Musketa-usaina lurringintzan (1): musketa naturala

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Musketa izena lurringintzan ezaguna eta ohikoa den lurrinarekin lotzen dugu, baina zer da musketa? Bada, musketa orein musketadun (Moschus moschiferus L.) arraren guruin usain-sortzailearen jariakina da. Guruina sabelaren eta organo genitalen artean kokatzen da. Orein musketaduna Moschidae familiakoa da eta ez da benetako oreina; izan ere, ez da Cervidae familiakoa. Orein musketadunak hurbilagoa du Bovidae familia, alegia, antilopeak, ardiak edo ahuntzak biltzen dituena.

musketa naturala
Irudia: Orein musketaduna, Moschus moschiferus (ezkerrean) eta erauzitako guruina (eskuinean). (Iturria: Wikimedia Commons – CC-BY-SA lizentziapean)

Esan bezala, musketa orein musketadunaren guruinetik lortzen da, eta mendeetan zehar erabili da lurringintzan. Gaur egun ere usain hori erabiltzen da, baina haren aldaera sintetikoa da gure eguneroko bizitzan ditugun produktuetan topatuko dugun musketa-usaina. Horregatik, argigarria da, kasu honetan, musketa naturala —oreinaren guruinetik erauzten dena— eta musketa sintetikoa bereiztea —musketa-usaina duten eta laborategian sintetizatu diren konposatuak—. Gaur egun musketa naturala ez da asko erabiltzen; izan ere, orein musketaduna desagertzeko arriskuan egon zen bere ohiko bizilekuetan: India, Txina, Tibet, Mongolia eta Siberian, besteak beste. Orein musketaduna aipatu dugun arren, esan behar da beste zenbait animaliatan ere aurki daitezkeela musketa-usaina duten jariakinak; esaterako: idi musketaduna, arratoi musketaduna eta ahate musketaduna. Landare batzuek ere badute musketa-usaina.

Lurringintzan interesa duen konposatua oreinaren jariakinean %0,5-2,0 arteko proportzioan dago eta oreina hil egin behar da guruina erauzteko, noski. Aipatutako molekula hori muskona da: 15 atomoko zikloa eta C16H30O formula molekularra duen zetona makroziklikoa —3-metil-1-ziklopentadekanona, hain zuzen ere—. Esan bezala, orein musketaduna desagertzeko zorian egon zen, eta gaur egun legez kanpoko ehiza murriztu den arren, oraindik arriskuan dagoen espeziea da. Hala eta guztiz ere, ziurrenik oreinak salbatu dituena musketaren prezio altua izan da: musketa naturala produktu oso garestia zen, eta 30.000-50.000 $/kg-ko prezioa zuen —1998ko datua—. Erreferentzia gisa, esan behar da garai horretan urrearen prezioa 10.000 $/kg ingukoa zela. Animalia-jatorriko produkturik garestienetakoa da, hain zuzen. Gaur egun musketa-usaina lurringintzako, zainketa pertsonaleko zein garbiketako hainbat produktutan aurki dezakegu, baina, jakina, erabiltzen dena ez da musketa naturala. Haren ordez, kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira, merkeagoak eta legezkoak baitira.

Musketa naturala antzinatik erabili izan da Txina eta India zaharretan. Musketak izugarrizko garrantzia kulturala zuen gizarte horietan eta droga unibertsal bezala erabiltzen zen. Gurutzatuek Ekialdetik Europara ekarri zuten musketa eta, orduan, Europako lurringintzan osagai preziatua izatera pasa zen. Hain zuzen ere, musketak ezaugarri oso bereziak ditu eta gai da lurrinen usaina, nolabait, orekatzeko, biribiltzeko eta harmonizatzeko. 1979. urtetik debekatuta eta kontrolatuta dago musketa naturalaren merkataritza, CITES konbentzioaren bitartez —Afganistan, Bhutan, India, Myanmar, Nepal eta Pakistanen kasuan debekua osoa da eta beste herrialdeen kasuan zorrotz kontrolatzen da merkataritza—. Hala eta guztiz ere, medikuntza tradizional txinatarrean musketa naturalak garrantzi handia izaten jarraitzen duenez, erabilera horretarako urtean 100.000 orein musketadun hiltzen direla da estimazioa.

Musketa naturala lortzeko zailtasunak aspalditik ezagutzen dira Europan eta musketa-usainak modu sintetikoan lortzeko lehen ahaleginak 1759. urtetik daude dokumentatuta, Marggraf kimikariak zenbait saiakera egin baitzituen. Hala ere, lehen esperimentuak ez ziren oso arrakastatsuak izan, baina bilaketa hauspotu zuten. Alabaina, zorizko aurkikuntza bat oso garrantzitsua izan zen gaur egun musketa-usaina hain ohikoa izateko. Hain zuzen ere, Albert Baur izeneko kimikaria lehergai egonkorrak sintetizatzen ari zenean konturatu zen sortu berri zuen lehergaiak usain ederra zuela eta agian etorkizun hobea izango zuela lurringintzan…

Erreferentzia bibliografikoak:

Sommer, Cornelia (2004). The role of musk and musk compounds in the fragrance industry, The Handbook of Environmental Chemistry Vol. 3, Part X: 1–16. DOI: 10.1007/b14130

Lopez-Gazpio, Josu eta Millán, Esmeralda (2016). Perfumeen kimika: musketak eta musketa poliziklikoen analisia, Ekaia, ale berezia. DOI:10.1387/ekaia.14129

Informazio gehiago:

Lopez-Gazpio, Josu (2017ko martxoaren 6a). Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen. zientziakaiera.eus.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.