Mendietan daude gordeta bioaniztasunaren gakoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Alexander von Humboldt naturalistaren jaiotzaren 250. urteurrena baliatu dute berak hasitako bidea urratzeko, eta argitzeke mantentzen den misterio bati erantzun bat ematen saiatzeko: zergatik biltzen den horrenbeste bioaniztasun mendien inguruan.

Estratuak. Leku guztietan estratuak ikusten dituzte geologoek. Sare sozialen garaian, inoiz baino argiago ikusten da hori. Urtebetetzean prestatu dieten tarta, erosi berri duten poltsa hori edo Argiñanok telebistan erakutsitako lasagna bera ere; berdin zaie. Horietan guztietan ikusten dituzte estratuak, eta ziztu bizian partekatzen dute haien paranoia ordura arte zoriontsu bizi ziren gainerakoekin.

Baina geologoak ez dira edonon estruktura horiek ikusten dituzten zoro bakarrak. Zenbait arkeologoen artean ere ematen da fenomenoa. Euskal Herrian horren adibide batzuk badira: ez da kasualitatea, EHUn Arkeologiaren Arkitekturaren talde indartsua baitago. Hauek eraikin historikoetan erraz atzematen dituzte eraikuntza fase desberdinen ondorio diren estratu horiek, gainerakook horma bat besterik ikusten ez dugun horietan, hain justu.

1. irudia: Garaiaren arabera sortzen diren mikroklima desberdinek azalduko lukete neurri batean mendietan aurki daitekeen bioaniztasuna, baina beste hainbat faktore proposatu dituzte oraingoan. (Argazkia: Kalem Emsley / Unsplash)

Hain zabalduta ez badago ere, biologoek ere estratuak ikusten dituzte, bereziki ekosistemen edo biogeografiaren alorrean ari direnak. Zenbait mendietan ondo ikusten da “bioestratifikazio” hori. Garaieraren araberako klimatologia dago ezarrita mendi horietan, eta zuhaitz eta landare mota desberdinak bata bestearen gainean kokatzen dira, tontorreraino.

Ezaugarri horretan sakondu zuen lehen aditua Alexander von Humboldt (1769-1859) naturalista prusiarra izan zen. Haren Essay on the Geography of the Plants liburuan Chimborazo sumendiaren estratifikazio biologikoari buruz argitaratu zuen diagrama ospetsua egin da, batez ere garaiko marrazkigile bikote batek hain modu txukunean iruditara eraman zutelako.

1799an hasita, Humboldtek Latinoamerikan zehar bost urtez egindako esplorazio bidaia luzearen baitan egin zituen ikerketa horiek, eta Chimborazo sumendia ospetsuena bada ere, landarediaren estratifikazio horren lehen ideia bidaiaren hasieran bertan izan zuen, Kanariar uharteetako Teide sumendiaren aurrean liluratuta geratu zenean.

Humboldten jaiotzeren 250 urte bete diren honetan, naturalistak urratutako bideari ekin diete hainbat ikertzailek; eta, urteurrena baliatuta, Science aldizkarian artikulu sorta argitaratu dute. Mendiek ekosistemetan betetzen duten rola gertutik aztertu dute horietatik bitan (hemen, eta hemen). Omenaldi gisa edo, lanak gidatu dituzten Carsten Rahbek eta Michael K. Borregaard ikertzaileek diote Humboldt esploratzailearen bizkarrean aritu direla. Haren ikerketa gaia ez ezik, prusiarraren filosofia ere mantendu dute: Humboldtek diziplina ugaritako ezagutzak baliatu zituen modu berean, haiek ere diziplinartekotasunean oinarritu dira mendi ekosistemak ikertzeko. Besteak beste, ekologia, geologia edota biologia erabili dituzte. Horiei esker, modua izan dute nabarmentzeko mendiek ekosistemei ekartzen dizkieten onurak, eta bereziki zergatik diren hain emankorrak.

Izan ere, mendien kasuan, espazio txikian mikro-ekosistema asko biltzen dira, bereziki garaieraren arabera klima-egoera desberdinak eratzen direlako, eta horiek direlako azken finean bioaniztasunerako aterpe bikaina. Modu horretan, eta Humboldtek abiatutako geobotanikari jarraiki, altitudeak zehazten ditu landareen bizi-zikloan funtsezkoan diren hainbat aldagai: tenperatura, eguzki-orduen kopurua edota atmosferaren presioa, besteak beste. Baldintza horiek ez diete soilek landareei eragiten, noski, baina bereziki ekosistema batean dauden landareak funtsezkoak dira gainerako biotaren osaketa zehazterakoan.

2. irudia: Tropikoetan dago munduko anfibioen, hegaztien eta ugaztunen bioaniztasunik handiena, eta bereziki mendien inguruan biltzen dira, printzipioz espero dena baino kopuru handiagoan. (Irudia: Rahbek et al. / Science / Euskaratuta)

Hala izanik ere, printzipioz espero zena baino bioaniztasun gehiago dago bertan. Datu esanguratsu bat nabarmendu dute Science aldizkarian, adibide gisa: mendiek soilik lurrazalaren %25 okupatzen duten arren, anfibio, hegazti eta ugaztunen espezieen %85 bizi da bertan. Lehen zientzia artikuluan argitaratutako grafiko batean argi geratzen da bereziki anfibioen kasuan nabarmena dela bioaniztasun hori, eta ez da xehetasun hutsala: biologoen artean, anfibioak oso estimatuak dira, aldaketen aurrean oso sentikorrak direlako, eta, beraz, ekosistemetan ematen diren aldaketen indikatzaile bikainak direlako.

Gauzak horrela, bioaniztasun oparo hau azaltzeko hainbat proposamen agertu dituzte. Geologiaren eta biologiaren arteko elkarrekintzan abiatzen da azalpen horietako bat. Mendietan dauden lur asko aitzinean itsaspean egon ziren, eta plaka tektonikari esker orain dauden lekuetara iritsi ziren. Horregatik orain proposatu dute tropikoetako mendien kasuan horrek ere eragina izan dezakeela bioaniztasunean. Aurretiaz antzeko proposamenak egin badira ere, geologiaren eta biologiaren arteko elkarrekintza zehatz hau nahiko proposamen berria da zientziaren munduan. Mahai gainean jarri duten hipotesiaren arabera, itsaspeko ozeanoetako hondo harritsuan jatorria duen lurzoruaren ezaugarriek landareen aldaketa adaptatiboa ekarriko lukete. Ohikoak ez diren zoru hauetara egokitzeko landareek espeziazio jauziak eragingo lituzkete, espezie batetik bestera, animalietara iritsi arte.

Bestalde, eta azken mendeetako jardunari dagokionez, egileek proposatu dute gizakiak eremu horietara asko ez iristea izan daitekeela ere bioaniztasunaren kontserbazioaren gakoetako bat. Are gehiago, mendien inguruan atzeman dira planetan dauden espezie zaharrenetako batzuk, eta inguru horretan ere artean zientziarentzat ezezagunak ziren hainbat espezie ere aurkitu dira.

“Jendeak uste du mendietako klimak itzaltsuak eta gogorrak direla. Baina, esaterako, espezieei dagokienez munduan aberatsena den Iparraldeko Andeen eremuak jasotzen ditu munduko klimen erdia edo; beti ere nahiko txikia den eremu batean. Gertu dagoen Amazoniak jasotzen dituen klimak baino gahiago dira horiek, Amazonia 12 aldiz zabalagoa izanda ere”, azaldu du prentsa ohar batean Michael K. Borregaard ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoak

Carsten Rahbek et al. (2019). Humboldt’s enigma: What causes global patterns of mountain biodiversity? Science, 365 (6458), 1108-1113. DOI: 10.1126/science.aax0149

Carsten Rahbek et al. (2019). Building mountain biodiversity: Geological and evolutionary processes. Science, 365 (6458), 1114-1119. DOI: 10.1126/science.aax0151


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.