Bidaia Adriatikoaren hondora Mira Zore-Armandaren eskutik

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Kroaziako ozeanografo Mira Zore-Armandaren hitzetan, “aurrerapen teknologikoek ez dute giza aurrerapena ekarri”, eta Itsaso Adriatikoaren egungo egoera ikusiko balu, berretsi egingo luke baieztapen hori ziurrenik. Bere bizitzaren zati handi bat eskaini zion kutsatutako eta gainustiatuko itsaso horri, eta aitzindarietako bat izan zen klima-aldaketaren eta kutsaduraren eraginak aztertzen Mediterraneoaren parte den itsaso horretan. 1960ko hamarkadan, Jean Jacques Cousteau famatu bihurtzen zen bitartean, Zore-Armandak arazoak zituen espedizioetan sartzeko emakume izate hutsagatik. Baina hori ez zen oztopo izan gerora ikertzaile emankor bihurtzeko. Izan ere, gaurkotasun handiko gai askoren bidea hark ireki zuen.

Mira Zore
1. irudia: Mira Zore-Armanda eta Itsaso Adriatikoa hondoan. (Irudia: Irudi honetatik abiatuta sortua. Iturria: Mujeres Conciencia)

Zoe-Armanda Zagreben jaio zen 1930eko urtarrilaren 6an, Kroazia botere sobietarraren menpeko Jugoslaviaren parte zenean. 1952an geofisikaren adarrean graduatu zen bere hiriko unibertsitatean, eta han izan zuen irakasle Josip Goldberg fisikari ezaguna, herrialdean diziplina horren aitatzat hartzen dutena. Karrera amaitu bezain laster, Mira hidrografiako laguntzaile gisa hasi zen lanean Split hiriko Ozeanografia eta Arrantza Institutuan (IOF, ingelesezko siglengatik), kostalde dalmaziarrean. Bertan egin zuen lan 1989an erretiratu zen arte. Institutuan hasi eta hamarkada batera, 1963an, doktoregoa eskuratu zuen Parisko Sorbona Unibertsitatean.

IOFra iritsi zenean, ez zegoen apenas emakumerik. Gainera, Kroaziako ozeanografiak oso sinesgarritasun txikia zuen nazioartean; baina Zore-Armandak hori aldatuko zuen. Lehenengo urteetan, Mirak lanak egin zituen institutuko estazio iraunkorretan. Spliten eginiko egonaldi batean, Miljenko Buljan ezagutu zuen, Adriatikoaren propietate hidrografikoak ikertzen ari zen biologoa. Eta Buljan eta Goldbergek inplikatu zuten garrantzi handiko proiektu batean: Adriatikoko itsaslasterrak eta ur masak aztertzea aurreko urteetan eginiko espedizioetako datuetatik abiatuta. Proiektu horren emaitza Sorbonan aurkeztutako tesiaren eta bere lehen artikulu zientifikoaren gaia izan zen.

1956an, Norvegiako gobernuaren beka bati esker, bidaia handi bat egin ahal izan zuen Indiara. Itsaslasterrei buruzko bere lanak, ikuspegi teoriko eta enpirikoa zutenak, ezagunak egiten hasiak ziren jada. Hurrengo urtean, Nazioarteko Geofisikako Kongresuaren antolakuntza batzordeko kide izateaz gain, bere lehen ikerketa bidaia zuzendu zuen bere Adriatiko maitean. Ikerketa bidaia horiek oso aberatsak izan ziren ezagutza berriei dagokienez, baita ezagutza zientifikoez harago ere. Indiatik txundituta itzuli zen, edozer gauza esan eta inor ofenditzen ez zuela ikusita. Frantzian, berriz, tesia aurkezteaz gain, kulturari buruz ikasteko ere aprobetxatu zuen. Handik hiru urtera, Igor Armanda kimikariarekin ezkondu zen, eta abizen hori erabiltzen hasi zen bere zientzia lanetan; halaxe jarraitu zuen bizitza osoan.

Atlantisa eta emakumeak

Ia 20 urtetan, Mira Zore-Armanda izan zen Adriatikoaren fisika ikertzera dedikatu zen pertsona bakarra. Bere rola ezinbestekoa izan zen Massachussetseko (AEB) Woods Hole Instituterekin ikerketa bat antolatzeko. Haiekin espedizioak egin zituen Bios ontzi ozeanografikoan. Espedizioetan inplikatutako beste ontzi batean (Atlantis izenekoa) ez zioten igotzen utzi. Izan ere, 1962an, debekatuta zegoen oraindik emakumeak ontzietan joatea, ikertzaile ezagunak izanda ere.

Emaitza zientifiko asko erdietsi zituen, baina bereziki azpimarratzekoa da berak frogatu zuela Adriatikoko itsaslasterren fluxuko urtaroko aldaketen kausa: behatu zen iparraldea (ez oso sakona) gehiago berotzen zela udan eta gehiago hozten zela neguan hegoaldea baino, Po ibaiaren eta Italiako iparraldeko beste ibai batzuen eraginpean dagoelako. Urtaroaren arabera, ur hotzak edo ur beroak non sortzen ziren lokalizatu zuen, baina, horrez gain, horien zirkulazioa ere azaldu zuen: bertikalki nahasten ziren sakonera handietan. Ezagutza horiek aurrerago ere erabiliko zituen, biologoekin eginiko ikerketetan, arrantza ereduak definitzeko. Are gehiago, haren lanari esker, klimaren parametroen, parametro ozeanografikoen eta ekoizpen primarioaren arteko lotura ezarri zen.

Zientzialariaren beste ekarpen batek zerikusi handia du Ipar Atlantikoko baldintza meteorologikoek Mediterraneoan eta eremu adriatikoan duten eraginarekin. Mirak itsasoen arteko ur trukearen intentsitatea lotu zuen bertako mantenugaien eta gazitasunaren mailekin. Gainera, ondorioztatu zuen Ipar Atlantikoan dagoen izotza korrelazioan dagoela urruneko itsas eremuetako fenomeno jakin batzuekin. Ikuspegi hori ezinbestekoa da gaur egun, klima-aldaketaren ondoriozko Artikoaren urtzaldia dela eta. Itsasoaren eta atmosferaren arteko erlazioa ere aztertu zuen, eta Adriatikoaren lurrunketa mailak kalkulatu zituen.

Mira Zore
2. irudia: Itsaso Adriatikoa. (Iturria: Mujeres Conciencia)

1970eko hamarkadan IOFk itsasoko kutsaduran interes fokua jarri zuenean, gure ozeanografoak dena eman zuen kostaldeko ikerketan. Isurien fluxuen eta korronteen eragina aztertu zuen, eta epe luzeko datuen analisi batean, frogatu egin zuen kostaldean eginiko isuriek zer-nolako eragina zuten itsas zabalean. Guztira, ingurumenari lotutako hamazortzi proiektu zuzendu zituen. Horien artean, zentral nuklear bati buruzko bat eta gas eta petrolio miaketei buruzko beste zenbait. Eta Adriatikoan gerta zitezkeen tsunamiei buruzko hipotesi bat ere aurkeztu zuen.

1976. eta 1978. urteen artean, Ozeanografia eta Arrantza Institutuko zuzendari izendatu zuten, baina lanpostuak ez zuen ase. Zientzia egiten jarraitzea nahiago zuen. Aurretik adierazi dugunez, oso karrera emankorra izan zuen. Horren erakusle dira hark idatzitako 64 zientzia artikuluak, kongresuetarako 38 komunikazioak, 81 artikulu profesionalak eta dibulgaziokoak, 5 liburuak eta konferentzietako apunteak. Hamarkada horretan, prestigiozko aditu gisa deitu zuten mundu osoko ekitaldietan (Unesco, NATO, Royal Society britainiarra…), eta bi aldiz izendatu zuten Nazioarteko Ozeanografia Fisikoko Batzordeko presidenteorde.

Dibulgatzaile handia

Ikertzaile gisa ekoizpen handia izan zuen, baina garrantzi handia eman zion, halaber, maite zuen diziplinaren prestakuntzari eta dibulgazioari. Buljanekin ozeanografiari eta itsas meteorologiari buruzko Bigarren Hezkuntzarako testu liburu bat argitaratu zuen, bokazioak sustatzeko helburuarekin. Itsas ikasketak egiten zituztenentzako apunteak ere idatzi zituen. Horrez gain, Itsas Fisikako irakasle ere izan zen Zagrebeko Unibertsitatean, eta udako ikastaroak ere ematen zituen bere herrialdean bertan eta atzerrian. 1976tik aurrera, IOFren Acta Adriatica argitalpeneko editore ere izan zen. Eta, esan beharra dago, bere zuzendaritzapean, ozeanografia mediterraneoari buruzko aldizkaria nazioartean ezaguna egin zela. Izan ere, 1989an erretiratu bazen ere, bertan artikuluak argitaratzen jarraitu zuen. Honela esan ohi zuen:

Ezin da bulegoko ozeanografoa izan; landa-lanak egin behar ditugu!

Bere herrialdean izandako aldaketa politikoen aurrean, Mirak defendatu zuen zientzia bazter utzi behar zela. “Urrun gera daitezela lobbieak. Haientzat dena da Adriatikoa babestea baino garrantzitsuagoa”, salatzen zuen. Kroaziako gerrak dezepzionatuta, 90eko hamarkadan etorkizunari begirako pesimismoa adierazi zuen, baina konfiantza zuen Kroazia independentea zenean Adriatikoaren aberastasuna ordura arte baino hobeto babestuko zela. Tamalez, ez da hala izan.

Senarra hil ondoren, Split utzi eta Opatijara lekualdatu zen bere ahizparekin. Eta han bizi izan zen bere azken urteetan, 2012ko apirilaren 8an zendu zen arte. Bere memorietan jasota utzi zuen hark idatzitako zientzia artikuluek etorkizunean izango zuten eraginari buruz pentsatzen zuena. Uste zuen artikulu asko idazten zirela, baina “gutxik irakurtzen zituztela hamar urte edo gehiago igarota”, ez baziren “goi-mailako jeinuek” idatzitakoak. “Nire karreraren amaieran, iruditzen zait idatzitako guztiak ez duela balio handirik, apenas ezer baino apur bat gehiago. Zenbat urtetan ahaztuko da?”, idatzi zuen. Hala ere, Miraren ikerketak gaur egun ere maiz aipatzen dira. Eta bere lanbidea sutsuki defendatzeagatik eta gazteekin izandako inplikazioagatik ere gogoratzen dugu.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia- eta ingurumen-dibulgazioan espezializatutako kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 16an: Viaje al fondo del Adriático con Mira Zore-Armanda.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Mira Zore-Armanda Kroaziako ozeanografoa izan zen. Itsaso Adriatikoa ikertzen egon zen bere bizitzaren parte handi bat, eta aitzindaria izan zen klima-aldaketaren eta kutsaduraren eraginak aztertzen. Alabaina, zailtasunak izan zituen emakume izateagatik; 1962an, adibidez, itsas espedizio bateko zientzialaria zela, ez […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.