Alice Lee: garezurraren tamaina eta adimena ez daude erlazionatuta

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Garezur handiago batean burmuin handiago bat sartuko da, eta garezur txikiago batean burmuin txikiago bat. Eta burmuin handiagoa duena adimentsuagoa izango da burmuin txikiagoa duena baino. Logikoa da oso, ezta? Ageri-agerikoa da…

Aurreko paragrafoko silogismoak guztiz arrazoizkoak iruditu bazaizkizu, jakin ezazu oso atzean geratu zarela adostasun zientifikoaren aurrerapenarekiko; mende bat atzean, gutxi gorabehera. Baina lasai: ahaztu dezagun festara berandu iritsi zarela eta ospa dezagun hemen zaitugula, hori baita garrantzitsuena.

Alice Lee
1. irudia: Alice Lee matematikariak frogatu zuen ez zela zuzena garezurraren tamaina adimen handiagoaren adierazle modura erabiltzea. (Argazkia: Wikimedia Commons – jabari publikoa. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Zenbait hamarkadatan uste izan da burmuin handiagoa izateak berekin zekarrela gaitasun intelektual handiagoa izatea, eta argudio hori erabili da “azaltzeko” gizonek eta emakumeek jarduera desberdinak egin izanan historian zehar eta, azken buruan, diskriminazio sexista zientifikoki justifikatzeko. Baina egun badakigu argudio okerra dela. Gizonak ziren azkarrak, adimentsuak eta trebeak; eta emakumeak delikatuak, sentiberak eta amatiarrak. Eta, gainera, zientziak babesten zuen hori. Eta zientziak babesten badu, egia izango da, ezta?

Bada, Alice Leek frogatu zuen hori ez zela zuzena. Matematikariak metodo estatistikoak aplikatu zituen garezur-edukieraren, generoaren eta adimenaren arteko benetako erlazioa argitzeko, eta frogatu zuen ez zegoela halakorik. Zelako sorpresa! Gloria Steinemek, 60ko hamarkadan emakumeen eskubideen alde borrokatzeagatik ezaguna izan zen aktibista eta kazetariak, Alice Lee hartu zuen XX. mende hasieran kraneologiaren lur-jotzearen sustatzailetzat, baina soilik neurri batean. Izan ere, sexuagatiko diskriminazioan hauteman zituen aurreiritziak ez zituen hauteman arrazagatiko diskriminazioan; are gehiago, azken kasuan, aurreiritzi horiek indartu egin zituen.

Matematiketan lizentziatutako lehen emakumea

Lee 1858ko ekainaren 28an jaio zen Dedhamen (Essex, Erresuma Batua). 1876an Bedford Collegen matrikulatu zen, herrialdean emakumeentzako hezkuntza eskaini zuen lehen ikastegian. Eta bertan jaso zuen emakumeei eskainitako matematika aurreratuen lehendabiziko eskola. Londresko Unibertsitatean (Bedford College haren baitan zegoen) graduatutako lehen emakumea ere izan zen. Unibertsitatean jarraitu zuen 1916ra arte. Hasiera batean, matematika eta fisikako irakasle gisa aritu zen, baita egoiliarren laguntzaile gisa ere. Horren truke doako ostatua eta mantenua jasotzen zuen. Eta, azken urteetan, latin eta grekoko eskoletako laguntzailea ere izan zen.

1895etik aurrera, Karl Pearson-en estatistika eskoletara joan zen. Pearson estatistikaria izateaz gain, teoria eugenesikoen defendatzailea ere bazen. Teoria horiek proposatzen dute gizakiek ezaugarri genetikoen hobekuntzan esku hartu behar dutela eta, beraz, hautatu behar dela ondorengoak nork eta norekin izan behar dituen, eta nork ez dituen izan behar. Hori entzun ondoren, Leeri interesgarria iruditu zitzaion metodo estatistikoak aplikatzea biologia ebolutiboaren azterketan. Pearsonen zuzendaritzapean, Leek gizakien garezur-edukieraren aldakortasuna eta horrek gaitasun intelektualarekin zuen zerikusia ikertu zuen.

Garai hartan, onartua zegoen gizonak emakumeak baino adimentsuagoak zirela zioen teoria, hala frogatzen baitzuen gizonen garezurren tamaina handiagoak. Eta horregatik, hain zuzen ere, izan zen hain eztabaidazkoa Leek 1901ean argitaratutako artikulua. Artikulu horretan hiru pertsona talde aztertu zituen: Bedford Collegeko emakumezko ikasleak, unibertsitateko irakasleak eta gizonezko anatomista ospetsuak. Formula estatistiko baten bidez, horien guztien garezur-edukiera kalkulatu zuen, garezurren kanpoko tamainatik abiatuta, eta neurriak handienetik txikienera ordenatu zituen talde bakoitzaren barruan, guztiak norbanakoaren izen osoaz identifikatuta.

Buru txikiko gizonak, buru handiko emakumeak

Ikerketaren ondorioek frogatu zuten ez zegoela korrelaziorik talde horietako pertsonen garezurraren tamainen eta adimenaren artean. Izan ere, horietako batzuk beren esparruetan aurkikuntza handiak eginikoak ziren eta ibilbide zientifiko bikaina zuten, baina buru txikia zuten, ez handia. Leeren meritu nagusia izan zen pertsona bizien garezurra neurtzearen bidez frogatu zuela, batetik, gizonen garezurren tamainan barietate handia dagoela, baita emakumeen garezurren tamainan ere, eta, bestetik, kasu askotan, neurriak gainjarri egiten zirela: garezur txikiagoak zituzten gizonak eta gizonenak baino garezur handiagoak zituzten emakumeak zeuden. “Ezinezkoa litzateke, beraz, korrelazio gradurik ezartzea garezur-edukieraren eta gaitasun intelektualen artean”, idatzi zuen Leek bere tesian.

Alice Lee
2. irudia: 1901eko Leeren artikuluak (A first study of the correlation of the human skull) 35 anatomistaren garezur-edukiera estimatua jasotzen duen taula barne hartzen du. Neurri txikiena Julius Kollmannena da, Leeren arabera «bizirik dagoen antropologo trebeenetako bat». (Irudia: Wikimedia Commons – jabari publikoa. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Artikuluak eztabaida piztu zuen oro har onartutako ideia bat zalantzan jartzen zuelako, eta ideia horrek garai hartako statu quo soziala eta zientifikoa ezartzen zuelako hein handi batean, zeinetan gizonak, zalantzarik gabe eta arrazoi zientifikoetan oinarrituta, emakumeak baino adimentsuagoak ziren. Baina, horrez gain, eztabaida piztu zen ere ikerketan Leeren tesiko ohargileetako bat azken lekuetan agertzen zelako garezur-edukieraren rankinean.

Halaber, kritika handiak jaso zituen eugenista batzuen aldetik; Leeren ikerketa zientifikoaren kalitatea eta orijinaltasuna zalantzan jarri zuten. Pearsonek esku hartu behar izan zuen merezi zuen doktoregoa eman ziezaioten. Eta, azkenean, 1901ean eskuratu zuen. Hala ere, ikerketaren eragina hain izan zen handia, ezen argitaratu eta hamarkada batean, kraneologiaren esparrua, hau da, garezurraren tamaina eta ezaugarriak eta horrek norbanakoaren gaitasunekin zuen erlazioa aztertzen zituen esparrua, zientziaren adar gisa desagertu zen eta sasizientzia izatera igaro zen.

Arrazagatiko diskriminazioa babesteko argudio zientifikoak

Nolanahi ere, Leek ekarpen handia egin bazuen ere emakumeen eta gizonen arteko gaitasun intelektualen aldeari buruzko aurreiritzia suntsiarazteko, ez zuen berdin jokatu etnia zuri europarra beste etnia guztiak baino adimentsuagoa zela zioen aurreiritzia suntsitzeko. Are gehiago, adierazitako ikerketaren amaitzean, Leek bere metodoak aplikatu zituen arraza ezberdineko taldeen garezur-edukiera aztertzeko, eta ondorioztatu zuen garezurraren neurketa sistematikoen bidez talde horiek eta beren gaitasun intelektualak bereiz zitezkeela. Eta teoria horiek itsasoz bestaldeko lurraldeetako herri indigenen kolonizazio britainiarra justifikatuko zuten.

Alice Lee
3. irudia: Gizaki motak (Tipos de humanidad) laneko (1854) ilustrazioa. Aditzera ematen zen «beltzak» «grekoen» eta txinpantzeen artean sailkatzen zirela. (Irudia: Wikimedia Commons – jabari publikoa. Iturria: Mujeres con Ciencia)

1909an, beste ikerlari bat Leeren generoagatiko diskriminazioaren aurkako argudioetan oinarritu zen arrazagatiko diskriminazioari aplikatutako materia bereko funsgabetasunak agerian jartzeko. Eta horrek behin betikoz kendu zion entzutea kraneologiari, Leek irekitako baina itxi gabe utzitako bidea.

Leek Pearsonen laborategi biometrikoan lan egin zuen 1892tik, hasieran boluntario gisa eta gero urtean 90 liberako soldata jasota astean hiru egun lan egiteagatik. Besteak beste, datuen bilketaz eta tratamenduaz arduratzen zen, baina laborategiko idazkariaren lanak ere egiten zituen, kudeaketa, logistika eta administrazioko zereginak ere baitzituen.

Leek Britainiako gerra esfortzuan parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran. Gobernuarentzat lan egin zuen garai hartan: 1916 eta 1918 artean, jaurtigaien ibilbideen kalkuluak egin eta mota guztietako munizio antiaereoen garapen eta asmakuntzari buruzko datuak bildu zituen. Horrez gain, konputazioari buruzko proiektu berezi batean ere lan egin zuen goi-agintari militarrarentzat.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko martxoaren 28an: Alice Lee: estadística para demostrar que un cráneo mayor no hace a los hombres más inteligentes que las mujeres.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Alice Lee matematikariak frogatu zuen garezurraren tamaina eta adimena ez zeudela erlazionatuta. Uste hori zabalduta zegoen orain dela gutxi arte, eta pentsatzen zen emakumeek garezur txikiagoak zituztela. Leek metodo estatistikoak aplikatu zituen garezur-edukieraren, generoaren eta adimenaren arteko benetako erlazioa […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.