Uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Tenperaturaren igoera globalak eragindako krisi klimatikoak lehorteak maizago eragiteaz gain, muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuk ere eragiten ditu. Besteak beste, prezipitazio biziagoen eta itsas mailaren igoeraren ondoriozko uholdeak. Zenbatesten da munduko populazioaren % 23 muturreko uholdeak pairatzeko arriskuan dagoela. Zoritxarrez, Espainia gertakari horren lekuko izan da duela gutxi. Pasaden urteko irailaren hasieran penintsulan izan zen maila altuetako depresio isolatuak (DANA izenez ezagunagoa) sekula erregistratu gabeko prezipitazio historikoak eragin zituen zenbait eskualdetan.

gertatu
Irudia: uholdeak jasaten dituzten herritarrek hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dute. (Argazkia: Tom Fisk – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pxhere.com)

Halako gertakari baten aurrean, uholdeek eta beste hondamendi natural batzuek eragindako heriotzen, lesioen eta suntsipenen ondoren, pentsa genezake, esaera zaharrak dioen bezala, “ekaitzaren ostean barealdia datorrela” eta bizitza normaltasunera itzultzen dela apurka-apurka. Egin berri den ikerketa baten arabera, badirudi baieztapen hori ez zaiola errealitateari hasieran uste adina egokitzen. Uholdeak eragiten dituen ekaitz bizi baten ostean, barealdia ez da guk uste bezain azkar etortzen. Nazioarteko zientzialari talde batek ikusi du halako hondamendiak jasaten dituzten herritarrek hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dutela, nahiz eta egoera erabat bere onera itzuli den. Emaitza horiek British Medical Journal aldizkarian argitaratu dira.

Azterlana egiteko, ikertzaileek hilkortasun eta demografia adierazle ugari aztertu zituzten ia hamarkada batean gutxienez uholde bat jasan zuten 35 herrialdetako 761 lekutako datu baseetan oinarrituta. Guztira, kausa guztien ondoriozko 47,6 milioi, gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko 11 milioi eta arnas gaitzen ondoriozko ia 5 milioi heriotza aztertu zituzten. Honako hauek ziren hondamendi natural horrek planetan gehien kaltetutako eremuak: Estatu Batuetako Mississippi ibaiaren eta Afrikako Volta ibaiaren inguruko eskualdeak, Ozeano Bareko Latinoamerikako kostaldea, hego-ekialdeko Asia, Txina kontinentaleko kostaldeak eta Australiako ekialdeko kostaldea.

Ikerketaren arabera, uholdeak izan zituzten eremuetako biztanleek arrisku handiagoa zuten (% 2,1 gehiago) kausa guztien edo arnas gaitzen ondorioz hiltzeko (ia % 5 gehiago), gertakaria gertatu eta 60 egunera arte. Gaitz kardiobaskularren ondorioz hiltzeko arriskua ere handiagoa zen (% 2,6 gehiago) hondamendia gertatu eta 50 egunera arte. Unerik kritikoena, heriotza tasa handienekoa, uholdeak gertatu eta 15 egunera gertatzen da. Nolanahi ere, alde garrantzitsuak zeuden gertakari horretan, aintzat hartzen badira tokiko klima eta bertako pertsonen adina eta maila sozioekonomikoa. Maila sozioekonomiko txikiko biztanleek eta adinekoen kopuru handiagoak aipatutako kausen ondorioz hiltzeko arrisku handiagoa zuten. Zenbatesten da uholdeak jasan dituzten populazioetan heriotza guztien % 0,10, gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko heriotzen % 0,18 eta arnas gaitzen ondoriozko heriotzen % 0,41 uholdeen ondorio direla.

Nahiz eta azterlanak ez duen aukerarik ematen uholdeen eta heriotza tasaren gorakadaren arteko kausa-efektu erlazioa ezartzeko (asoziazioak baino ez dira), ikertzaileen ustez fenomeno horren atzean zenbait faktore egon daitezke. Osasun zerbitzuak eskuratu ezina, mikroorganismo patogenoekiko esposizio handiagoa, uraren eta elikagaien kutsadura eta gertakariaren eragin psikologikoa aipatu dituzte faktore posilbe bezala. Azterlanaren egileek gomendatzen diete osasun arloko profesionalei eta politikariei aintzat har dezatela heriotza arriskua areagotu egiten dela uholdeak gertatu eta zenbait astetara. Horrel, hondamendi natural horien aurreko estrategiak hobetu ditzakete eta, hala, ekidin litezkeen heriotzen kopurua murriztu.

Duela gutxi Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu berri den beste azterlan batek ere agerian uzten du hondamendi naturalek epe luzera eragina dutela bizirik atera diren biztanleen artean. Batez beste, 2004an Aceh kostaldean (Indonesia) tsunamia jasan zuten emakumeen kortisol hormonaren maila % 30 txikiagoa zen zoritxarreko gertakaria izan eta 14 urtera arte, inguruko herrietan bizi ziren eta tsunamiak kaltetu ez zituen emakumeena baino.

Fenomeno hori nabarmenagoa zen gertakariaren ondorengo bi urteetan trauma osteko estresaren sintoma larriak zituztela adierazten zuten emakumeen artean. Horrez agin, kortisol hormonaren maila txikiagoa zuten emakumeek ere osasun fisiko eta psikosozial okerragoa zuten eta burnout maila (erreta egotearen sindromea) handiagoa zuten izandako estresaren ondorioz. Gizonetan, ordea, ez zen alde handirik nabari tsunamia jasan zutenen eta jasan ez zutenen artean.

Kortisola estresaren hormona da, eta gora egiten du arriskutsutzat edo larritzat jotzen diren egoeretan. Hala ere, epe luzean eutsitako estresaren ondorioz, erantzun horrek alteratu egin dezake estresa erregulatzen duen sistema. Hau da, ardatz hipotalamiko-pituitario-adrenala (HPA), eta kortisolaren maila baxuak eragiten ditu.

Oro har, ikerketa horiek, arloko beste azterlan batzuekin batera, adierazten dute hondamendi naturalek kalte handiak eragiten jarraitzen dutela herritarren artean, gertatu eta denbora luzera. Hortaz, beharrezkoa da osasun politika egokiak ezartzea krisi klimatikoaren ondoriozko hondamendi naturalen gero eta inpaktu handiagoei aurre egiteko.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 6an: Una inundación continúa afectando a la salud mucho tiempo después de ocurrir.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.