Norbait tranpetan ari da CFC gasen isuriekin, eta Txinari bota diote errua

Juanma Gallego

Montrealgo Protokoloak klorofluorokarbonoen ekoizpena debekatu zuen arren, azken urteetan gas horien isuri berriak atzeman dira. Zientzialari talde batek gas horien arrastoa jarraitu du, eta jatorri bat identifikatzeko gai izan dira: Txinaren ipar-ekialdea.

1. irudia: Hawaiiko Mauna Loa behatokian aurkitu dute CFC gasen beherapena moteldu dela eta orain mundu osoan zehar barreiatutako behatoki sare bati esker ikertzaileak gai izan dira isurien jatorria argitzeko. (Argazkia: NOAA).

Ilea urdintzen hasia dutenek ondo gogoratuko dituzte 1990eko hamarkadaren erdialdean udako euliak hiltzeko erabiltzen ziren intsektizida pote handi horietan pixkanaka agertzen hasi ziren hitzak: “CFCrik gabe”. Garai horren bueltan ere zabaltzen hasi ziren fosfatorik gabeko detergenteak, ingurumenari buruzko kezka zabaltzen zihoan heinean, enpresek ere haien produktuak olatu horretara egokitzeko beharra ikusten zuten seinale.

Ez zen kosmetika hutsa. Bi hamarkada lehenago hasia zen CFC gasen inguruko kezka, eta klorofluorokarbono hitza telebista albistegietan eta egunkarietan agertzen hasi ziren, Hego Poloan orain vintage kutsukoak iruditzen zaizkigun irudien bitartez marraztutako orban gorri batekin lagunduta. Hain izen luzea zuen zera horiek ozono geruza txikitzen ari ziren, eta hori ez zen batere dibertigarria izango, batez ere latitude horietatik gertuago bizi ziren lagunentzat. Jakina da ozono geruzak Eguzkitik datozen izpi ultramoreengandik babesten gaituela.

Bereziki kloroa da ozonoaren galeraren erantzule, eta CFC isuriak direla eta atmosferako kloro mailak bost aldiz handiagoak zirela kalkulatu zuten ikertzaileek. Kloroak kate-erreakzioa eragiten du atmosferan, eta atomo bakoitzak 100.000 ozono molekula apurtzeko gaitasuna du. Bereziki eraginkorra da tenperatura baxuetan, -43 gradu zentigradoen muga pasata. Horregatik ozono geruza Hego Poloaren inguruan hasi zen, bertan estratosfera -62 gradu zentigradoren bueltan dagoelako.

Pixkanaka gaia nazioarteko instituzioen agendan sartu zen, eta 1987an, CFC gasen arriskuaz ohartuta, 24 herrialdek Montrealgo Protokoloa sinatu zuten, mendearen amaierarako gas horien isuria erdira mugatzeko asmoarekin. Baina zientzia ebidentziak pilatuz zihoazen heinean, berehala ikusi zen helburu hori ez zela nahikoa, bueltarik gabeko kalteak ekidin nahi baziren bederen. Pixkanaka herrialde gehiago batu ziren akordiora, baina, ohi bezala, desadostasunak egon ziren garapen bidean zeuden herrialdeekin. Txinak eta beste hainbat herrialdek hamar urteko luzapena eskatu zuten, beti ere ordezko produktuei sarbide erraza eta merkea bermatzen bazitzaien. Halaxe egin zen eta, teorian, Nazio Batuetako herrialde gehienak akordioaren baitan daude gaur egun. Azkenean, luzapenaren amaierako urtea 2010 izan zen.

Haren arrakasta dela eta, Montrealgo Protokoloa akordio handietarako eredutzat jarri izan da, bereziki berotegi efektuko gasen isurien aferan. Aurrekoa ikusita, beraz, gaur egun ez dago CFC gasak ekoizten dituen herrialderik. Datuek, baina, ez dute hori esaten. Lehen alarmak iaz piztu ziren: 2018ko maiatzean, Mauna Loa behatokian (Hawaii, AEB) egindako neurketek ezustekoa eman zuten, orduan ikusi baitzen 2013. urtetik aurrera gas horien isuriak gora zihoazela berriz ere, bereziki ipar hemisferioan, atmosferan gas horien pilaketaren gutxitze erritmoak moteltzen hasiak zirelako.

Horien jatorria Asiaren ekialdean zeudela uste zen orduan, baina, garaiko datuekin, ezinezkoa izan zen kontua gehiago zehaztea. Askok berehala pentsatu zuten jatorria Txina izan behar zela, are gehiago kontuan izanda herrialdek duen gihar industriala eta ingurumen kontuetan Txinako agintariek erakutsi ohi duten sekretismoa.

2. irudia: Gosan (Hego Korea) eta Hateruma (Japonia) behatokietan egiaztatu ahal izan dute Txinako ipar-ekialdean dagoela CFC-11 gasen isurien gorakada. (Irudia: Nature)

Datu gehiago eskuratzeari ekin zioten, eta orain eman dituzte emaitzak: Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, Txinan ozono geruzaren zuloaren eragile nagusi diren CFC gasen isuria mantentzen ari dira, modu ezkutuan. Zehazki, Shandong eta Hebei eskualdeetan lokalizatu dute gas horien jatorria, Txinaren ipar-ekialdean, baina Shanghain ere egiaztatu ahal izan dituzte isuri txikiagoak.

CFC-11 motako klorofluorokarbonoa da atzeman dutena. Zenbaki gordinei begira, 2008-2012 tartean 64.000 tona CFC-11 isuri dira mundu osoan, eta 2014-2017 tartean, berriz, 75.000-80.000 tona inguru. Beraz, eta teorian horien ekoizpena debekatuta egon arren, AGAGE Atmosferako Gasei buruzko Esperimentu Global Aurreratua izeneko esperimentuaren bitartez zientzialariek kalkulatu dute urtero 13.000 tona CFC-11 gas gehiago isuri direla munduan; ondorioztatu dutenez, horietatik 7.000 tona inguruk Txinan izan dute sorburua, modu ziurrean.

Azalpen bakarra

Oro har, isuri horien jatorria bereziki hozkailuen birziklapenean egindako akatsetan eta etxebizitzen eraisteetan dagoela uste dute, baina arrazoi horiek ez omen dute azaltzen Txinan horrenbeste isuri egon izana: horregatik uste dute produktu horren ekoizpen aktiboa dagoela bertan. Ezin izan dute zehaztu nondik etorri diren gainerako 6.000 tonak, baina iradoki dute Txinaren ekarpena are handiagoa izan daitekeela, kontuan izanda marjina handiarekin egin dituztela neurketak. Bigarren aukera moduan AGAGE sareak ondo monitorizatuta ez dituen eremuetan egon daitekeela gainerako gasi horien jatorria, hala nola Asian, Afrikan edo Hego Ameriketan.

Hain salaketa larria egin baino lehen, bestelako azalpenak bilatu dituzte. Hasierako galdera agerikoa izan da, are gehiago lur-sistemaren funtzionamendu konplexua ezagututa: posible litzateke isuri horien jatorria debekua hasi baino lehenagokoa izatea? Aukera hori aztertu dute, baina egoera azaltzeko orduan ez zaie baliagarria suertatu. “CFC-11 batez ere apar-eragile gisa erabili izan da. Horregatik, 2010 baino lehen eraikinetan edo hozkailuetan erabili izan ziren CFC-11 gasen kopuruei erreparatu genien, baina ikusi genuen kopuruak oso txikiak zirela duela gutxi izan den gorakada hau azaltzeko”, adierazi du prentsa ohar batean Bristolgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) Matt Rigby kimikariak. Bestetik, egiaztatu dute ere isurien jatorria ez datorrela bat populazioaren banaketarekin, eta horrek ekoizpen aktiboaren ideia berretsi die.

Debekua jaso baino lehen, CFC-11 gasak material isolagarriak egiteko erabiltzen ziren. Bereziki poliuretanoaren apar-eragile gisa erabili izan da, horren bidez lortzen baita isolatze termiko bikaina den materiala, eta oso arina, gainera. Hozkailuetan ere erabiltzen zen, eta baita mota guztietako aerosoletan, produktuaren atomizazioa eragiteko. Eraikuntza izan da beste erabilpen arlo klasiko bat, eta, lehen ikusi dugun moduan, ikertzaileek uste dute bereziki eraikuntzan erabiltzen diren isolagarriak sortzeko ekoizten direla Txinako gasak.

Ikerketa aurrera eramateko, munduan barreiatutako neurgailuak baliatu dituzte, baina bilaketa fintzeko bereziki baliagarria izan zaie Hego Koreako eta Japoniako ikertzaileen laguntza, horiek eman dituztelako Gosan (Hego Korea) eta Hateruma (Japonia) estazioen datuak. Jasotako datu gordinak atmosferaren zirkulazioaren simulazioekin alderatu dituzte, ordenagailu bidez.

Montrealgo Protokoloa sinatu zen garaiko aurreikuspenen arabera, 2050. urterako konponduta beharko luke zuloak, baina, ikusten ari denez, XXI. mendeko mundu globalean arras zaila da behin-betiko erabakiak ezartzea leku guztietan. Hori dela eta, zientzialariak beldur dira berreskurapenerako kalkulatutako data hori atzeratuko ote den.

Erreferentzia bibliografikoa:

Rigby, M. et al., (2019). Increase in CFC-11 emissions from eastern China based on atmospheric observations. Nature, 569, 546–550. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-019-1193-4

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #258 - Zientzia Kaiera

[…] Montrealgo Protokoloak klorofluorokarbonoen ekoizpena debekatu zuen arren, azken urteetan gas horien isuri berriak atzeman dira. Nondik datoz baina? Nature aldizkariak eman du erantzuna: Txinan ozono geruzaren zuloaren eragile nagusi diren CFC gasen isuria mantentzen ari dira, modu ezkutuan. Zehazki, Txinaren iparraldean atzeman dute. Informazio osoa, Zientzia Kaieran. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>