Egoera sozioekonomikoa gizartea mailakatzeko erabiltzen den tresna bat da. Orokorrean, egoera sozioekonomikoak norbanakoaren (edo talde baten) diru-sarrerak, hezkuntza-lorpenak, lanbide-prestigioa eta gizarte-klasearen pertzepzio subjektiboak biltzen ditu (APA hiztegia). Egoera sozioekonomikoa norbanakoaren bizi-mailaren kalitatearen isla izan daiteke.
Gainera, egoera sozioekonomiko horrek gizarte jakin batean bizi diren banakoek izan ditzaketen aukerak zedarri ditzake. Zenbaitetan, ikerketa psikologiko ugariren iragarle sendoa izan daiteke. Era berean, egoera sozioekonomikoak hizkuntzaren erabileran ere eragina duela erakutsi da. Hizkuntzezko lorpen ezberdinak, hala nola, lehenengo eta bigarren hizkuntzetan lortutako maila edo erregistro ezberdinetan hitz egiteko gaitasuna, maila sozioekonomikoak baldintza ditzake.
Gizaki egiten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat (garrantzitsuena, hizkuntzalarioi galdetuz gero) hizkuntza-ahalmena da. Sortzen garenetik, gizaki guztiok garatzen dugun gaitasuna da hizkuntzarena. Ezaugarri unibertsala da, denontzat berdina; ikusteko gaitasuna bezala, gure espeziearen baitan dago. Jabekuntza aroan, haurren hizkuntza-sistemak barne-bilakaera biologikoei egin behar die aurre. Esaterako, 80ko hamarkadatik badakigu haurrek inguruan dituzten soinuetarako espezializazio-prozesu bat pairatzen dutela. Haurrek patroi prosodikoak eta egitura sintaktikoak hautemateko gaitasun biologikoa baliatuko dute kanpotik datorren estimulazioa prozesatzeko. Soinu-kate gisa jasotako kanpoko estimulazio horrek baldintzatuko du haurrek ikasiko duten hizkuntzaren itxura. Frantzian jaiotako haurrek frantsesa entzuten badute euren inguruan, eurek ere frantsesa erabiliko dute; eta kitxua entzuten dutenek hizkuntza hori ikasiko dute. Barne-faktore biologikoez gain, hortaz, badira beste zenbait, norbanakoaren kanpokoak direnak eta gizarteratze-ingurune kulturalarekin zerikusia dutenak.
Hizkuntzen arteko bariazioaren erantzule nagusia kanpo-faktoreak dira. Hauek askotarikoak izan daitezke: kulturalak, prestigiozkoak, diglosikoak edota sozioekonomikoak. Gizarte diglosikoetan, adibidez, bi hizkuntzek duten harremana ez dago orekatuta. Hizkuntza batek besteak baino prestigio handiagoa du. Gutxiespen-egoeran geratzen den hizkuntzak errefus gisa baztertua izateko arriskua du. Diglosia egoeran hazitako haur elebidunen kasuan, prestigio handiko hizkuntzaren esposizio-denbora eta -kalitate maila altuagoa izango da gutxitutako hizkuntzarekin alderatzen badugu.
Hizkuntza-jabekuntzaren literaturan topatzen dugun beste kanpo-faktore bat hiztunen egoera sozioekonomikoa da. Haurrak inguruarekin duen harremanak baldintzatzen badu zein hizkuntzatan eta nola jardungo den, ulertzekoa da inguru sozioekonomikoak ere eragina izatea ekoitziko dituen hitzen aukeraketan, egitura sintaktikoen konplexutasunean edota hizkuntza-erregistroen erabileran.
Haurrak hizkuntzaz jabetzen diren inguruneko egoera sozioekonomikoa neurtzeko, haurren gurasoen ikasketa maila, lanbidea eta errenta hartzen dira kontuan, besteak beste. Haurren hizkuntza-jabekuntzan egoera sozioekonomikoak duen eragina gehien ikertu duenetako bat Erika Hoff da. Beraren ikerketetan, ama-hizketaren nolakotasuna zuzenean lotzen da egoera sozioekonomikoarekin. Beste era batera esanda, egoera sozioekonomiko altuen kasuan, amen hizketaldia luzeagoa eta ugariagoa izan ohi zela ikusi zuen; eta kontrakoa gertatzen zela egoera sozioekonomiko baxuko amen hizketaldiarekin, laburragoa eta urriagoa zela, alegia. Hortaz, erakutsi zuen, amen hizketaldia umeen hiztegiaren garapenean faktore baldintzatzaileenetako bat izanik, gerora eragina zuela umeek ekoitzitako hitzen kantitate, kalitate, jariotasun eta aberastasun linguistikoan.
Haurren inguru sozioekonomikoak bi bidetan baldintza dezake haien hizkuntza-garapena. Batetik, guraso eta haurren arteko elkarrekintzak ditugu, eta bestetik, ikasketarako eskuragarri dauden baliabideak. Lehen ere aipatu dugun moduan, egoera sozioekonomiko mesedegarri batean, gurasoek denbora gehiago pasa dezakete haurrekin, elkarrekintzak ugariagoak izango dira eta hizkuntzaren garapena aberatsagoa izan daiteke. Aldiz, egoera sozioekonomiko baxuagoa duten amek ordu luzez egin behar izaten dute lan, sarri; eta etxeratzen direnean, ahalik eta etekin gehien atera behar diete haurrekin izaten dituzten elkarrekintzei. Bestetik, haurren estimulaziora bideratutako baliabideen presentziak ere eragina du hauen hizkuntz garapenean. Beste era batera esanda, etxea joko didaktikoz beteta badute, edota liburu ugari ikusten badituzte, edota jolas kognitiboak badituzte inguruan, orduan eta jakin-min handiagoa piztuko zaie eta hizkuntza garapen hobea izateko aukera gehiago izango dituzte etxean libururik edo jolas zein jokorik ez badute baino. Estimulazio kognitiboak nabarmen egiten badu gora, hizkuntzazko baliabideak aberatsagoak izan daitezke.
Egoera sozioekonomikoak modu esanguratsuan eratzen du lotura hizkuntzazko lorpenekin. Lotura sendoa izan daiteke hori, eta kultura, etnia zein ama-hizkuntza ezberdinetan zehar agertzen da. Lotura hau iraunkorra ere izan daiteke, hizkuntzaren hainbat esparrutan loratzen delarik, lexikotik hasi eta pragmatikaraino. Gainera, lotura hau goiz hasten da, hizkuntzaren erabileran ezberdintasunak ager daitezke haurtzaroan bertan, eta gaztaroan eta haratago ere zabal daitezke. Dena den, lotura hau ez da unibertsala, ezta iragazgaitza ere. Esku-hartze eraginkor bati esker kantzelatu egin daiteke egoera sozioekonomiko baxuak hizkuntzaren garapenean izan dezakeen eragina. Esaterako, politika sozialek kalitate handiko hezkuntza eta osasun zerbitzu egokia bermatzen duten herrialdeetan erakutsi dute deuseztatu egin daitekeela egoera sozioekonomiko apalak haurren inteligentzian eta lorpen akademikoetan izan dezakeen eragina. Oraindik orain, ikerketa gehiagoren premia nabaria da esparruan. Ikerketa enpirikoa behar da egoera sozioekonomikoak hizkuntzaren garapenean duen eragina ezagutzeko. Bestelako kanpo faktoreen eraginak aztertu behar dira, norbanakoaren aldagarritasuna kontuan hartu, eta haurren gertuko gizarte-testuinguruetan esku-hartze eraginkorrak ahalbidetu.
1 iruzkina
[…] Kepa Erdozia Uriartek, hizkuntzalaritzan doktore eta EHUko irakasle eta Gogo Elebiduna ikerketa taldeko kideak, eta Miren Calvo Berriotxoak, Euskal ikasketetan graduatuak, Zientzia Kaiera atarian. […]