Urte luzez historiaurreko dietari buruz egon den estereotipo bat zalantzan jarri dute Marokon aurkitutako datu berriek: Neolito aroaren aurreko populazio batek landare jatorriko elikagai ugari jaten zuen.
Haragiaren kontsumoa gizakiaren eboluzioan funtsezkoa izan zelako ideia luze eta zabal hedatuta dago, eta, hein handi batean, aditu gehienak bat datoz esatean haragiak berebiziko garrantzia izan zuela, batez ere, garunaren garapenerako beharrezko energia izatea ahalbidetu zielako gure arbasoei. Baina horrek ez du halabeharrez esan nahi Neolito Aroaren aurreko gizakiek haragia baino jaten ez zutenik.
Dena dela, hain garai urrunetan zer nolako elikadura izaten zen jakitea ez da batere erraza. Izan ere, dieta nolakoa zen ezagutzeko, arkeologiak ez du asko laguntzen. Edo, hobeto esanda, laguntzen du, baina hala moduz, denbora luzean kontserbatzen diren arrastoak baino ez direlako geratzen aztarnategietan. Hala, gehienetan, mantentzen direnak hezurrei edo —kostaldeko populazioen kasuan— moluskuei lotuta daude.
Esan beharrik ez dago horrek isuri kognitibo erraldoia dakarrela garaiko gizakien bizimoduen gaineko ulermenerako, baina, zorionez, bide horretan laguntzen duten teknika berriak garatzen eta izugarri hobetzen ari dira azken urteotan. Plaza honetara behin baino gehiagotan ekarri dugun teknika horietako bat da isotopoen analisia, eta, oraingoan ere, bide horri eutsita nobedade interesgarriak dakartzate zientzialariek besopean.
Nature Ecology & Evolution argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute iberomauritaniar kulturako gizakien arrastoen analisietatik ondorioztatutakoa. Aurkitu dute duela 15.000-13.000 urte inguru gaur egungo Marokon bizi zen ehiztari-biltzaileen populazio horrek landare jatorriko produktuetan zuela proteina iturri nagusia. Klima-aldaketa sakoneko garaia izan zen ordukoa, azken hotzaldi handiaren ostean beroketa handia gertatu zelako, eta Holozenoa abiatu zen.
Ondorio horretara iritsi dira Taforalt izeneko haitzuloan aurkitutako 25 hortz eta zazpi hezur analizatu ostean. Zehazki, hortzetako esmaltean dauden zink eta estrontzio isotopoak aztertu dituzte, eta horietan aurkitu dituzte argudiorik indartsuenak proposatzeko beren dieta nagusiki landareetan oinarritzen zela. Horiez gain, hezurretako kolagenoan ere nitrogeno eta karbono isotopoen arabera ondorioztatu dute alde gutxiago zegoela gizaki horien eta animalia belarjaleen artean, Europan eta Asian Goi Paleolitoko beste aztarnategiekin alderatuz.
Isotopoetan ez ezik, inguruabar arkeologikoek ere berretsi dituzte emaitzak. Izan ere, aztarnategian erretako ezkurren, pistatxoen eta basa-oloen arrastoak aurkitu dituzte. Horiekin batera, ehotzeko tresnak ere aurkitu dituzte. Gauzak hala izanik ere, haragi kontsumoaren zantzuak ere agertu dira, ebaketa markak aurkitu dituztelako ardi eta gazelen hezurren arrastoetan.
Beste kontu interesgarri bat azaleratu dute arrastoek. Aztertutako norbanako baten kasuan, aurkitu dute goiz kendu ziotela titia. Ikertzaileen irudikoz, horrek adierazi lezake almidoia duten elikagai begetalak eman ahal zizkiotela umeari, ehiztari-biltzaileen gizarteetan horrelako portaerak ohizkoak ez diren arren. Are, proposatu dute hau ohiko portaera izan ahal zela, eta urtebete inguru zutenean kentzen zietela titia haurtxoei, landare jatorriko dieta batera igaroarazteko. Hau posible bide zen zerealen moduko elikagai bigun eta erraz digerigarriak eskura zituztelako, ikertzaileen arabera.
Atzemandako karies aztarnek ere berresten dute karbohidrato ugari hartzen zituztelako ideia. Aurretik egindako beste ikerketa batek agerian utzi zuen populazio hauek arazo oso larriak zituztela hortzetan, eta une horretan ere pentsatu zuten hartzigarri diren landareetako karbohidratoak izan ahal zirela arazo horien iturria.
Klervia Jaouen egileak prentsa ohar batean azaldu dutenez, “teknika isotopikoak erabilita dieta paleolitiko batean landare jatorria duen horren zati handia dokumentatzen den aurreneko aldia da hau seguru aski”.
Horregatik guztiagatik uste dute agian talde hori sedentarismorako trantsizioan ari zirela jada. Izan ere, Ekialde Hurbileko lehen nekazariek izan zituzten dieten parekoa zela azaldu dute ikertzaileek. “Nekazaritza aurreko giza taldeetan animalia proteinen dependentzia handia zegoelako ideia zalantzan jartzen du dieta patroi desberdin honek”, erantsi du Zineb Moubtahij ikertzaileak.
Ikertzailek azaldu dute lortutako emaitzek beste behin agerian utzi dutela giza espeziearen arrakastaren ezaugarri nagusienetako bat malgutasuna izan dela; kasu honetan, dietarekiko. Hots, inguruaren eta bertan zeuden baliabideen arabera, elikadura aldatzeko gaitasuna zutela. Norabide honetan, gizakiak beren elikadura ohituretan “erresilienteak eta malguak” direla nabarmendu du Moubtahijek, modako terminoari eutsita.
Aurretik ere halako portaeren zantzuak baziren, baina probatzeko zailagoak. Kasurako, Alacanten aurkitutako gorozki arrastoen analisi molekularrean oinarrituta 2014n argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu zuen duela 50.000 urteko neandertalek ere landare jatorriko produktuak kontsumitzen zituztela.
Egileek uste dute nekazaritza agertu aurretik ere gero eta landare gehiago kontsumitzen zirela —kasurako, Israelego iparraldean duela 23.000 urteko zereal aleak ere aurkitu direla gogora ekarri dute ikertzaileek—.
Bestetik, Taforalt haitzuloan egindako analisi batzuek sedentarismo zantzuak aurkitu dituzte, bai eta kanaberaz egindako saskigintza ere. Sedentarioak izan zirela uste da hilerriak aurkitu direlako zonaldean —Taforalt da horietako bat; bertan helduak, nerabeak eta haurrak ehortzi zituztelarik—, eta aterpeak sarritan berrerabiliak izan zirelako.
Landareetara jotzeko arrazoiari dagokionez, ikertzaileek uste dute hainbat faktore egon ahal zirela, baina nagusiena izan zela gizakiek ehizatzen zituzten animalia erraldoien iraungitzea.
Bestetik, urtaroen arabera moldatzen ziren ere. Ikertzaileek uste dute landareen kontsumoa bideratuta egon ahal zela ehizatzeko animaliak eskasak ziren uneetan elikatzera.
Erreferentzia bibliografikoa:
Moubtahij, Zineb et al. (2024). Isotopic evidence of high reliance on plant food among Later Stone Age hunter-gatherers at Taforalt, Morocco. Nature Ecology & Evolution, 8, 1035–1045. DOI: 10.1038/s41559-024-02382-z
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] eta ebidentzia gehiago pilatzen ari dira azken hamarkadetan dieta zabalagoa zutelako ideian, eta, jatorri begetaleko elikagai asko kontsumitzen zutela ere, tartea, almidoi asko zutenak ere, hortzetako mikrobiomaren azterketatik […]