Marteko lurrikaren zergatia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Marteko azalerara iritsi diren misioetatik hiruk baino ez dituzte eraman sismometroak karga zientifikoko gauzen artean: Viking Lander 1 eta 2 misioek 1970eko hamarkadan eta InSight-ek aurreko hamarkadaren amaieran. Zoritxarrez, lehenengo bien datuak ez ziren oso erabilgarriak izan sismikotasun global handirik ez zegoela esateko beste ezertarako.

Horregatik esan dezakegu Marteko jarduera sismikoaren uneko argazki bat –sensu lato– egiaz eskaini digun lehenengo misioa InSight izan dela; lau urteko bizia izan du, oso denbora-tarte laburra, baina planetaren barnealdea zehatzago ezagutu ahal izan dugu eta planetaren jarduera geologikoari buruzko hipotesiak testatu ahal izan ditugu.

1.440 eguneko misioan, InSighten sismometroak 1.300 lurrikara baino gehiago detektatu zituen. Batzuek jatorri tektonikoa zuten, eta beste batzuk planetako azaleran izandako inpaktuek eragindakoak izan ziren. 2022ko maiatzaren 4an izan zen planetan detektatutako magnituderik handieneko lurrikara; 4.7 magnitudekoa izan zen, ordura arte detektatutako handiena.

Lurrikara horrek sei orduz dardaraz izan zuen Marteren azalera, InSightek hautemateko moduan. Baina zein zen jatorria? Sismometroak jasotako uhin sismikoen forma ikustean zientzialariek pentsatu zuten Marteren azalerarekin zerbaitek talka egiten duenean izaten direnen antzekoak direla. Baina Fernando et al. (2023) taldeak egindako azterketa berri batek baztertu egin du hori izatea gertakari sismikoaren zergatia.

1. irudia: S1222a gertakariaren sismograma. (InSight Mars SEIS Data Service-ek emandako datuak)

Talka bat izan bazen, kraterra 300 metroko diametrokoa izango zen gutxi gorabehera, datu sismikoak kontuan izanda, eta seguru asko Marteren azaleran dagoen hauts gorria 100 kilometro baino gehiagoko distantzian astinduko zuen. Dimentsio horiek kontuan izanda, Marte inguruan orbitan dabiltzan misioek detektatzeko nahiko erraza izan behar zen, eta datu sismikoen kokapena nahiko zehatza izan daitekeenez, kamerak nora begira jarri ere jakin zitekeen.

Eta nahiko erraza dela diot, azaleraren argazkiak egiteko mugak baitaude. Hasteko, sateliteak ez dira egunero azaleraren puntu berdinetik igarotzen. Bestalde, irudiak hartzeko eskaria egin behar da, gehienetan aurrez ezarritako plan bat izaten baitute, eta zenbaitetan azaleraren irudiak ez dira jarraituan hartzen, zundaren biltegiratze gaitasunagatik eta komunikatzeko eta Lurrera igortzeko bandaren zabaleragatik.

2. irudia: Duela gutxiko talka baten kraterra Marten, argi ikusten da, hortik kanpora irteten diren eiekta izpiengatik. Haren diametroa 10 metrokoa da gutxi gorabehera. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/UArizona)

Balizko kraterrik ez zen aurkitu, eta atmosferan asteroide txikiren bat lehertu izanaren probarik ere ez da aurkitu –Txeliabinskeko gertakariaren antzeko zerbait–, ordu inguru horretan hartutako irudietan ez baita horrekin zerikusirik duen inolako fenomeno atmosferikorik ikusten; hodeiak, adibidez.

Pasa den abuztuan argitaratutako azterlan baten arabera, (Maguire et. al., 2023) gertakariak jatorri tektonikoa izan zuen, hau da, Elysium Planitia inguruan izandako falla alderantzikatu batek eragin zuen, aurrez kartografiatutako failetatik gertu. Faila horiek planetaren uzkurdura termikoagatik eratuko ziren eta uste da Marteko lurrikaren mekanismorik garrantzitsuenetako bat izan daitezkeela. Baina ez da bazter uzten lurrikara Marteko goiko lurretan gertatu izana, eta faila arrunt baten mekanismoa izatea, hau da, hedadurazkoa.

Txorakeria iruditu arren bereizten saiatzea egiazko lurrikara bat izan den (hitzaren zentzu hertsian) ala talka bat, kontutan izan behar da talka batek pista ugari eman diezazkigukeela. Izan ere, lurrikara bat okerrago lokaliza dezakegu estazio sismiko bakar batekin, baina talka batek, eta are gehiago eskala horretakoa izanda, uhin sismikoen jatorrizko puntua zehaztasun handiz jakiteko aukera emango liguke. Ondorioz, sismometrora arte uhinek egindako ibilbidea hobeto berreraiki ahal izango genuke.

3. irudia: Izar urdinak adierazten du S1222a gertakari sismikoaren epizentroa eta lerro urdin ez jarraituek kokapen horren ziurgabetasuna adierazten dute; ondorioz, iparralderago edo hegoalderago egon daiteke, mekanismoaren interpretazioa aldatuta. Lerro beltz meheak inguru horretan kartografiatutako failei dagozkie. (Iturria: Maguire et al. (2023))

Dena dela, hautemandako lurrikaren jatorria ulertzeko aukera ematen diguten azterlan horiek funtsezkoak dira: talka bidezkoak badira, Marteko azaleran zenbateko maiztasunarekin gertatzen diren ikus dezakegu, denborari dagokionez ez ezik, tamainari dagokionez ere bai.

Eta planetaren jarduera sismikoagatik bada, Marte zenbateko “bizi” dagoen jakiteko balio dezakete, bai eta arrisku sismikoa kalibratzeko planeta horretan… Eta zertarako balio du horrek?

Oinarrizko zientziaz harago (ezagutzaren funtsezko ardatza dena), horrelako azterlanak funtsezkoak izango dira etorkizunean giza presentzia duten baseak finkatzen badira Marten. Misio horien arriskuak ezagutzeko eta baseak kokatzeko tokirik egokienak zein diren jakiteko balio izango dute.

Aldi berean, Marteri aplikatutako datu sismikoen algoritmo berrien garapenak Lurrean ere erabili ahal izango dira beharbada, eta datu sismikoak aprobetxatzeko gaitasuna hobetuko genuke. Era berean, Martera eta beste toki batzuetara –Artizarrera, esaterako– etorkizunean egingo diren misioetarako baliagarriak izan daitezke, azaleran sismometro bat izan baitezakete noizbait.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Benjamin, Fernando; Daubar, Ingrid J.; et al. (2023) A Tectonic Origin for the Largest Marsquake Observed by InSight. Geophysical Research Letters 50, 20. DOI: 10.1029/2023GL103619
  • Kawamura, Taichi; et al. (2023). S1222a—The Largest Marsquake Detected by InSight. Geophysical Research Letters 50, 5. DOI: 10.1029/2022GL101543
  • Maguire, R; et al (2023). Focal Mechanism Determination of Event S1222a and Implications for Tectonics Near the Dichotomy Boundary in Southern Elysium Planitia, Mars. Journal of Geophysical Research, Planets 128, 9. DOI: 10.1029/2023JE007793
  • InSight Mars SEIS Data Service. SEIS raw data, Insight Mission (2016-2022). IPGP, JPL, CNES, ETHZ, ICL, MPS, ISAE-Supaero, LPG, MFSC. DOI: 10.18715/seis.insight.xb_2016

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 30ean: La causa de los terremotos marcianos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.