Pasteur: Mikrobioen iraultza

Argitalpenak

Pasteur kimikari eta mikrobiologoak berezko sorkuntzaren teoria deusaztatu zuen, eta pasteurizazio delako prozesua diseinatu zuen, geroago hala deitu zena bere omenez.

Pasteur
1. irudia: “Pasteur: Mikrobioen iraultza” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri. Iturria: Ikaselkar)

Berezko sorkuntzaren teoriaren arabera, bizitza bere kabuz sortzen zen materia organikoan. Pasteurrek, ordea, teoria hori deusaztatu zuen ardoaren inguruan egin zituen ikerketekin. Hainbat esperimentu eginda, frogatu zuen mikroorganismoak (berak “germen” deitzen zienak) airean daudela, eta ez direla berez sortzen materia organikoan, baizik eta bertara iristen direla.

Horrek atea ireki zuen hainbat gaixotasun infekziosoen ikerketari, eta Pasteur eta bere kideek oiloen kolera eta ardien karbunkoa sendatzea lortu zuten, ahuldutako mikroorganismoak inokulatuz. Hau da, lehenengo txertoa sortu zuten.

Pasteur
2. irudia: Pasteurrek, hasiera batean, ardoan sortzen ziren kristal batzuk ikertu zituen. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri. Iturria: Ikaselkar)

“Pasteur: Mikrobioen iraultza” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Pasteur: Mikrobioen iraultza
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2023
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-18410-54-3

Iturria:

Ikaselkar: Pasteur: mikrobioen iraultza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.