Ozono-geruzaren zuloa, konpontzeko bidean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Sarritan arazoek bakarrik dute lekua hedabideetan, baina noizean behin ingurumenak ere albiste pozgarriak ekartzen dizkigu. 90eko hamarkadan ozono-zuloa kutsadurarekin lotutako gai nagusienen artean kokatzen bazen ere, azken urteotan ez dugu haren berri askorik jaso. Hala eta guztiz ere, berri onak ere aipatu behar dira. 1987an Montrealgo Protokoloa sinatu ostean, CFC gasen murrizketa handia lortu zen eta, pixkanaka, ozono-geruza berreskuratzen joan da. Duela gutxi jakinarazi denez, 2040. urterako konponduta egon litezke arazorik larrienak eta, 2066. urterako, berreskuratuta egon daiteke zulorik handiena, Antartikokokoa.

zuloa
Irudia: ozono-zuloaz edo ozono-geruzaren zuloaz hitz egiten den arren, zuloak baino, ozono-kontzentrazio baxuagoko eskualdeak dira. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Lehenik eta behin, koka gaitezen oinarrizko kontzeptuetan. Ozono-geruza Lurraren gainazaletik 15-35 km-ra dagoen geruza da. Ozonoz osaturiko geruza horrek Eguzkitik datozen izpi ultramoreetatik babesteko balio digu. Alabaina, kutsaduraren kausaz geruza ahultzen joan da azken hamarkadetan eta, horrela, ozono-zuloa edo ozono-geruzaren zuloa deitu izan dena agertu da. Ozono-zuloak, neurri batean, arriskuan jartzen du bizidunon gauzarik preziatuena, bizia, Lurraren azalean. Datuetara jotzen badugu, nabarmena da ozono-geruzaren eragina: geruza horrek Eguzkiak igortzen dituen frekuentzia handiko izpi ultramoreen % 97-98 inguru xurgatzen du. Ozono-geruza estratosferan dago eta ozono gasaren molekulez osatuta dago. Ozonoa hiru oxigeno atomoz osatutako molekula ezegonkorra da. Molekula ezegonkorra den arren, Eguzki izpi kaltegarrienak xurgatzeko gai da; hain zuzen ere, UV-B motako izpiak. Era berean, ozonoa sortzeko, ezinbestekoa da erradiazio ultramorea eta horrexegatik sor daiteke estratosferan.

Ozonoa kontzentrazio oso baxuan dagoen molekula da -airean dauden hamar milioi molekula bildu beharko lirateke ozono molekula bakarra lortzeko-. Hala ere, aipatutako arrazoiengatik, ezinbestekoa da ozonoaren funtzioa. Molekula horrek hain beharrezkoa dugun babesa ematen digun arren, dena ez da atsegingarria Kimikaren munduan. Gizakiak sortu duen prozesu zein produktu bakoitzak arrisku bat du eta, arrisku horiek hartu gabe, ez geundeke orain gauden lekuan. Kasu honetan, ozono-geruzak kalte handiak jasan zituen gizakiak sortutako produktu jakin batzuen ondorioz, hasiera batean aurreikusi ezin izan zen arren.

60ko hamarkadan, Antartikan ezohiko erradiazio ultramoreak detektatzen hasi ziren zientzialariak. Fenomenoa udaberri guztietan errepikatzen zen eta, hasiera batean, ikertzaileak ez ziren gai izan azalpenik emateko. Alabaina, ikerketak egiten ziren neurrian, ozono-geruzaren kalteen arrazoia zein zen aurkitu zuten: kloro-atomo erradikalek ozonoaren deskonposaketa katalizatzen zuten eta hori zen ozono-kontzentrazioen murrizketaren eragilea. Ozonoaren sintesi- eta deskonposaketa-erreakzioaren azalpenak izan zuen garrantziaren erakuslea da 1995eko Kimikako Nobel saria; hain zuzen ere, horrexegatik jaso baitzuten Crutzen, Molina eta Rowland zientzialariek.

Kloro atomoak estratosferara nola iritsi ziren ikertuz, klorofluorokarbono gasak agertu ziren. Klorofluorokarbonoak, CFC deiturikoak, askotariko gas taldea dira, industrian hainbat erabilera dituztenak. Besteak beste, aerosolen propultsatzaile gisa erabiltzen dira -espraietan- eta baita hozte-sistemetan ere. Hozkailuetan, izozkailuetan eta aire girotuko makinetan ohikoak ziren CFC gasak. Ozonoa suntsitzen zuten substantziak identifikatu ostean, 1987ko Montrealgo Protokoloan debekatu egin ziren CFCak, haien erabilera murrizteko -1989an sartu zen indarrean debekua-. Horren ondorioz, 1990eko hamarkadan oso ohikoa zen produktu baten salmentak areagotzeko CFCrik gabekoa zela esatea.

Bada, duela gutxi zientzalariek berretsi duten moduan, garai hartan hartutako erabakiek ondorio nabarmenak izan dituzte. 2005. urteko artikuluetan etorkizuna argi ikusten ez zen arren, ozono-geruzaren zuloa murrizten joan da eta ozono kontzentrazioak pixkana berreskuratzen ari dira. Hain zuzen ere, duela gutxi adituek aipatu duten bezala, 2040rako berreskuratu egingo da ozono-geruza munduko leku gehienetan. Artikoan 2045. urterako berreskuratuko dela pentsatzen da eta Antartikan, aldiz, 2066. urterako.

Kasu honetan epe luzean ikusi dira Montrealgo Protokoloaren emaitzak, baina, protokolo hori sinatu eta 35 urtera, esan dezakegu konpontzeko bidean dela ozono-zuloa. Ozono-geruza guztiz berreskuratzea onuragarria izango da, gainera, klima-aldaketan. Hain zuzen ere, Lurraren tenperaturaren 0,5 ºC-ko igoera saihestu ahal izango dela aurreikusten da. Kontzeptuak argitze aldera, hori bai, azpimarratu behar da klima-aldaketa ez dela ozono-geruzaren zuloaren ondorioa. Edozein kasutan berri ezin hobea da; izan ere, gaur egun badakigu ozono-geruzaren zuloa areagotzen duten substantzia kimikoen debekuari esker, haien kopurua % 99 murriztu dela 1989. urtetik. Hala ere, oraindik bada CFC gasen isurian tranpetan ari denik ere, Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu zuen bezala.

Gizateriak dituen arazoak ugariak dira eta ozono-geruzaren arazoa konpontzeko bidean dagoela ia ez da aipatu hedabideetan, baina oso lorpen garrantzitsua da. Berri ona litzateke hori eta, gainera, hori froga argia da azpimarratzeko gizateriak hartzen dituen erabaki batzuek ondorio onuragarriak eta nabarmenak dituztela ingurumenean, emaitzak epe luzera ikusi arren.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.