Mundu mailako surf-olatuak: klima-aldaketaren aurkako babes-figurak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Azken urteetan hainbat ikerketak frogatu egin dituzte itsaso-uhin hauen inguruan sortzen diren komunitateek bertako ekosistema eta habitat aberatsetan dituzten ondorio positiboak. Berriki, Conservation Science and Practice aldizkarian argitaratutako artikulu batek azaldu du olatu hauek atmosferaren osasunean duten garrantzia. Izan ere, itsas-uhin horien inguruneak karbono-biltegi berreskuraezinez osatuta daudenez, funtsezkoak izan litezke karbono dioxidoaren kontzentrazioa murrizteko.

Pasa dira jada hainbat urte Mundakako olatu ospetsua guztiz desagertzeko arriskuan egon zenetik. Garai hartan, duela 20 urte, Urdaibai itsasadarraren ibilbidea guztiz eraldatu zuen egun arte egindako dragatzerik handienak (287.000 m³). Prozesu horrek olatu ospetsua suntsitu zuen eta, horrez gain, Euskadiko biosfera-erreserba bakarraren ekosistema kaltetu.

Mundu mailako
1. irudia: Urdaibai itsasadarraren bokalean kokatzen da Mundakako mundu mailako ezker-olatu ospetsua. (Argazkia: Gaizka Peñafiel – CC BY-NC 2.0 lizentziapean. Iturria: Flicker)

Itsasadarreko ekosistemak biodibertsitate anitzeko eremuak dira eta ongizate sozial, ekonomiko eta kulturala ekartzen diete komunitateei. Klima-aldaketaren eta giza ekintzaren ondorioz, ingurune hauek geroz eta arrisku gehiagori egin behar diote aurre. Horiek horrela, azken hamarkadetan izan diren gobernuek hainbat ingurumen arloko babes-figura erabili dituzte eremu hauetako espezie, habitat eta ekosistemak babesteko. Hala ere, Urdaibairen kasuan ikus daitekeen bezala (Biosfera Erreserba 1984 urtetik eta egun Guggenheim museoaren hedapen-proiektu baten mehatxupean), ingurumenarentzako kaltegarriak diren proiektuek abian jarraitzen dute.

Surf-komunitateen onura ekologikoak

Azken urteetan, zenbait ikerketak ikertu egin dituzte jarduera antropozentrikoek mundu mailako olatuen ongizatean duten inpaktua eta, era berean, surfaren mugimendu soziokulturalak olatu hauen inguruko biodibertsitate eta ekosistemetan izan ditzakeen eragin positiboak. Ikuskapen hauen arabera, surf-ingurune hauen babes-mekanismo potentzialek kontserbazio-ikuspegi bat islatzen dute, surfa kulturalki balioztatutako jarduera gisa parekatzen duena, ingurune biofisiko zehatz batean gertatzen dena eta haren mendekoa dena 1,2,3.

Gainera, 2021ean, Dan Reineman-ek eta bere ikerketa taldeak, surf-olatu ospetsuen, babestutako itsas ekosistemen eta biodibertsitate anitzeko eremuen arteko gainjartzearen ikerketa espaziala egin zuten. Ikerketa honen arabera, azterturiko olatuen % 25 (969) eremu hauetatik oso gertu dauden arren (5km baino gutxiagora), ez dira ingurumen-babesguneetan sartzen eta, beraz, surf-olatuei lotutako figurek izan litzaketen babes- eta kontserbazio-neurriak ez dira guztiz baliatzen 4.

Baina mundu mailako surf-olatuak, biodibertsitate anitzeko ekosistemak zaintzeko baliabide interesgarriak izateaz gain, karbono-biltegi potentzialak ere badira. Jakob J. Bukoski ikertzaileak 2024 urtean argitaratutako ikerketa zientifikoan, karbono berreskuraezinaren lokalizazioak mundu mailako surf-olatuen ekosistemekin eta haien ingurukoekin konparatu zituen analisi espazial baten bitartez. Zehazki, azterketa sei datu-multzo globalen elkargune espazialetan oinarritzen da: olatuen kokapenak, kostaldeko arro hidrografikoak, biomasa/ekosistema motak, eremu babestuak, biodibertsitaterako funtsezko eremuak eta karbono-erreserba berreskuraezinak.

Karbono-erreserba edo karbono-dentsitate handiko eremuek karbonoa atmosferatik xurgatzeko eta biltegiratzeko gaitasun handiagoa erakusten dute bertara askatzeko baino. Ingurune hauetan pilatutako karbonoa galduz gero, 30 urte beharko lirateke maila berdina berreskuratzeko. Ikerlanean, Bukokskik eta bere taldekideek kostaldeko lehenengo 3 kilometroak aztertu zituzten; izan ere, itsasoko karbono-erreserbak lurzoru bentonikoetan daude batez ere, eta, ikertzaileen arabera, ez dute galtzeko arrisku handirik izango 1-3km-ko erradiotik kanpo 5.

Mundu mailako
2. irudia: J.J. Bukoski eta taldekideek erabilitako «olatu-ekosistemen» eremu geografikoen ilustrazioa. Surferako aproposak diren olatuetatik 1km, 2km eta 3km-ra kokatutako kostaldeko arro hidrografikoak jasotzen ditu. (Iturria: Conservat Sci and Prac, 6 (9), 2024, DOI: 10.1111/csp2.13193)

Horrela, guztira 88,3 milioi tona metriko (Mt) karbono berreskuraezin identifikatu ziren 28,5 mila km2 surf-ekosistematan. Eremu hauek 3602 mundu-, goi-, erdi- eta behe-mailako surf-olatuen inguruan definitu ziren. Olatu-kategoria bakoitzean biltegiratutako karbono kantitatea alderatzean, emaitza hauek lortu zituzten ikertzaileek: karbonoaren % 95 (84,3 Mt erdi-, goi- eta mundu mailako surf-olatuen inguruan pilatzen da. Hala ere, zatirik handiena erdi mailako olatuen inguruetan aurkitzen den arren (% 57), mundu mailako olatu batzuk –100 Mg C/hektarea baino kontzentrazio handiagoa dutenak– karbono berreskuraezinaren dentsitate handiko eremuak dira. Nahiz eta surf-ekosistema hauek ekuatoretik urruntzean ugariagoak diren, latitudearekin baino orografiarekin eta beste alderdi ekologiko batzuekin du lotura zuzena eremu hauen presentziak. Horrela, ikertzaileek azaltzen dutenez, Ipar Amerikaren mendebaldeko zenbait baso dentsok karbono berreskuraezinaren kontzentrazio handiak erakusten dituzte.

Hala ere, ikerketa-lanaren ondorio nagusia ekosistema hauen babes-figuren hutsunea da: olatu hauen inguruan, soilik pilatutako karbono berreskuraezinaren % 20 (17,2 Mt) dago babestuta. Baina surf ekosistemekin alderatzean txarragoa da egoera; izan ere, kirol hau egiteko aproposak diren olatuen % 3 besterik ez da babestutako eremuetan sartzen.

Ikertzaileen hitzetan, “nahiz eta aztertutako eremuetan pilaturik den karbono kantitatea munduko emisio globalen proportzio txiki bat den (% 1), surf-ekosistemak kontserbatzea gero eta bide interesgarriagoa da tokiko komunitateei laguntzeko, biodibertsitatea kontserbatzeko eta, gure azterketak erakusten duen bezala, klimarako funtsezkoak diren karbono-erreserben babesa indartzeko”. Horrela, ikertzaileak mundu mailako surferako olatuak kontserbazio-aktibo gisa erabiltzeko potentziala aldarrikatzen du.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Bukoski, Jacob J.; Atkinson, Scott R.; Miller, Marissa Anne S.; Sancho-Gallegos, Diego A.; Arroyo, Mara; Koenig, Kellee; Reineman, Dan R.; Kittinger, John N. (2024). Co-occurrence of surf breaks and carbon-dense ecosystems suggests opportunities for coastal conservation. Conserv Sci Pract, 6 (9). DOI: 10.1111/csp2.13193
  • Reineman, Dan R.; Koenig, Kellee; Strong-Cvetich, Nik; Kittinger, John N. (2021). Conservation Opportunities Arise From the Co-Occurrence of Surfing and Key Biodiversity Areas. Front Mar Sci, 8. DOI: 10.3389/fmars.2021.663460
  • Arroyo, Mara; Levine, Arielle; Brenner, Ludge; Seingier, Georges; Leyva, Claudia; Espejel, Ileana (2020). Indicators to measure pressure, state, impact and responses of surf breaks: The case of Bahía de Todos Santos World Surfing Reserve. Ocean Coast Manag, 194. DOI: 10.1016/j.ocecoaman.2020.105252
  • Blum, Michael L.; Orbach, Michael K. (2021) First Steps at First Point: Protecting California Surf Breaks and the Malibu Historic District. Coastal Management, 49, 201–214. DOI: 10.1080/08920753.2021.1875392
  • Touron-Gardic, Grégoire; Failler, Pierre (2022). A bright future for wave reserves? Trends in Ecology & Evolucion, 37 (5), 385-388. DOI: 10.1016/j.tree.2022.02.006

Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.