Gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Mundu mailako batez bestekoetan abiatuta, azterketa zabal batek gizakiek egiten duten denboraren erabilpena zenbatetsi du.

Askorentzat oporrak ate joka daudenean, eguneroko lanek zehazten duten ordutegi zurrun eta ziurretik aldentzeko unea iristen da. Lasaitasuna alde batera utzi eta estresaren garaia izaten da. Esparta atzean utzi eta Epikuroren uharteetara joateko ideia borobiltzen da gehienen buruan. Maletak prestatu, non eta nola erlaxatuko garen erabaki, ticketak erosi, jatetxeetako intolerantzien zerrendekin lehiatu, irakurri gabekoen zerrendarekin desesperoan ibili, itxaron ilaretan denbora eman, eguzkitako kremak benetan iraungitzen ote diren Googlen bilatu, hamaika hilabeteetan egin gabeko etxeko konponketa horri muzin egin eta hozkailuan behar adina garagardo ote dauden argitu. Horretarako guztirako unea iritsi da. Zorionez, amesgaiztoak hilabete inguru baino ez du irauten, eta nor bere ekoizpen katera bueltatzeko aukera gero eta hurbilago dago.

denbora
1. irudia: gizakiak denboran zertan ematen duen argitu du ikerketak, baina aintzat hartu behar da batez besteko datuak direla, gizateria osoarenak. (Argazkia: Juanma Gallego)

Esajeratzeak esajeratze, argi dago denboraren pertzepzioa unearen eta pertsonaren araberakoa izaten dela, bai eta lekuaren araberakoa ere. Baina gauzak espezie bezala ikusita, agertokia are argigarriagoa da, munduan pertsonen eta herrialdeetan artean dauden ezberdintasunen eta antzekotasunen adierazle. Norabide horretan, nazioarteko ikertzaile talde batek gizakiok denbora zertan ematen dugun argitu nahi izan du, eta PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dute ikasitakoa.

Egileek diotenez, ikerketa asko egin dira gizakiok denboraz egiten dugun erabileraz, baina horiek beti jorratu izan dira diziplina zehatz baten ikuspegitik. Ondorioz, emaitzak beti partzialak izan dira. Kasurako, ekonomialariek denboraren banaketa ikertu dutenean, beti erreparatu diote jardun ekonomikoari, baina aisialdiari eta bestelako faktoreei behar adina arreta eman gabe. Diotenez, antzeko arazoak gertatu dira soziologiaren, historiaren edo antropologiaren ikuspegitik ikertu izan denean ere, lan horietan arlo ekonomikoa ez baita behar bezala jorratu. Eta ikerketa horiek guztiek oso bestelako metodologiak erabili dituztenez gero, arras zaila izan da mundu mailako eskala batean azterketa horiek biltzea eta bateratzea.

Horregatik, 140 herrialdetan baino gehiagotan 2000 eta 2019 urteen artean denboraren eta lan denboraren erabileraren gainean jasotako datuak erabili dituzte. Diotenez, herrialde horietan munduko populazioaren %87 ordezkatuta dago. Denbora horretan jasota daude laneko orduak zein lanetik kanpokoak ere.

Herrialde bakoitzeko agentzia estatistikoek, nazioarteko erakundeek eta zientzia artikuluek jaso dituzten datuetan abiatu dira mundu mailako zenbatespenak egiteko. Datu horiek guztiak harmonizatu behar izan dituzte. Adibidez, lan egiteko adina —bai legeek praktikan zehazten dutena zein egoera erreala— oso desberdinak izan daitezkeelako herrialdearen arabera. Bestetik, jardun bakoitzaren inguruan egiten den definizioa aldatu daiteke leku batetik bestera, datuak bateratzea zailduz. Ahalik eta emaitza osatuenak lortu nahian, 3.956 azpikategorien definizioaz ere baliatu dira sailkapenerako, eta denboraz egin duten sailkapenean tarte bakoitzari ziurgabetasun marjina bat ere sartu dute.

Ikertzaileek argudiatu dute denboraren gaineko azterketa honek informazio argigarria ematen duela inguruan izaten dugun inpaktua zertan den jakiteko, bai eta bizitza esperimentatzeko dugun modua ezagutzeko ere. Diotenez, mundu mailako erronkei aurre egin ahal izateko, munduaren funtzionamenduaren gaineko “ikuspegi berriak” izatea garrantzitsua da. Are, egileen irudikoz, klima aldaketa edo biodibertsitatearen galera bezalako arazoetan “giza sistemaren funtzionamendu globala” ulertzea funtsezkoa da, baita garapenerako mundu mailako helburuak bezalako gaietan aurrera egiteko, “aldaketak abiatzeko potentziala” non dagoen ikusi ahal izango delako.

Dena dela, gizateriak egiten duen denboraren erabilpena ikuspegi global batetik aztertu nahi izan badute ere, ikertzaileek ingurumen kontuei erreparatu diete bereziki, batez ere ondorioak nabarmentzean. Hain zuzen ere, McGill Unibertsitateko (Kanada) Lur Sistemaren zientzia programako ikertzaileak izan dira ikerketaren sustatzaile nagusiak.

denbora
2. irudia: esnatuta ematen den denbora hiru multzo handitan sailkatu dute; balore bakoitzean errore marjina bat gehitu dute ere. (Irudia: Fajzel. W. et al / euskaratua)

Funtsean, saiatu dira lortzen munduko biztanle guztien batez bestekoa, herrialde guztiak aintzat izanda. Gizateria pertsona bakar bat izango balitz, pertsona horren egun bat nolakoa izango litzatekeen argitzen saiatu dira.

Jardun guztiak hiru multzo handitan bildu daitezkeen 24 kategoriatan sailkatu dituzte. Lehen multzoak kanpoko mundua aldatzea helburu duten jarduerak bere gain hartzen ditu: elikadura, energia, eraikuntza edota mantentze lanak. Bigarrenak gizakiari berari lotutako jarduerak biltzen ditu: gorputzaren zaintza, norberaren edo besteen osasunaren gaineko ardura, zaintza, erlijioa edo bestelako jarduera espiritualak eta aisialdia. Hirugarrena gizarteari lotuta dauden bestelako jarduerei dagokie: garraioa, ekonomia, legeak edo gobernatzea.

Lehenik eta behin, batez bestean, ohean 9,1 ordu ematen ditugu —lo egiten edo “bertan egonda”, azken kontzeptu honetan gehiago sakondu nahi izan ez badute ere—. Esnatuta gaudenean, berriz, gure buruei eskaintzen diegu denbora gehien. “Ikerketak erakusten du esnatuta ematen diren ordu gehienak giza adimenarentzat eta gorputzentzako emaitza zuzenak lortzeko jardueretan ematen direla (9,4 ordu eguneko), eta 3,4 ordu bizi den ingurunea eta haragoko mundua aldatzen ematen direla. Gainerako 2,1 orduak gizarte prozesuak antolatzera eta garraiora bideratzen dira”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Aintzat hartu behar da bataz besteko baloreez ari direla. Kasurako, bederatzi ordu ohean ematen dugula diotenean, denbora gehiago lo egiten duten haurrak aintzat hartu behar dira. Norabide berean, lehen begirada batean oso bitxia dirudien beste datu bat ekonomiari dagokio: emaitzen arabera, bataz besteko jardun ekonomikoak 2,6 ordu irauten du. Alor horretan, lehen sektoreko jardunak du pisu gehien —nekazaritza eta abeltzaintza—. Ondoren datoz merkataritza, finantzak, zuzenbidea eta manufaktura industria. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, 15 eta 64 urte artean dituztenak dira lan egiten dutenak (populazio osoaren bi heren), eta, horientzat, astean 40 orduz lan egitearen parekoa omen da atera duten zenbakia.

Populazioaren egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, gizaki guztiek antzeko denbora ematen dute jaten, garraioan, garbiketa pertsonala egiten eta kozinatzen. Elikagaien produkzioari dagokienez, alde nabarmena dago errenta baxuko eta errenta altuko herrialdeen artean. Errenta baxukoenetan ordubete baino gehiago ematen dute lehen sektoreko jardunetan. Errenta altukoenetan, berriz, bost minutu inguru ematen dituzte zeregin berdinean.

Mundu mailan, Lur sistematik materialak eta energia zuzenean ateratzera bideratutako denbora tartea txikia da: bost minutu. Hondakinak kudeatzeko denbora eguneko minutu batekoa da. “Horrek guztiak iradokitzen du jarduera horietan ematen den denbora aldatzeko aukera zabala badagoela”, ondorioztatu dute. Egileen esanetan, badago “tarte nahikoa zenbait jarduerari eskaintzen zaion denboran aldaketak egiteko, hala nola, materialak erauzketan, energiaren horniduran eta hondakinen tratamenduan, horietara zazpi minutu inguru baino ez direlako bideratzen”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fajzel, William; Galbraith, Eric D.; Barrington-Leigh, Christopher; Charmes, Jacques; Frie, Elena; Hatton, Ian; Le Mézo, Priscilla; Milo, Ron; Minor, Kelton; Wan, Xinbei; Xia, Veronica eta Xu, Shirley (2023). The global human day. PNAS, 120(25), e2219564120. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2219564120


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.