziarako bidea ez zela hain zuzena izan. Ikerketa horien arabera, goseteetan egin zen bereziki abantailatsua laktosarekiko tolerantzia, jada esnea eta esnekiak kontsumitzen ziren populazioetan. Batetik, elikagai-iturri gehigarri bat zirelako, eta, horrez gain, besterik ez bazegoen, intoleranteak zirenei beherakoa eragiten zielako, eta nutrizio-egoera are gehiago okertzen zitzaien jada ahuldurik zeudenei. Bigarren hipotesi batek iradokitzen du laktosarekiko intolerantziak sortutako osasun arazo a priori garrantzirik gabekoek beste gaixotasun batzuen aurrean zaurgarriagoak egiten zituela laktosarekiko tolerantziarik ez zuten banakoak. Esnekiak kontsumitzeak, gainera, abereekin kontaktu zuzenagoa izatea zekarren, eta ondorioz, zoonosi-esposizio altuagoa.

Hala, heldutasunean laktosa digeritzeko gaitasuna aldaketa genetiko bati zor zaio, laktasa proteinaren sintesia erregulatzen duen gene batean gertatu zena. Aldaketa horren ondorioz, laktasa entzimaren sintesia ez zen eteten behin haurtzaroa amaituta; aitzitik, jarraitu egiten zuen heldutasunean ere. Munduko beste eremu batzuetan, ordea, ez zen geneen eta kulturaren arteko koeboluzio hori gertatu, eta horrek azaltzen du gaur egun ipar-europarren %5 soilik izatea laktosarekiko intolerantea, eta kontrara, Asia eta Afrikako zenbait komunitatetan biztanleriaren %90ek izatea intolerantzia hori.

Ikerketa askorekin gertatzen den moduan, gene-kultura koeboluzioa gizakietan ikertu da gehien. Animalia kulturalen inguruko artikuluan argi geratu zenez, alabaina, ez gara kultura dugun animalia bakarrak, eta, beraz, espero izatekoa da kulturaren eta geneen arteko elkarrekintza hau beste espezie kultural batzuetan ere gertatu izana. Orkaren kasua da gehien ikertu dena gaur egunera arte, jakina baita kultura konplexuak dituzten animaliak direla. Hain zuzen ere, gizakia eta laktasaren adibidean bezala, orketan ere digestio-entzimen sintesia ikertu da espezie horren populazio ezberdinetan, eta antzeko prozesuak hauteman dira. Esaterako, metioninaren zikloarekin (proteinen sintesiaren tarteko ziklo batekin) erlazionatutako geneak oso desberdinak zirela ikusi zuten arrainez elikatzen ziren edo ugaztunak ehizatzen zituzten orka populazioetan.

Laburbilduz, esan genezake “hautespen kulturalak” belaunaldiz belaunaldi geneetan aldaketak eragiteko gaitasuna duela frogatu dela. Gene-kultura koeboluzioaren ideiak erabateko iraultza ekarri du eboluzioa ulertzeko orduan, kulturak eboluzioa eraldatzeko gaitasuna duela erakutsi baitu. Horrek, bere aldetik, esan nahi du gertaera estokastikoak eta kontrolatu ezin diren inguruneko baldintzak alde batera utzita, kultura duten animaliek beren eboluzio propioaren norabidea modula dezaketela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Evershed, P. Richard et al. (2022). Dairying, diseases and the evolution of lactase persistence in Europe. Nature, 608, 336–345. DOI: 10.1038/s41586-022-05010-7

Laland, Kevin N; Odling-Smee, John; Myles, Sean (2010). How culture shaped the human genome: Bringing genetics and the Human Sciences together. Nature Reviews Genetics, 11, 137–148. DOI: 10.1038/nrg2734

Whitehead, Hal; Laland, Kevin N.; Rendell, Luke; Thorogood, Rose; Whiten, Andrew (2019). The reach of gene–culture coevolution in Animals. Nature Communications, 10. DOI: 10.1038/s41467-019-10293-y


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.