Glaziarretan pentsatzen dugunean, burura datorkigun lehenengo gauza klima polarra edo goi mendikoa da; horregatik, artikulu honen izenburua nahasgarria izan daiteke, nahasten dituelako, alde batetik, Merkurio planeta, Eguzkitik hurbilen dagoena, eta glaziar hitza. Egia da han ere izotza aurki dezakegula beti itzaletan dauden kraterretan, baina hori beste kontu bat da.
Gatzezko glaziarrak ez dira izotzezkoak bezain ohikoak, eta, agian, horregatik pasatzen dira oharkabean publiko ez espezialistarentzat. Baina horregatik ez diote uzten benetan fenomeno liluragarria izateari. Eta, hain zuzen ere, beste glaziarrekin duten sekulako antzagatik hartzen dute izen hori. Bide batez, ur izotzez osatzeaz gain, nitrogeno izotzez ere osa daitezke; halaxe gertatzen da, esate baterako, Plutonen.
Baina, zer dira benetan? Imajina dezagun izotzezko glaziar bat. Glaziarretan elurra poliki-poliki konpaktatzen doa eta izotz bihurtzen da, eta, bere pisuak berak sortzen duen presioak eta eta grabitateak, izotz masa horiek poliki-poliki isurtzea eragiten du, ibai likatsu bat balitz bezala. Bada, gatzezko glaziarretan antzeko zerbait gertatzen da, baina gatzekin, eta ez izotzarekin.
Gatzak izotzaren modu antzekoan joka dezake, baldintza jakin batzuetan: Gatz estratuak beste harri geruza batzuen azpian lurperatuta geratzen direnean, jasaten dituen presio itzelen eta Lurraren sakonean dagoen tenperaturaren ondorioz, baliteke hori ere fluido likatsu bihurtzen hastea (eskala geologikoan) eta jariatzen hastea. Askotan egitura diapirikoak eratzen ditu, azalean gora egin behar duen gatz tanta erraldoi bat balitz bezala. Labazko lanparetan ikusten dugunaren antzekoa da, non parafina hondoraino iristen denean, berotu eta igotzen hasten den.
Gure planetan, gatzezko glaziarrak konposatu horien metaketa handiak dauden lekuetan agertzen dira. Beren testuinguru geologikoagatik, geruza horiek gorantz migratzera behartzen dituzte, batzuetan goiko harri estratuak hautsiz. Gatza lurrazalera iristen denean, jariatzen has daiteke, paisaia estaliz, eta zenbaitetan hainbat kilometrotako glaziarrak sortzen dira.
Merkuriorako azken misioek agerian utzi zuten sublimazio zeinuak adierazten zituzten forma batzuk zeudela azaleran–hau da, solido bat egoera gaseosora pasatzea likidotik igaro gabe–, eta horrek frogatuko luke planetan elementu lurrunkor ugari daudela. Duela hamarkada batzuk arte komunitate zientifikoak ez zuen halakorik planteatu ere egiten, Eguzkitik oso gertu zegoelako.
Azaroan The Planetary Science Journal aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek glaziar horien presentzia aztertzen du, bi eremutan zentratuz: Raditladi inpaktu arroan eta Borealis Chaos-en, Merkurioren ipar poloaren inguruan… baina, nola sortu dira planeta horretan?
Ikerketak iradokitzen duenez, asteroideen inpaktuak lurrunkorretan aberatsak ziren geruzak (VRL, ingelesezko terminologiaren arabera) azaleratu zituztenean sortu ziren glaziar horiek. Geruza horiek elementu lurrunkorrak sublimaziotik babesten zituen azaleko geruza baten azpian zeuden (adibidez, sumendien erupzioen labaz osatutako geruzak). Presioa askatu ondoren, geruza horietako materialek kanporantz jaria zitezkeen, gure planetako gatzezko glaziarrak bezala mugituz, une horretan Merkurioren gainazalean zeuden tenperaturen araberako denbora eskala batean.
Zer konposizio dute glaziar horiek? Ikerketako zientzialariek planteatzen dutenez, nagusiki halitaz osatuta egon litezke –gatz arrunta edo mahaikoa fabrikatzeko erabiltzen dugun minerala–. Izan ere, haien propietateek eta tenperaturen aurrean duten erreakzioak haien likatasuna eta erresistentzia baldintzatzen dute, eta Merkurion ikusten diren formak azal ditzakete.
Beste gai interesgarri bat ere jorratzen da lanean: Nondik ateratzen dira VRL horiek Merkurion? Planetako atmosferaren kondentsazio oso baten emaitza izan litezke? Jadanik ez duen jatorrizko atmosferaz ari gara, noski, planeta “jaio” (jaiotza sensu latoan ulertuta) ondorengo lehen une horietan sortua. Garai hartan, jarduera bolkanikoa hain indartsua zen, ezen sumendien bidezko degasifikazioak atmosfera iragankorra izateko aukera ematen baitzion Merkuriori. Eta faktore horri lurrunkorretan aberatsak ziren gorputzen talka gehituta, nolabaiteko indarra zuen atmosfera bat sortzea ere ahalbidetuko zen.
Teorian, atmosfera hori Merkurioren gainean kondentsatzen hasi zen gau luzeetan (pentsatu behar da Merkurioren egunak 176 egun irauten duela), eta elementu lurrunkorrak gainazalean metatzea eragin zuen. Izan ere, tenperatura baxuak egongo lirateke, eta leku batzuk labazko isurketa berriek edo erregolitoaren eraketak berak estaliko zituzkete. Garrantzitsua da aipatzea gure planetan normalean halita jatorri sedimentarioko minerala dela, baina sumendiek ere bota dezaketela mineral hori. Hain zuzen ere, hori izango litzateke Merkurioko VRLetan dagoen halitaren jatorri probableena.
Kondentsazio atmosferikoko aldietan, litekeena da Merkurio gainean ur likidoko edo superkritikoko lakuak edo itsaso ez oso sakonak egotea, gatzak depositu horiek osa zitzala ahalbidetuko zuena. Harrigarria gerta dakiguke, Merkurio Eguzkitik hurbil dagoela pentsatzen badugu, baina, zalantzarik gabe, teoria interesgarria da ikusten duguna azaldu ahal izateko.
Azkenik, egileek geruza horien potentzial astrobiologikoa ere azpimarratzen dute. Izan ere, gure planetan eremu bizigarriak sortzeko gai dira, baita lekurik babesgabeenetan ere. Horrez gain, gure Eguzki Sisteman biomarkatzaileak babesteko duten potentziala ere aztertu beharko litzateke, etorkizunean egin beharreko misioei begira, baita gure Eguzki Sisteman ere.
Erreferentzia bibliografikoa:
Rodriguez, J. A., Domingue, D., Travis, B., Kargel, J. S., Abramov, O., Zarroca, M., Banks, M. E., Weirich, J., Lopez, A., Castle, N., Jianguo, Y., & Chuang, F. (2023). Mercury’s hidden past: Revealing a volatile-dominated layer through glacier-like features and chaotic terrains. The Planetary Science Journal, 4(11), 219. DOI: 10.3847/psj/acf219
Egileaz:
Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 27an: Glaciares de sal en Mercurio.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.