Asteon zientzia begi-bistan #484

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Dendrotelmak

Emakumeak zientzian

Aixa Barbarin Lópezek historia ikasi zuen EHUn, eta ondoren Cádizko Unibertsitatera joan zen urpeko arkeologia ikastera. Dioenez, oso gustura dago egin zuen aukeraketarekin, oso lan interesgarria eta dinamikoa baita. Gaur egun, batez ere, portuetan dabilela adierazi du, eta “zabortegiak” direla esan du Barbarinek. Orain arte egin duen aurkikuntza berezienaren inguruan galdetuta, azaldu du merkuriozko putzu bat topatu zuela ur azpian, XVI mendeko itsasontzi batean. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Klima-larrialdia

EBko politikak ez dira nahikoa aurrera egiten ari klima-larrialdiak eragindako arriskuei erantzuteko, Klima Aldaketari Buruzko Europako Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren arabera. Batzordeak lehenengo Europako Klima Arriskuen Ebaluazioa argitaratu du, eta horren helburua izan da identifikatzea zer politika diren lehentasunezkoak klima-larrialdira egokitzeko. Hainbat gomendio plazaratu dituzte txostenean eta, orokorrean, politika denak berrikustea gomendatu dute. Azalpenak Berrian.

Osasuna

Mikrobiomak arrastoak uzten ditu uzkiko minbizia izateko arriskuari buruz. Ikerketa berri batek aditzera eman duenez, uzki aldeko mikrobiomari lotutako bi biomarkatzaile erabili daitezke uzkiko minbizia detektatzeko. Biomarkatzaile horiek kobalamina (B12 bitamina) eta succinil-CoA dira. Emaitzek erakutsi dute minbizi arrisku handia zuten pazienteek baldintza normaletan baino kobalamina eta succinil-CoA gehiago ekoizten zuten bakterioak zituztela uzki aldean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Gure larruazala zeramida izeneko konposatu batek babesten du, beste konposatu batzuen artean. Zeramida lipido bat da, eta iragazkortasun-hesia sortzen du larruazalean. Azaleko bakterio batzuk hura sortzeko gai dira, eta beste batzuek gorputzari laguntzen diote zeramidak sintetizatzen. Jaoitzen garenan, mikrobiotaren hasierako kolonizazio horrek etorkizuneko gure larruazalaren osaera baldintzatuko du, eta ikusi da jaioberriek zenbat eta zeramida gutxiago izan, orduan eta probabilitate handiagoa dutela ekzema edo dermatitis atopikoa garatzeko. Azalpenak Berrian.

Buru osasunaren eta nerabezaroaren inguruko hitzaldi ziklo batean parte hartu du Esti Ansotegi psikologoak. Ansotegik prebentzioa eta osasuna sustatzeko proiektuak koordinatzen ditu Ortzadar elkartean, eta gure burua ulertzen hasteko hausnartzea bultzatu nahi du. 15-29 urte arteko gazteen lautik bat antsietatearekin, triste eta bakar sentsazioarekin bizi dira, eta hori konpontzeko prebentzioaren garrantzia azpimarratu du. Informazio gehiago Berrian.

Zoologia

Groenlandiako marrazoa 400-500 urte bizi den animalia da, eta bizi luzeena duen espeziea dela uste da. Groenlandiako itsasoan bizi da nagusiki, 2000 metrotako sakoneran. Oso metabolismo motela duen animalia da, ur oso hotzetan bizi delako, eta adituek uste dute horregatik dutela bizi-itxaropen hain luzea. Duela gutxi ikertzaileak ohartu ziren espezie horren begiko kristalinoaren nukleoaren karbono-14 proba eginda, adina kalkulatu ahal zutela. Datu guztiak Berrian.

Munduan dauden ia 1.500 saguzar espezietatik, 27 daude Euskal Herrian, eta horietatik bost galzorian daude. Joxerra Aihartza EHUko Zoologia irakasle eta ikertzaileak azaldu du, azken urteotan, gehien ikertu diren animalia taldeetako bat dela saguzarrena. Bizimodu aniztasun ikaragarriko taldea da, eta gizakion jardunaren ondorioak neurtzeko ere aproposa da. Animalia horien inguruko informazioa biltzeko, Naturtzaindia Elkarteak argitaratutako Euskal Herriko saguzarren gida liburuxka dugu eskuragarri. Informazio gehiago Berrian.

Biologia

Zelulek autosuntsiketarako mekanismoak dituzte, eta horien jatorri ebolutiboa aztertu dute. Azken ikerketen arabera, apoptosia, hau da, zelula-heriotza programatu mota bat, duela milaka milioi urte sortu zen organismo zelulabakarretan. Ikertzaileek uste dute autosuntsiketa mekanismoak portaera sozial gisa garatu zirela. Litekeena da eukariotoek mitokondrioetatik lortu izana mekanismo horiek aurrera eramateko gene batzuk. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Dendrotelmak arbola batzuen enborretan sortzen diren zuloak euri urez betetzean sortzen dira. Zuhaitz zaharretan agertzen dira batez ere, eta beharrezkoak dira basoetako hainbat izakirentzat. Besteak beste, hegazti eta ugaztun batzuek ura edateko baliatzen dituzte, eta hainbat intsektuk arrautzak ipintzen dituzte bertan. Intsektu horietako batzuk mehatxatuta dauden espezien euskal katalogoan agertzen dira. Informazio gehiago Berrian.

Kimika

Lurringintzan erabiltzen den musketa-usainak, gaur egun, jatorri sintetikoa du gehienbat. Izan ere, musketa naturalaren merkataritza debekatuta edo kontrolatuta dago herrialdearen arabera. Lehen musketa-usan sintetikoa Albert Baur kimikariak lortu zuen 1888. urtean, lehergai egonkorrak sintetizatzen ari zela. Bost konposatu antzeko sintetizatu zituen Baurrek, baina osasunean eta ingurumenean kalteak eragin zitzaketela eta, musketa poliziklikoak nagusitu ziren. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Antropologia

Zestoako Amalda III kobazuloko neandertalen bilakaera ingurumenari buruzko informazioarekin batu dute. Hainbat diziplinatako espezialistak aritu dira elkarlanean horretarako, eta kronologia zabal bat zehaztea lortu dute bildutako datuekin. Joseba Rios Garaizar arkeologoaren gidaritzapean egin da ikerketa, eta azaldu du oso momentu garrantzitsua dela ikertu dutena, garai horretan, neandertal klasikoak garatzen direlako eta neandertalen gainbehera gertatzen delako. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Gure basoak liburua Gipuzkoako basoei eta basoko landareei buruzko mendi-gida bat da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratu zuen 2020an. Liburu honen helburu nagusia Gipuzkoako baso motak eta horiek sortutako paisaiak azaltzea da. Ikuspuntu berezia duen gida da, garrantzia bera ematen baitie landareei eta basoei. Izan ere, basoko landareak ez dira modu isolatuan hazten, eta beraz, landare horien testuingurua kontuan izatea garrantzitsua dela aldarrikatzen da. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Voyager-1 zundaren informazioa jasotzen jarraitzea lortu dute, 2023ko azarotik etenaldia izan ostean. Zunda hori 1977an jaurti zuten espaziora, eta heliosferatik atera da, oraindik Eguzkiaren grabitazio-eremuaren pean badago ere. Badirudi datuak bidaltzeko haiek paketatzeaz arduratzen zen ordenagailua matxuratuta zegoela, eta horregatik ez zen daturik iristen Lurrera. Birprogramatu egin dute zunda, eta berriro datuak bidaltzen hasi da. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Txinako Zientzien Akademiak orain arte argitaratu den Ilargiaren atlas geologiko osatuena aurkeztu du. Guztira, 12.341 krater, 81 arro, 17 arroka-mota eta 14 egitura-mota erakusten ditu, bai eta Ilargiaren gainazalari buruzko informazio gehigarria ere. Aurrez argitaratutako atlasak NASAk Apolo misioetako datuekin egindakoak ziren, eta haiek baino bi aldiz bereizmen handiagoa du. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.