Uharteak, itsasotik azaleratzen diren mendiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Noizean behin, hedabideek ozeanoetara isuri ditugun eta itsasoko korronteek zenbait ingurutan pilatu dituzten zaborren eta hondakin flotagarrien metaketen irudiak erakusten dituzte. Horiei plastikozko uharte deitzen diegu. Bada, oso izen grafikoa eta deigarria izan arren, akats batera garamatza. Eta ez nago plastikoen kontuaz hitz egiten, uharteen kontuaz baizik.

Kontzeptuak parekatzen baditugu, pentsa dezakegu uharte naturalak itsasoan flotatzen ari diren lur metaketak direla. Ideia hori antzinatik izan dugu lagun eta gure mitologia askoren parte da. Odiseo izan zen lehenengoa (ezagunagoa da latinezko Ulises izenarekin); izan ere, Egeo itsasoan eta Mauira heldu arte bere itsasontziarekin elkarren aurka talka egiten ari ziren arroka erraldoi eta alderraiak ekidin behar izan zituen; itsas hondotik lur zati erraldoi bat atera zuen bere amu magikoaren bidez, eta, askatu eta puskatan apurtu ostean, ozeanoan flotatzen geratu ziren; horrela, Hawaii uharteak sortu ziren. Zorionez, gaur egun, geologiara jo dezakegu uharteak benetan zer diren eta nola sortzen diren jakiteko.

Uharteak
1. irudia: bi plaka tektonikoren (gezi gorrien arabera) hedapen edo bereizte mekanismoa. Horren ondorioz, litosfera apurtu egiten da normalak izeneko failen alde (normal fault irudian). Faila horiek altxatutako blokeak (horst) eta hondoratutako blokeak (graben) sortzen dituzte. (Iturria: Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren irudia, United States Geological Service)

Uharte bat azaleratutako lur zatia da, hau da, urpean dagoena eta urez erabat inguratuta dagoena. Baina horrek ez du esan nahi itsaso gainean flotatzen ari denik, kontrakoa baizik. Uharte guztiek erroa dute itsas hondoan, eta itsas maila gainditu arte azalera igotzen diren goragune handien goiko partea baino ez dira; horregatik ikusi ditzakegu ozeanoan. Beraz, uharteak itsas lurrean jaio eta une horretako uraren mailatik gora hazten diren mendi erraldoiak baino ez dira. Bestalde, hondo ozeanikoa ez da azalera laua; izan ere, gainazalera ateratzen ez diren lur goragune asko daude, eta horiek itsaspeko mendiak izenez ezagutzen ditugunak eratzen dituzte.

Apur bat orokortuz, uharteak bi prozesu geologiko zehatzen bidez sor daitezke. Alde batetik, mugimendu tektonikoak daude. Beste batzuetan aipatu dudanez, gure planetan kanpoen dagoen geruza (litosfera), zabalena, solidoena eta zurrunena izateaz gain, plaka tektonikoak izeneko zatitxoetan banatuta dago. Plaka horiek beheko geruzaren (astenosfera) gainean mugitzen dira, zeina solido plastikoa den. Plaka horietako bi elkarrengandik aldentzen direnean, litosfera findu eta apurtu egiten da. Ondorioz, bloke hondoratuak eta altxatuak agertzen dira, eskailera bateko mailak balira bezala, eta itsas urez estaltzen dira apurka-apurka. Itsas mailak ez badu behar beste gora egiten, altxatutako bloke batzuk azalean ager daitezke eta uharteak sortu.

Baina plaka teknikoek elkarren aurka ere egin dezakete talka. Kasu horietan, arrokak trinkotu egiten dira, eta pixkanaka altxatzen dira ozeanoaren hondotik, mendiak sortuz. Mendi horiek, berriro ere, uraren maila gainditu dezakete, eta uharteak sortu azaleran. Hona hemen adibide ezagun bat: prozesu tekniko horiek plaka Iberikoaren eta Afrikako plakaren arteko talkan gertatu ziren. Hala, Mendikate Betikoak sortu ziren, bai eta horien itsaspeko ekialdeko jarraipena ere, Balear Uharteak.

Uharteak
2. irudia: Iberiar Penintsularen itsaspeko topografia (batimetria), non Balear Uharteak Mediterraneoaren hondotik nola altxatzen diren ikusten den. (Argazkia: The Mediterranean seafloor maparen irudi eraldatua (Tiborg G. Tothek ilustratu zuen AEBko Geografia Elkarte Nazionalaren Kartografia Dibisiorako). Iturria: Cartographic Division, National Geographic Society).

Uharteak sortzeko beste prozesu geologiko ohikoena itsaspeko bolkanismoa da. Kasu honetan, ganbara magmatiko bat dugu ozeanoaren hondoaren azpiko puntu finko batean. Une zehatz batean, ganbara hori erupzioan hasi eta itsaspeko sumendia sortzen du. Inguru berean ondoz ondoko erupzioak baditu, sumendi hori gero eta gehiago haziko da gainazalerantz, eta litekeena da ur gainetik ateratzea. Orduan, jatorri bolkanikoko uhartea osatuko du, Kanarietako artxipelagoko uharte guztiak bezalaxe.

Uharteen sorrera eragin duten prozesu geologikoak denboran mantentzen badira, uharte horiek hazi egingo dira, bai itsas mailarekiko altitudean, bai urpean dagoen azaleran. Baina, prozesu horiek eten egiten badira, higadura bereak egiten hasiko da, eta azaleratutako lurzatiak suntsitu egingo ditu. Hori horrela, baliteke uharteak desagertzea, eta hondar batzuk besterik ez geratzea, itsaspeko mendi gisa. Are gehiago, itsas mailaren igoeren eta jaitsieren ondorioz, azaleratutako lurralde batzuk urak estal ditzake, eta, alderantziz, itsaspeko goragune batzuk gainazalean ager daitezke; horrela, uharteak etengabe agertu eta suntsitu daitezke. Eta hori aintzat hartu gabe azaleratutako lurraldeak bat-batean sortu edo suntsitu ditzaketen muturreko zenbait gertakari, hala nola Thera sumendiaren leherketa-erupzioa aro minoikoan, Santorini uhartearen erdia baino gehiago suntsitu zuena.

Laburbilduz, uharteak, gure planetako gainerako mendiak bezalaxe, ez dira uretan flotatzen ari diren lur puskak, baizik eta hondo ozeanikoan ondo baino hobeto ainguratutako arroken pilaketa handiak, gure paisaia, bai eta itsaspekoa ere, aldatzen duten prozesu geologikoen ondorio.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 12an: Islas, montañas que emergen del mar.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.