Airearen kutsadurari gainbegirada (II)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Artikulu-sorta honen lehen atalean aipatu genuen Europan 300.000 pertsona hiltzen direla urtero kutsaduraren eraginez, Europako Batzordearen arabera. Airearen kutsadurari dagokionez, Bruselak aire-kalitatearen mugak zorroztuko ditu 2030. urterako eta, gai horretan kokatuta egoteko, lan honen helburua da airearen kutsadurari gainbegirada orokorra ematea.

airearen
Irudia: airea kutsatzen duten iturri garrantzitsuenak ibilgailuen garraioa eta industria dira. (Argazkia: jplenio – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Aurreko atalean aipatu genuen moduan, airean dauden kutsatzaile nagusienak sei dira. Lehena materia partikulatua -PM edo Particulate Matter delakoa- da. Kutsatzailerik arriskutsuenetakoa da eta airean esekita dauden partikulek osatzen dute. Materia partikulatua tamainaren arabera sailkatzen da, eta horrela, PM10 partikulak 10 mikra baino txikiagoak diren partikulak dira, eta PM2,5 partikulak, aldiz, 2,5 mikra baino txikiagoak direnak. Bereizketa hori egitea garrantzitsua da; izan ere, esekitako partikulak zenbat eta txikiagoak izan, are arriskutsuagoak dira. Labur esanda, partikula txikienak gai dira geure organismoan urrutiago iristeko eta, hortaz, eragiten duten osasun-kaltea handiagoa da. PMak tantatxo likidoak zein partikula solidoak izan daitezke eta horietako asko kutsatzaileen arteko erreakzioen ondorioz sortutakoak dira. Materia partikulatua errautsak, keak, hautsak, alergenoek eta abarrek osatzen dute, eta jatorri naturala zein antropogenikoa izan dezake.

Bigarren kutsatzailea lurzoru mailako ozonoa edo ozono troposferikoa da. Gauza jakina da ozonoa beharrezkoa dela –ozono-geruzan, esaterako-, baina kaltegarria da ozonoa lurzoru mailan egotea. Ozonoa ez da zuzenean airera isurtzen; hain zuzen ere, troposferako smog kutsatzailean sortzen da, beste kutsatzaileen arteko elkarrekintzari esker. Oro har, nitrogenoaren oxidoak eta konposatu organiko lurrunkorrak -VOCs edo Volatile Organic Compounds- dira ozonoaren sorkuntzaren erantzule nagusienak. Ozonoa kaltegarria da landareentzat, haien hazkuntza moteltzen duelako eta, gainera, oso handia da ozonoaren mugikortasuna; beraz, erraz joan daiteke airean barreiatuta alde batetik bestera.

Hirugarren lekuan karbono monoxidoa dago, erregai fosilen -nagusiki ikatzaren eta petrolioaren- errekuntza partzialaren kausaz sortzen dena. Karbono monoxidoa kaltegarria da osasunarentzat hemoglobinaren funtzio normala oztopatzen duelako, baina horretaz aparte, negutegi-efektuko gasa da eta klima-aldaketan eragiten ari da. Nitrogenoaren oxidoak ere, NOx direlakoak, kutsatzaile nagusiak dira eta lotura zuzena dute trafikoarekin. Ozonoaren eta beste hainbat kutsatzaileren aitzindariak dira, eta, beraz, nitrogenoaren oxidoen presentziak beste kutsatzaileak sortzea eragiten du. Bosgarren lekuan sufrearen oxidoak ditugu, SOx direlakoak. Nagusiena sufre dioxidoa da eta, oro har, industriarekin eta erregai fosilen errekuntzarekin lotzen da. Sufre dioxidoaren eta materia partikulatuaren arteko elkarrekintzatik beste hainbat kutsatzaile sor daitezke; besteak beste, euri azidoa sortzen duen azido sulfurikoa. Kutsatzaile nagusienen zerrenda itxiz, metal astunak ditugu, bereziki, beruna. Beruna baterietan, industrian, motorretan eta hondakinen errekuntzan aurki daiteke eta kalte handiak sortzen ditu ingurunean.

Euskadiko kasuan, kutsatzaile nagusienak jatorria zein sektoretan duten aztertu dute, eta horrela jakinarazi du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2030erako Euskadiko Airearen Kalitatearen Planarekin lotutako aurkezpenean. Datu horien iturri da, diotenez, Euskadiko partikulen, gas azidotzaileen eta ozono troposferikoaren aitzindarien emisioen inbentarioa (Ihobe, 2019). Emandako datuen arabera, NOX-en igorpena nagusiki ibilgailuen garraioarekin lotzen da -%55-. PM10 eta PM2,5 kutsatzaileen igorpena nagusiki industria-sektorearekin eta bizitegi-, merkataritza- eta erakunde-sektorearekin lotzen da -%33 eta %38, hurrenez hurren-. Karbono monoxidoaren igorpenaren zatirik garrantzitsuena industrian kokatzen da eta, azkenik, SOX-en igorpena energiaren sektorean dago. Datu positiboak emate aldera, esan behar da 2005. urtetik hona kutsatzaile nagusienen igorpena murriztu egin dela: PM2,5 %33, PM2,5 %37, CO %41, SO2 %60 eta NOx-ak %62.

Kutsatzaile nagusienen berrikuspen orokor hau baliagarria da Bruselatik etorriko diren irizpide berriak ulertzeko eta baita kutsatzaileen mapan modu egokiagoan kokatzeko. Behin gainbegiratu hau emanda, prest gaude kutsadura-iturri nagusiak zeintzuk diren aztertzeko, kutsadurari aurre egiteko bideak zeintzuk diren ulertzeko eta Euskadiko airearen kalitatearen egoera ezagutzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Manisaldis, Ioannis; Stavropoulou, Elisavet; Stavropoulos, Agathangelos; Bezirtzoglou, Eugenia (2020). Environmental and health impacts of air pollution: a review. Frontiers in Public Health, 8. DOI: 10.3389/fpubh.2020.00014


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.