Metaforak interpretatzeko gaitasuna 6 urterekin garatzen da erabat

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Isabel Martínek 3 eta 9 urte bitarteko adingabeen metaforak interpretatzeko gaitasuna aztertu du, eta ondorioztatu du 6 urterekin ulertzen dituztela erabat. Adin txikiagoetan badute nolabaiteko intuizioa irudizko adierei antzemateko, baina haien gaitasuna ez dago erabat garatuta. Ondorio horiek lortzeko modu berriak erabili ditu, irudiak hautatzeko metodologiak eta begi-mugimenduen jarraipena egitekoak konbinatuta.

UPV/EHUko Lindy Lab ikerketa-taldeak 3 eta 9 urte bitarteko 80 haurrekin egindako azterlan batek ondorioztatu du metaforen erabateko interpretazioa 6 urtetik aurrera lortzen dela. Hala eta guztiz ere, emaitzek adierazten dute esanahi ez-literalei antzemateko gaitasuna lehenago hasten dela garatzen. “Ikusi da adin txikiagoetan irudizko hizkuntza nolabait atzematen dutela, baina ez dute menderatzen eta gaitasun mugatua dute. Sei urterekin ondo identifikatzen dute haren esanahia, eta badirudi aurrerago, 10 urte inguru dituztenean, metaforak azaltzeko gai direla” argitu du ikerketaren egilea den Isabel Martínek. Ikerketaren emaitzek doktoregaia egiten ari den tesia argitzen lagundu dezakete. Tesiak hizkuntza metaforikoaren ulermena aztertzen du garapen tipikoa duten eta autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonetan, eta haren helburua da bi taldeetan gertatzen dena alderatzea eta autismoa duten pertsonen adimena hobeto ulertzea.

metaforak
Irudia: ikerketan erabilitako irudi baten adibidea. (Iturria: Martín-Gonzalez, Isabel et. al.)

Martínek azaldu duenez, ikerketa berritzaile bat baliatu dute aipatutako ondorioetara iristeko: “Psikologia esperimentaleko eta psikolinguistikoko joera metodologiko berri bat abiarazi dugu, eta, horri esker, dagoeneko existitzen diren lanek baino ondorio ñabarduraz osatuagoak atera ahal izan ditugu”. Izan ere, esan beharra dago gai hori aztertu duten hainbat ikerketa daudela aurretik, baina haien emaitzak askotarikoak dira. UPV/EHUko taldeak informazio osatuagoarekin aberastu du eztabaida zientifikoa, bi metodologia desberdin konbinatu baititu aurretik egin ez zen moduan.

Alde batetik, irudiak hautatzeko metodologia erabili dute. Hala, esperimentu bat egin dute, zeinetan haur bakoitzak metafora bat diktatzen duen audio bat entzuten baitu (adibidez: “Matxinsaltoek jauzi handia egiten dute; ume hori matxinsalto bat da”) eta, aldi berean, lau irudi ikusten dituzte (haur bat saltoka, haur bat korrika, kakalardo bat eta matxinsalto bat saltoka). Orduan, parte-hartzaileek entzun duten mezua irudikatzen duen marrazkia aukeratu behar dute (haurra saltoka). “Metodologia horri esker jakin ahal izan dugu 6 urteko parte-hartzaileek ulertzen dituztela irudizko esanahiak, adin horretan ikusten baita argi eta garbi irudikapen egokia aukeratzen dutela”, dio ikertzaileak.

Infragorrien kamera emaitzak ñabarduraz osatzeko

Hala ere, irudien aukeraketak ez du argitzen nola prozesatu dituen parte-hartzaile bakoitzak mezuak eta zer neurritan aurreikusi dituen beste aukera batzuk. Xehetasun horiek ezagutzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-taldeak planteatutako ariketa bakoitza baliatu du haien begi-mugimenduak aztertzeko.

Irudiak ikusten, entzumen-estimulua entzuten eta behin betiko marrazkia aukeratzen duten bitartean, infragorrien kamera batek begien desplazamenduak neurtzen ditu; bai sakadikoak (begi-globoaren mugimendu azkarrak eta begi hutsez hauteman ezin direnak), bai ibilbideak eta irudi bakoitzean egindako finkapenak. Isabel Martínek azaldu duenez, datu horiek aukera ematen dute ikusi eta entzun dutena nola prozesatu duten jakiteko: “Kamerak begiak irudi batetik bestera nola mugitu diren atzematen du, eta parte-hartzaileek zuzentzat jotzen duten marrazkia aukeratu aurretik haien buruen barruan gertatzen ari denari buruzko informazioa ematen digu: zailtasunak izan dituzten, zein aukeraren artean egin duten zalantza… Izan ere, azkenean hautatzen duten irudia erabaki baten emaitza da eta prozesu oso bat burutu du”. Begi-mugimenduen erregistroak aukera ematen die prozesu horretara hurbiltzeko eta lortutako emaitzei ñabardurak emateko, irudien hautaketaren bidez.

Hain zuzen ere, bi metodologien konbinazioari esker jakin ahal izan dute 6 urtetik beherako haurrek metaforak argi interpretatzen ez badituzte ere, gutxiagotan aukeratzen dutelako irudi zuzena, badutela nolabaiteko intuizioa irudizko esanahiak detektatzeko. Izan ere, begien jarraipenaren bidez antzeman ahal izan dute zalantza egin dutela marrazkia aukeratzeko orduan. “Esaldiak zer esan nahi duen oso argi dutenean, ez diote buelta gehiagorik ematen, eta beren ustez zuzena den aukeran jartzen dituzte begiak. Baina zalantzak dituztenean, beste leku batzuetara begiratzen dute. Eta hori da atzeman duguna adin txikiko haurretan”, zehaztu du ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Metaforak interpretatzeko gaitasuna 6 urterekin garatzen da erabat UPV/EHUko ikerketa baten arabera

Erreferentzia bibliografikoa:

Martín-González, Isabel; Ronderos, Camilo R.; Castroviejo, Elena; Schroeder, Kristen; Lossius-Falkum, Ingrid; Vicente, Agustín (2024). That kid is a grasshopper! Metaphor development from 3 to 9 years of age. Journal of Child Language. DOI: 10.1017/S0305000924000187

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.