Alma Levant Hayden, minbiziaren aurkako sendagai faltsuei aurre egin zien kimikaria

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Minbiziarekin eta horren prebentzioarekin, detekzioarekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztia oso garrantzitsua da gaixotasun hori pairatzen duen edo beldur dion jende askorentzat. Eta, beraz, eskrupulurik ez dutenentzako erakargarria da oso, beldur eta kezka horiekin negozioa egin dezaketelako. Negozio horietan sartzen dira mota guztietako iruzurtiak, eta osasun agintaritzek ahal duten guztia egiten dute, edo egin behar lukete, hori geldiarazteko.

Alma Levant Hayden
1. irudia: Alma Levant Hayden aditua zen espektrofotometrian eta kromatografian, eta bi teknika horiek erabiltzen zituen sendagaiak eta substantziak aztertzeko. (Argazkia: NIH History Office – jabari publikoa. Iturria: Flickr)

Alma Jerlene Haydenek bizitzaren zati handi bat bideratu zuen horretara, eta Estatu Batuetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioak (FDA) 50eko eta 60ko hamarkadetan agentziaren analisi gaitasunaren bultzadako ezinbesteko figuratzat aitortzen du gaur egun ere. Aditua zen espektrofotometrian eta kromatografian. Bi teknika horien bidez substantziak aztertzen dira mikroskopiako tresnen bidez, eta Haydenek sendagaiak eta substantziak aztertzeko erabili zituen, agentziak benetako efikazia zuten tratamenduak kontrolatu eta baimentzeko lanetan, hala nola, minbiziaren kontrakoetan.

Zehazki, Haydenek lan gogoangarria egin zuen minbizia sendatzea agintzen zuten sasisendagaien aurka; tamalez, gaur egun ere aurre egin beharreko borroka dena. 1963ko irailean, likidoz beteriko anpoila misteriotsu batzuk aztertu zituen. Haren sustatzaileen arabera, anpoilak minbizia arin eta guztiz sendatzeko gai zen produktu bat zeraman. Hala ere, uko egiten zioten sendagai miraritsua zer substantziaz osatzen zen argitzera. Haydenen lana hori deskubritzea zen.

Eta, misterioa deskubritzeaz gain, beharrezkoak ziren frogak lortuta, agentziaren izenean testifikatu zuen benetan ezer sendatzen ez zuen sendagai horren sortzaile eta sustatzaileen aurkako epaiketa kriminalean. Haydenen karrera osoa osasun publikoa babestu eta sustatzeko ebidentzia zientifikoa erabiltzean oinarritu zen, eta kontatu dugun istorioa horren adierazle argia da.

Kimikarekiko bat-bateko maitasuna

Alma Jerlene LeVant —hori zen bere familiaren abizena— 1927ko martxoaren 30ean jaio zen Greenvillen (Hego Carolina). Hasiera batean erizaina izan nahi zuen, baina unibertsitatean kimika ezagutu eta bat-bateko interesa izan zuen harekiko, eta ezin izan zen bide horretatik aldendu. Lehendabizi South Carolina State College-en ikasi zuen, gazte beltzen hezkuntzaren erakunde historikoan, non goraipamenekin graduatu baitzen 1947an. Ondoren, Kimikako lizentziatura egin zuen Howard Unibertsitatean; bertan ikasi zituen analisi kimikoko teknikak, Lloyd Noel Ferguson nobel saridunaren eskutik. Ferguson ezaguna zen, halaber, ikasle beltzen aukerak sustatzeko egiten zuen lanagatik. 1949ko ekainean masterra amaitu ostean, Fergusonekin egin zuen lan beste bi urtez, zeinetan eskarmentua eta ezagutzak bildu baitzituen infragorrien espektroskopiaren erabileran.

Ondoren, lanpostu bat eskuratu zuen, aurrena kimikari organiko gisa eta gero esteroideetako kimikari gisa, Gaixotasun Artritiko eta Metabolikoen Institutu Nazionalean. Eta hantxe puntako teknologia erabili zuen giza gorputzak eta haren analogo sintetikoek sortutako substantzia kimiko organikoak aztertzeko, gaixotasun horietarako sendabideak eta sendagaiak bilatzeko.

Teknika horietako bat paper kromatografia izan zen. Teknika horretan, aztergai den substantziaren tanta batzuk jartzen dira paper mota berezi batean, eta paper hori bertikalean jartzen da tantek paper osoa busti dezaten, beherantz; eta, ondoren, substantzia erreaktibo jakin batzuekin zipriztintzen da. Substantzia bakoitza abiadura ezberdinean mugitzen da paperean zehar, masaren eta biskositatearen arabera, eta kolore ezberdinekin erreakzionatzen du zipriztindutako likidoekiko. Horri esker, ikertzaileek hainbat ezaugarri zehaztu ditzakete, eta, horrekin batera, aztergai den substantzia identifikatu.

Alma Levant Hayden
2. irudia: Alma Levant Hayden -ek lanpostu bat eskuratu zuen, aurrena kimikari organiko gisa eta gero esteroideetako kimikari gisa, Gaixotasun Artritiko eta Metabolikoen Institutu Nazionalean. (Argazkia: Jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

1952an, teknika horren asmatzaileek Kimikako Nobel saria irabazi zuten. Hayden bezalako kimikariek maiz erabiltzen zuten teknika hori osagai farmazeutikoak identifikatzeko edo elikagaietan adulteratzaileak detektatzeko.

Kimika analitikoko teknika modernoak FDArentzat

Hori izan zen Haydenek FDAn erabili eta hobetzen lagundu zuen tekniketako bat, baina ez bakarra. Espektofotometria izeneko beste prozesu batean ere izan zen aditu. Teknika horretan ekipo berezi bat erabiltzen da substantziek xurgatzen dituzten erradiazio elektromagnetikoak ikusteko, eta, horrela, identifikatu ahal dira. Izan ere, elementu kimiko bakoitzak espektro elektromagnetikoaren zati jakin bat xurgatzen du, eta hori ezaguna da. 40ko hamarkadan metodo hori garatu zenean, analisi kimikoko prozesua hainbat aste iraun eta % 25eko igartze maila izatetik, minutu gutxi batzuk besterik ez iraun eta emaitzetan % 99,99ko igartze maila izatera igaro zen.

50eko hamarkadaren erdialdean, FDAk espektrofotometria eta kromatografiako ekipo modernoak zituen, horiek baitziren analisi kimikoko teknikarik garrantzitsu eta efikazenak une hartan. Eta Haydenen ezagutza adituak izan ziren, neurri handi batean, agentziari ahalbidetu ziotenak horiek kontrolatzen eta arautzen.

1956an, analista kimiko gisa hasi zen lanean kimika farmazeutikoko atalean, non infragorrien espektroskopian zeukan abilezia oso lagungarri suertatu zitzaion sendagaietan adulteratzaileak identifikatzeko. 60ko hamarkada hasi zenerako, 17 artikulu argitaratu zituen jada gai horri buruz.

1963ko maiatzean, espektrofotometria adarreko zuzendari izendatu zuten. Sei hilabete lehenago, Estatu Batuetako Kongresuak zuzenketa bat gehitu zion Elikagai, Sendagai eta Kosmetikoen Lege Federalari, zeinetan aldaketa handiak ezartzen baitziren sendagaien arauketan. Besteak beste, prozesu berriak bete behar ziren farmako berrien ikerketa klinikorako, baita estandar zorrotzak ere horiek herrialdean merkaturatzeko ere. Industria farmazeutikoak sendagaien segurtasuna frogatzeaz gain, horien efikazia ere erakutsi behar zuen. Horrez gain, herrialdean jada saltzen ziren sendagaiek FDAren azterketa prozeduraren pean jarri behar ziren.

Krebiozen kasua

Zuzenketa hori onartu eta handik gutxira, sendagai horietako bat ikertzeko aplikazio bat aurkeztu zen, FDAk eszeptizismo handiz hartu zuena. Egiteko modutik hasi eta jabeek eman nahi zioten erabilerara eta banatzeko modura arte, itxura txarra zuen. Agentziak ikerketa bat abiarazi zuen, eta, neurri handi batean, Haydenen lanaren menpekoa zen.

Farmakoa Krebiozen deitzen zen, eta Estatu Batuetan 1950ean sartu zuten Jugoslaviako emigratzaileak ziren Durovic anaiek. Esaten zutenaren arabera, minbizia sendatzeko sendabidea zen, zaldi odoletik abiatuta eginiko serum batekin eginikoa, zeinak tumoreekiko erresistentzia naturala baitzuen. Andrew Ivyk produktu hori babestu zuen, eta horrek ospea eta errespetua eman zion. Izan ere, Ivy minbiziaren arloko ikertzaile ospetsua zen, Minbiziari buruzko Aholku Kontseilu Nazionaleko zuzendari izandakoa, bai eta gizakiekin eginiko esperimentazioaren arloko etikari buruzko Nurembergeko Kodearen egileetako bat ere. Dozenaka pertsonak jaso zuten Krebiozen bidezko tratamendua, horretarako ehundaka dolar ordainduta, nahiz eta oso informazio gutxi zegoen farmakoaren konposizioari edo benetako efektuei buruz.

Alma Levant Hayden
3. irudia: Krebiozen medikamentuak minbiziaren aurka zuen elementu miraritsua kreatina zen, animalietan oso ohikoa den proteina bat. (Argazkia: Ron Grossman – Copyright lizentziapean. Iturria: Chicago Tribune)

Legean izandako aldaketen eta substantziaren jabeek aplikazioa aurkeztu ondoren, FDAk ikerketa bat abiarazi zuen Minbiziaren Institutu Nazionalean eskuratutako lagun bat erabilita. Soilik askotan eskatu ondoren bidali zuten jabeek Krebiozenen gramo bat. Hayden lanpostuan hasi berria zen, eta hark zuzendu zuen lagin horiek infragorrien espektrofotometria bidez analizatu zituen taldea.

Emaitzen adierazten zuten substantziak odolean dagoen aminoazido bat zeukala. Hortaz, Haydenek taldeko ikertzaile bati eskatu zion 20.000 kromatogramaren arteko bilduma batean bila zezala produktuan aurkitutako substantziarekin bat zetozena. Eta lortu zuen. Minbiziaren aurkako elementu miraritsua kreatina zen, animalietan oso ohikoa den proteina bat. Garai hartan Krebiozen bidezko tratamendua jaso zuten pertsonen 500 bat kasu aztertu dituzten duela gutxiko ikerketen arabera, “ezinezkoa da ulertzea nola kreatina dosi minimoak lagungarriak izan daitezkeen minbizia tratatzeko”.

Orduan, FDAk Durovic anaiak eta Ivy salatu zituen, eta sendagaien arauketa federalaren aurkako 49 delitu egotzi zizkieten, onartu gabeko sendagai bat merkaturatzea, FDAri adierazpen faltsuak egitea, adulterazioa eta iruzurra barne. Oso kasu polemikoa izan zen, sendagaia oso ezaguna zelako, eta horren propietateetan sinesten zuten paziente eta familiek defendatu zutelako.

Hayden lekukoetako bat izan zen, eta Krebiozen kreatina zela eta benetan minbiziaren aurkako efekturik ez zuela frogatzeko ebidentzia zientifikoa aurkeztu zuen. Hala ere, akusatuen defentsak bere alde baliatu zuen kasuaren konplexutasun zientifikoa eta epaimahaiak errugabe deklara zitzala lortu zuen. Aurrerago, epaimahai horretako kideetako bat kartzelara bidali zuten men ez egiteagatik, frogatu zenean Krebiozenen aldeko propagandaren eraginpean zegoela irizpenerako botoa eman zuenean.

Haydenek oso karrera emankorra izan zuen, baina bere izena, batez ere, Krebiozen kasuari dago lotuta, osasun publikoa defendatzearen aldeko bere bokazioaren eta abilezia zientifikoaren adibidea baita. Tragikoki ironikoa da jakitea Alma Levant Hayden bera minbiziagatik hil zela urte bat beranduago, soilik 40 urte zituela.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 12an: Alma Levant Hayden, la química analítica que plantó cara a los vendedores de falsos remedios contra el cáncer.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.